Proiektuak

Adinmugi

Proiektua: adineko pertsonen prebentziorako, urrutiko errehabilitaziorako, coaching-erako eta jardueraren monitorizaziorako plataforma.

Adinekoek etxean duten autonomia eta bizi kalitatea sustatzearen garrantzia kontuan hartuta, Athlon-ek Adinberri telebista programa bultzatu eta haren garapenean parte hartu zuen. Orain, ariketa horiek pertsonalizatu nahi dira eta adineko pertsonak ariketa fisikoa egiten jarraitzera animatzen dituen entrenatzaile/fisioterapeuta bat egon dadin lortu nahi da. Teknikariak/fisioterapeutak egindako aurrerapenak monitorizatuko ditu ariketak pertsonalizatzeko.

HELBURUAK:

  1. Adinekoei tresna elebidun (gaztelania, euskara) erabilerrazak eskaintzea ariketa fisikoa telematikoki egin ahal izateko.
  2. Tresna hauek erabiltzea helburuak lortzeko ahalegina sustatzeko eta zahartze aktiboa eramateko eta etengabeko ariketa fisikoa egiteko motibazioa mantentzeko, erabiltzaileak duen aurrerapenen pertzepzioa eta motibazioa galdetegien bidez jasota eta hartara atxikidura hobetuta.
  3. Klinikoen eta langile teknikoen aldetiko jarraipena izatea ariketak ebaluatzeko, pertsonalizatzeko eta optimizatzeko.

Proiektuaren alderdi teknologikoan laguntzeko Vicomtech zentro teknologikoa azpikontratatuko da. Zentro hau teknologia aurreratuaren garapenean, baliozkotzean eta merkaturatzean espezializatuta dago, zehazki osasun elektronikoaren eta aplikazio biomedikoen alorrean. Adinmugi proiektuaren aplikazio eremua adinekoen etxeak dira, aplikazio erabilerraz eta oso intuitibo baten bidez, ariketa ulertzen eta egiten laguntzen duten ahots aginduak erabilita. Gainera, multimedia euskarriak ere egongo dira, hala nola jarduerak modu zehatz eta hurbilean azaltzeko bideoak.

LORTU NAHI DIREN INPAKTUAK

Athlon-ek zerbitzu berri bat garatu nahi du osasunaren arloan, ariketa fisikoa urrutiko moduan egiteko zerbitzu bat eskaintzeko, betiere profesionalen gainbegiratzearekin. Athlon bizkarreko kliniken erabiltzaileen kasuan izan ezik, bertan zerbitzu hau aurrez aurreko lanaren osagarri moduan eskainiko baita, amaierako erabiltzailea ez da izango Athlon-en bezeroa, eta negozio bide nagusia beste zentro, enpresa edo erakunde batzuei egindako salmentak izango dira. Negozio digital eskalagarria izanda eta gaztelaniadun herrialde guztietan fakturazioa sortzeko potentziala kontuan hartuta, proiektuaren fakturazio potentziala handia da eta, hasierako fasean, hiru lanpostu sortzeko aukera emango duela aurreikusi da.

Proiektuak partner teknologikoak beharko ditu zenbait alorretan, esaterako, informazioaren eta komunikazioaren teknologiak, adimen artifiziala edo errealitate areagotua. Ondorioz, proiektu honek Gipuzkoako enpresa ehunean inpaktu handia sortzeko gaitasuna du.

Informazio gehiago

ASKORA

Proiektua: metodologia berritzaile eta erreplikagarria sortzea espazio eta zerbitzu garaikideak diseinatzeko pertsona erdigunean jartzen duten jantoki eta zentro soziosanitarioetan.

Helburua da pertsona erdigunean jartzen duen elikaduraren eta arreta integralaren inguruko zerbitzu eredu berri bat sortzea, ikuspegi modernoago baterantz aurrera egiteko, eskubideak eta balioak oinarri hartuta eta mende honetako adineko pertsonetara egokituta. Lortu nahi dena da arretarako, antolakuntza eta gizarte harremanerako eta zentro bakoitzeko espazio espezifikoetarako eredu berriak diseinatu eta probatzea, erabiltzaileak eta hauen familiak erdigunean jarrita, lantokiko langileen autonomia areagotuta, motibazio handiagoa lortuta eta enpresa jardueraren jarraitasuna ahalbidetuta. Eredu horiek probatu egin behar dira erabiltzaileak zorion egoeran dauden inguruneetan, hala nola elikadurarekin lotutako espazioa eta garaiak. Bestalde, berrikuntza sustatu nahi da zentro gerontologikoetan mendekotasun egoeran dauden pertsonei eskaintzen zaizkien espazio eta zerbitzuetan. Proiektuak lagundu nahi du pertsona erdigunean jartzen duen arretaren filosofian oinarritutako zaintza eredu bat ezartzen, komunitate mailakoa dena eta prebentzioari lehentasuna ematen diona, arreta berezia jarrita analisi eta diagnostiko sistema berrietan, beharren detekzioan eta espazioen eta zerbitzuen ondorengo baterako sorreran.

HELBURU ZEHATZAK

  1. Batera eraikitzea arreta eredu berriak eta zentro bakoitzeko zerbitzu eta espazio espezifikoak, erabiltzaileen, familien, zentro gerontologikoen eta langileen artean.
  2. Lotura berriak sortzea guztion ongizatea bilatzen duten erritual berriekin.
  3. Zentro gerontologikoetan gertatzen den guztia bizitzea, sentitzea eta erabakitzea, bereziki elikadura garaiekin lotutako momentuetan (aurretik, bitartean eta ondoren).
  4. Batera sortzea jantoki espazio bizi eta malgua, partaidetzarako espazio berriekin.
  5. Esperientzia atseginak bizitzea jan aurretik, bitartean eta ondoren.

Elikadura aberats eta osasungarriaz gozatzea.

Informazio gehiago

Bitxikeriak

Proiektua: proiektu turistikoa, bizitza osoko ikaskuntzaren planteamenduarekin, tokiko konfinamendu eta deskonfinamendu momentuetan aplikatzeko egokia dena, adineko herritarrei zuzendua, zahartze aktibo baterako baliabideak eskaintzeko helburuarekin.

Proiektu honek eskari turistikoa sortu nahi du, adineko pertsonentzat espezifikoki diseinatutako jarduera turistikoen bitartez, eduki esanguratsu, aktibo eta motibatzaileekin. Horretarako, birtualki eman daitekeen ikastaro bat garatuko da, bidaia batekin amaituko dena. Bidaia trebakuntza birtual batekin hasiko da, ondoren Study Tour batekin osatuko dena, edo alderantziz: bisita erreal bat eskainiko da ondoren ikastaro birtual batekin osatzeko, hartara bizitako esperientzia are gehiago arakatuta, luzatuta eta beste era batera gozatuta.

Lankidetza estrategikoei esker aplikazio eremua munduko edozein tokitara zabaldu ahalko da: tokiko pertsonei zuzenduko zaie eta aire zabaleko jarduera gidatuak proposatuko zaizkie. Jarduera izango da ondorengo E-learning ikastarorako sarrera. Jarduera honekin mundu osoko adinekoen unibertsitateetako erabiltzaileengana iristea da helburua, Oniversity 3rd Age eta AIUTAri (Adinekoen Unibertsitateen Nazioarteko Elkartea) esker.  Ikastaro bat proposatuko zaie, jasotako prestakuntza aurrez aurreko jarduera gidatuekin osatzeko aukerarekin.

HELBURUAK:

  1. Eskari turistikoa sortzea, eduki esanguratsu, aktibo eta motibatzaileekin espezifikoki diseinatutako jarduerak eskainita, ondoren Study Tour batekin osatuko den trebakuntza birtual baten bidez, edo alderantziz.
  2. Zahartze aktiboan oinarritutako turismo jarduerak zabaldu eta indartzea, bizitza osoko ikaskuntzaren estrategiari esker.
  3. Formatu berri bat sortzea Gipuzkoako itsas-arrantza ondarea erabilita offline eta online jardueren eszenatoki moduan, Elkanoren eta Lurraren lehen itzuliaren 500. urteurrenaren bozgorailu mediatikoari onura aterata.

AURREIKUSITAKO EMAITZAK

  1. Enpresaren ikuspuntutik: (Begi Bistan) enpresaren urteko fakturazioa hobetzea eta merkatu hobi berri bat irekitzea.
  2. Amaierako erabiltzailearen ikuspuntutik: esperientzia positibo batekin zahartzeko aukera: ongizate fisikoa, psikikoa eta emozionala, pertsonen bizi kalitatea hobetzen duena.
  3. Proiektuaren ikuspuntutik: kalitate handiko ingurune teknologiko sendoa, unibertsitateekin MOOC formatuak egiteko aukera, ikastaroak, mintegiak, hitzaldi irisgarriagoak, merkatu zabalagoak. Nazioarteko ikastaroak, nazioarteko programa partekatuak (aurrez aurrekoak edo birtualak). Gipuzkoa eta Adinberri marken posizionamendua hobetzea.

Informazio gehiago

BIZIHOBE

BiziHobe proiektuaren helburua da proba pilotu bat egitea, adinekoen analisi molekular baten bitartez (analisi genetikoa, mikrobiomarena eta lipidomikoa), plan pertsonalizatua ezarri ahal izateko, bai elikadurari zein ariketa fisikoari dagokionez, zenbait gaitz eta gaixotasun izateko arriskua prebenituta eta kolektibo honen bizi kalitatea hobetuta. Horretarako, proiektuak KDNA Genomics S.L. eta Centro Médico Ikigaia S.L. enpresek osatutako partzuergo bat bildu du. Lehenengoa elikadura eta ariketa fisikoa indibidualizatzeko helburua duten analisi genetikoen, mikrobioma analisien eta analisi fisiologikoen erakunde garatzailea da, zerbitzu horiek kudeatzeko online plataformak (TIC) garatzeaz gain, eta bigarrena, aldiz, mintzaren lipidomikan espezializatutako zentroa da.

Etxeko banakako erabilerarako online plataforma bat garatu nahi da, arriskuak identifikatzeko eta arriskuei erantzuteko behar den ezaguera lortzeko datu ugari eskainiko dituena, hartara osasun arazo posibleei aurrea hartuta. 

Bizihobek metodo egituratu oso bat aurkezten du, hauek barne dituena:

  1. Pertsona bakoitzaren inguruan ahalik eta informazio gehien lortzeko elkarrizketa xehatua, galdetegi batzuen bitartez.
  2. Analisi kliniko arrunt bat eta markatzaile metabolikoen analisi kliniko bat, hesteetako mikrobiotaren azterketarekin batera, KDNAren eskutik.
  3. IKIGAIA osasun azterketa bat, arlo horretan aurrendaria den medikuntza zentroan, barne medikuntzako mediku baten zuzendaritzapean, osasunaren oinarrizko egoera, organismoaren egoera inflamatorioa eta adin biologikoa ebaluatzeko.
  4. Aurretiazko azterketek emandako emaitzetan oinarritutako balorazioa eta plan pertsonalizatua, nutrizioaren (metabolismoa: lipodomika+mikronutrizioa), mikrobiotaren, jarduera fisikoaren eta egoera emozionalaren alorretako adituen eskutik.

Informazio horrekin guztiarekin BiziHobek pertsona bakoitzaren azterketa holistikoa egingo du etorkizuneko gaixotasunen faktore sortzaileak prebenitzeko asmoarekin. Xedea ez da bizi itxaropena areagotzea, baizik eta bizi osasuntsuaren itxaropena areagotzea.

Informazio gehiago

Eldercook

PROIEKTUA: ELDERCOOK: Ahots agindu bidez lagundutako sukaldaritza mendeko kolektiboentzat. Adinekoen edo ikusmeneko desgaitasun edo desgaitasun psikomotor bat dutenen erabilerara egokitutako indukziozko bitrozeramika, laguntzaile birtualen ahots aginduen bitartez.

HELBURUA:

Eldercook proiektuaren helburua da adinekoen edo ikusmeneko desgaitasun edo desgaitasun psikomotor bat dutenen erabilerara egokitutako indukziozko bitrozeramika berritzaile bat garatzea, laguntzaile birtualen ahots aginduen bitartez.

Indukziozko bitrozeramika egokitu horrek laguntza emango dio adineko pertsonari janaria prestatzeko orduan eta, horretarako, bitrozeramika bera hodeiko plataforma batekin (on-cloud plataforma) konektatuta egongo da. Hiru osagai hauek, elkarrekin, potentzial handia izango dute erabiltzailearentzat sukaldean aritzeko momentuan, erabilera intuitibo eta segurua bermatuta.

Laguntzaile birtual baten, bitrozeramikaren eta on-cloud plataforman gordetako datu base baten arteko konektibitateari esker, erabiltzailearen agindu erraz batek abian jarriko ditu zenbait agindu konplexuago bitrozeramikan. Esaterako, erabiltzaileak pasta egosteko errezeta abiaraziko du eta, hodeiaren bitartez, irakitea eta errezeta horren egoste denbora kudeatuko dira.

Etxeko egosketa aparatuen kontrolak arautzen dituzten araudiak direla eta (araudi nagusia EN-60335-1 erregelamendua izanda), hodeiak hartzen dituen erabaki guztiak eta erabiltzaileak berak emandako ahots aginduak aurrez aurre baieztatu behar dira sukaldean.

Helburua da adinekoen egosketa ingurunerako irisgarritasuna bermatzea, egokitutako eta etxeko istripuen arriskua murrizteko garatutako indukziozko suen bidez. Hala ere, helburu sozial horren atzean, I+G ataza tekniko konplexuak daude, konektibitatea indukziozko plataforman integratzeko beharrezkoak direnak.

Informazio gehiago

Etxean Geratuz

PROIEKTUA: ETXEAN GERATUZ: Etxez etxeko zerbitzu integrala: elikadura testurizatua eta arropa garbiketa. Etxez etxeko zerbitzu integral baten (elikadura testurizatua eta arropa garbiketa) garapena, 65 urtetik gorako pertsonentzat eta/edo mendekotasuna duten pertsonentzat egokitua, pertsona hauen etxeko bizi kalitatea hobetzeko.

HELBURUA:

Etxean Geratuz proiektuaren helburua da 65 urtetik gorakoentzat eta/edo mendekotasuna duten pertsonentzat egokitutako etxez etxeko zerbitzu integral bat ematea, pertsona hauen etxeko bizi kalitatea hobetzeko.

Etxeko laguntza eskaintzen die nolabaiteko autonomia duten adinekoei. Laguntza horri esker pertsona hauek lortzen dute gehienek nahi dutena: beren etxean egon ahal izatea, ahalik eta luzaroen, adinaren edo dituzten beharren arren.

Gureak etxez etxeko zerbitzuaren erabiltzaileen analisia egin ondoren, ikusi zen irensketa arazoen ondoriozko elikaduraren nahasmenduekin lotutako hainbat beharrei erantzuteko beharra zegoela (arazoak dituzte elikagaiak ahotik urdailera modu seguruan eramateko) eta, beste erabiltzaile batzuen kasuan, arropa pertsonala eta oheko arropa garbitzeko laguntza behar zutela.

Lehen, elikaduraren arazo hauen aurrean, "turmix" motako dietak erabiltzen ziren (barazkiak eta proteinak konbinatzen dituen janari birrindua) eta otorduak betebehar bihurtzen ziren, baina orain, elikadura testurizatuak elikagaiak berriz ere dietan sartzeko aukera dugu, horien testura aldatuta eta osaera nutrizional eta sentsoriala mantenduta. Honi esker, otorduak gozatzeko modukoak izatera itzuli dira.

Era berean, sarritan ikusten dugu zenbait pertsonak, batik bat etxeko lanak egiten ohituta ez dauden adineko gizonak, oinarrizko etxeko lanak egiteko laguntza behar dutela, esaterako, arropa pertsonala eta oheko arropa garbitzea, batzuetan ez baitute ez profesionalen eta ezta senideen laguntzarik jasotzen zentzu horretan.

Informazio gehiago

Experience Lab Home

PROIEKTUA: EXPERIENCE LAB HOME: Esperientzia multisentsorialen eredu berri baten diseinua, adineko pertsonak ahaldundu eta arlo sozio-kulturalean trebatzeko, euren ohiko bizilekuan, hartara zahartze aktiboa sustatuta.

OBJETIVO:

Experience Lab proiektuaren helburua da adineko zaurgarrienen bizi kalitatea hobetzen laguntzea esperientzia multisentsorialen eredu berri bat diseinatzeari esker, adineko hauek ahaldundu eta arlo sozio-kulturalean trebatzeko, euren ohiko bizilekuan, hartara zahartze aktiboa sustatuta. Hauek dira lortu nahi diren helmugak:

  • Aldi berean ikaskuntza dakarren aisialdiko jarduera bat garatzea.
  • Ezaguera helaraztea eta elkarrizketa sustatzea, eten digitala gainditzea komunikazio eta aisialdi kanal berriak integratzeko, sentipenak eta sormena kudeatzea, baterako sorrera eta adinekoen, senideen, boluntarioen eta zaintzaileen ahalduntzea.
  • Tresna kulturalak sortzea: kultura ulertuta 2030 GJH erronka sozialekin konprometitutako tresna moduan, bide batez ahalduntzea, inpaktu soziala eta emozionala sortuta.
  • Berrikuntza artistiko eta soziala ahalbidetzea. Adinekoei eta gizarteari hazten laguntzen dieten ikuspegi berriak eraikitzea.
  • Adinekoak erdigunean ipintzea, protagonista aktibo gisa, eta adinekoak ahalduntzea aldaketa sozialaren eragile izaten ikas dezaten.
  • Emozioa eta ilusioa oinarri hartuta batera sortzea. Emozioak kontuan hartuta entzun eta jardutea, pertsonekin konektatzeko.
  • Heldu sortzaileak: ondare kulturalarekin lan egitea motibazioa lortzeko eta ikaskuntzako eta sorkuntza kulturaleko esperientzia zirraragarriak eta esanguratsuak sortzeko.
  • Inplikazioa eta baterako sorrera: batera sortzeko dinamika berriak irekitzea, ahalik eta eragile gehienen inplikazioa lortuta, esperientziak lotu eta batzeko.

Informazio gehiago

GoiOSASUNLab II

GoiOSASUNLab proiektuaren helburua da esperientzia pilotuak garatzea adinekoak mendekotasun faseetan sartzen diren momentua atzeratzeko, horretarako hauskortasun funtzionala eta narriadura kognitiboa prebenitzeko komunitate zerbitzu digital bat sustatuta. Zerbitzu horrek ohitura osasungarrien hobekuntza ere izango du helburu, betiere mankomunitateko eragileei zuzendutako aukera espazioak sortuta, kasu honetan Goierrin. Oso garrantzitsua izango da udalerrian momentu honetan dauden baliabideak kontuan hartzea, horiekin indarrak batu ahal izateko eta zerbitzu efizienteago bat eskaini ahal izateko (gobernantza).

HELBURU ZEHATZAK:

  • Adinekoak erakarri eta motibatzea, ez bakarrik bizi ohitura osasungarriak sortzeko, baizik eta mundu digitalera sartzeko ere. Horretarako, proiektua bultzatzen lagunduko duten udalerri bakoitzeko sare formal eta informalak ezagutu behar dira. Proiektuan bi udalerri mota hartzen dira kontuan:
    • Landa udalerriak: adinekoen ordezkari moduan jarduten duen erreferentziako pertsona identifikatzea, udalerriko gizarte zerbitzuen arduradunekin batera (gehienetan, alkatea). Gutxienez bi pertsona sustatzaile.
    • Hiri udalerriak: adinekoen kolektiboaren ordezkari moduan jarduten duten elkarteak eta elkarte horietako erreferentziako pertsonak identifikatzea. Halaber, udalerriko gizarte zerbitzuen arduradunak identifikatzea, normalean oinarriko gizarte langileak izaten direnak. Gutxienez hiru-lau pertsona sustatzaile.
  • Profil profesional berri bat sortzea: etxebizitzetan teknologia sartzea ahalbidetzen duen pertsona bat, gaur egun dagoen eten digitala desagerrarazita eta, modu horretan, teknologiari esker prebentzioan oinarritutako bizi ohitura osasungarriak sustatzea.
  • Erabiltzaile bakoitzari NAIHA FAMILY teknologia aplikatzen laguntzea, teknologia hori baita osasuna eta ongizatea hobetzen dituzten esku hartze pertsonalizatuak adineko pertsonen etxeetaraino eramango dituena. Teknologia honetan sartu diren protokoloek eta metodologiek erabiltzaileen osasun egoera % 20ra arte hobetzea lortu dute.
  • Prebentziotik jardutea, horretarako bideragarritasun azterketa bat eginda, definitutako balio proposamena abiapuntu hartuta. Bai osasun sistema eta baita sistema asistentziala ere uneko arazoak konpontzen ahalegintzen dira, baina proposamen honek paradigma aldaketa bat proposatzen du, prebentzioa oinarri hartuta. Hala ere, hori lortzeko, baterako bideragarritasun analisi bat egin behar da, erabiltzaileekin eta zerikusia duten erakunde guztiekin, koordainketa aukerak aztertzeko.

Informazio gehiago

Neuro Etxean

Proiektua: erabiltzaileari bere beharretara egokitutako terapia bat jasotzeko aukera ematen dioten zenbait produktu eta zerbitzuren bitartez eskaintzen den soluzio integrala. Behar biopsikosozialak identifikatzen ditu software bidez, erabiltzaileak zahartze aktiboa ahalbidetuko dion terapia fisio-sentso-kognitiboa jaso dezan.

Neuro Etxean tresna erraz baten moduan garatuko da, erabilerraza eta irisgarria izango da, erabiltzailearen ezaugarrietara moldatuko da eta zuzeneko laguntza izango du, gaur egungo erabiltzaile-laguntza zerbitzu konexiorako dauden teknologiei esker, hala nola bideodeia, zuzeneko deia, txata edo zuzeneko txatbotak, erabiltzailearen beharrei edozein momentutan erantzun ahal izateko. Aurretiazko azterketa gidatua terapeutak egingo dio erabiltzaileari, urrutitik, pertsona horrek jasoko duen terapia automatizatzeko eta prestatzeko aukera ematen duen galdetegi erraz bat beteta. Azterketa honek, memorian garatzen diren teknikei esker, hau ebaluatzen du:

  • Maila kognitiboa
  • Jokabidearen egoera
  • Kontzientzia maila
  • Konorte maila

Neuro Etxean oinarrizko elementu sentsorialekin osatzen da, erabiltzaile guztien eskura daudenak, esaterako, koloreak, musika eta multimedia ingurune bat. Elementu hauek, software baten kudeaketari esker, erabiltzaileak bere ingurunean egiten duen terapia osatzen dute. Oheratuta dauden erabiltzaileek jaso dezakete eta, printzipioz, edozein tokitan eta ingurunetan erabil daiteke.

Jarduera fisikoa ariketa erraz gidatuen bidez garatzen da, erabiltzailearen baldintzak kontuan hartuta eta bideo erakusgarrien laguntzarekin. Sistemak egindako terapiak digitalizatzen ditu, izan ere, terapia osagarriak erregistratzeko, automatizatzeko eta kudeatzeko aukera eskaintzen du, horiek erabiltzailearen egoerara automatikoki egokitu ahal izateko, edozein momentutan, parametro kognitibo eta konduktualei dagokienez. Denbora joan ahala eta Big Data teknikei esker, inguruneko aldagaien (udalerria, probintzia, etab.) arteko korrelazioa aztertu ahalko da, aldagai bakoitzaren eta ezaugarri bio-psikosozialen edo erabiltzaileen parametro jakinetarako aurreikusitako bilakaeraren arteko lotura ulertzeko helburuarekin. 

HELBURU OROKORRAK hiru talde nagusitan banatzen dira: ‘

  1. Biologikoa: organismoaren egoera fisiko eta fisiologikoaren ingurukoa.
  2. Psikologikoa: errealitatearen pertzepzio egokian eta norberaren onarpenean jartzen du arreta.
  3. Soziala: taldeko integrazioaren eta soziabilitate hori mantentzeko gaitasunaren alderdiekin du zerikusia.

Informazio gehiago

Nor Etxean

NOR-ETXEAN proiektua garapen esperimentaleko proiektu bat da, etxez etxeko zaintzen sektoreko kontratazioan eta gaikuntzan laguntzeko zerbitzu pribatu profesional baten ingurukoa, beste erakunde publiko eta pribatu batzuekin koordinatuko dena eta soluzio teknologiko batean oinarrituko dena. Proiektuak erreferentea izan nahi du kalitateko zaintzak (pertsonalizatuak, profesionalak eta gizatiarrak) bermatzeko, lan baldintza duinekin, gaitasun berrietako trebakuntza sustatuta eta mendeko pertsonen zaintzen zerbitzuen kalitatea hobetuta.

NOR-ETXEAN proiektuak mendeko pertsonen zaintzak Gipuzkoaren gizarte eta ekonomia garapenerako aukera bihurtzeko erronkari aurre egiten dio. Honela, proiektuaren helburu orokorra da etxez etxeko zaintzen sektoreko kontratazioan eta gaikuntzan laguntzen duen zerbitzu pribatu profesional bat garatzea, kalitateko zaintzen arloan erreferentea dena, lan baldintza duinekin eta zerikusia duten beste eragile batzuekin sarean lan eginda.

Garatuko den zerbitzua enpleguarekin, bazterkeria egoeran edo arriskuan dauden pertsonen laneratzearekin, prestakuntzarekin eta mendekotasunarekin lotutako hobekuntzen eta emaitzen ingurukoa da.

ENPLEGUA: lan eskaintza eta eskaria zaintzen eta arretaren arloan integratu nahi dira eta ezkutuko ekonomiatik eta lan prekarietatetik kanpo dauden enplegu profesionalizatuak sustatu nahi dira.

BAZTERKERIA EGOERAN EDO ARRISKUAN DAUDEN PERTSONEN LANERATZEA: enplegu bilaketan/hobekuntzan lagundu nahi du. Sarritan, pertsona hauek emakume migratzaileak izaten dira, desberdinkeria eta zaurgarritasun egoeran daudenak, lanarekin/lan jardunaldiarekin/soldatarekin/kontratuarekin lotutako arazoak dituztenak, behar ekonomikoak estaltzeko zailtasunekin eta integraziorik ezaren sentipenarekin…

PRESTAKUNTZA: langileak familien eta/edo sektoreko enpresen eskariaren arabera gaitu nahi dira, zaintzaren eta/edo norbere zaintzaren gaitasunak hobetze aldera.

MENDEKOTASUNA: mendeko pertsonen zaintza beharrak estali nahi dira, kalitate bermearekin, ondorioz pertsona hauen etxeko bizitza hobetu eta luzatuta.

NOR-ETXEAN, erraz eskalatu daitekeen zerbitzua izanda, erreferentzia puntu bihur daiteke profesionalen aldetiko kalitate handiko zerbitzuak bilatzen dituztenentzat.

Informazio gehiago

Smart Home Care

Proiektu honen helburu nagusia da zerbitzu berri bat garatzea, soluzio teknologiko berri batean oinarritzen dena, zehazki, Smart Home Care (SHC) gailu batean eta ohartarazteko aplikazio batean, pazienteari medikazioa hartzen laguntzeko eta tratamenduarekiko atxikidura hobetzeko, honela erantzun egokia emanda tratamenduarekiko atxikidurarik ezak sortzen dituen jasangarritasun eta osasun arazoei. Hauek dira helburu zehatzak:

  • SHC gailua garatzea alderaketak eginda pazienteekin, zaintzaileekin eta farmazialariekin.
  • Tratamenduarekiko atxikidura ziurtatzeko ohartarazpenen mugikorrerako aplikazioa garatzea.
  • Zerbitzu berrien hodeiko azpiegitura eta web plataforma garatzea.

Soluzio teknologiko integratu honek SHC gailua izango du barne. Gailu horrek laguntza eskaintzen dio pazienteari ohartarazpen eta abisu sistema bat aktibatzen duen hartualdi programa bati esker, medikazioa hartu behar duela gogorarazten diona. Medikazioa Medical Dispenser sistemarekin prestatuko da farmazian, hartara fidagarritasuna eta segurtasuna lortuta. SHC gailuak zaintzaileari edo telelaguntza zentroari abisua bidaltzeko funtzioa dauka atxikidura arazoen kasuan eta gaindosiak ekiditen ditu; hartualdiaren denbora igarotzen denean hurrengo hartualdira salto egiten du aurrekoa blokeatuz. Gailu hau osatzeko mugikorreko aplikazio bat egongo da, pazienteari hartualdiak gogorarazteko funtzioa izango duena. Blisterraren QR kodea eskaneatuta kargatuko dira alarmak, erabiltzailearen ekintzak erregistratzeaz gain, tratamenduarekiko atxikiduraren berri emateko. Sistema hau pazienteei/zaintzaileari zuzendua dago, bai eta etxez etxeko laguntzari, aldundien edo udalen bitartez, telelaguntza enpresa aseguratzaileei, farmazia komunitarioei eta ospitaleetako farmaziei ere.

Aurreikusitako emaitzei dagokienez, etxeko hartualdietarako SHC soluzio berria SPD blister batean oinarritzen da, farmazian Medical Dispenser (MD) sistema erdiautomatikoarekin prestatzen dena. Farmazialariak medikazioaren prestaketa profesionala eta paziente bakoitzaren botiken kudeaketa egiten du.

SHC soluzioak zerbitzu diferentzial, seguru eta frogatua eskaintzen du, 1200 farmaziaren eta 30.000 bezeroren esperientziaren bermearekin. Segurtasun elementu gehigarriak ere definitu dira, esaterako, SPD blisterra paziente horri dagokiona dela egiaztatzen duena eta gailu egokian erabiltzen dela egiaztatzen duena.

Informazio gehiago

Zaintek IoT

PROIEKTUA: Zaintek IoT: Mendeko pertsonak monitorizatzeko sistema baten garapena eta gidaritza IoT gailuen bitartez.

HELBURUA:

Zaintek IoT proiektuaren helburua da mendeko pertsonen monitorizazio sistema hobetzea, pertsona hauen etxeetatik aurrera eginda, eta kamerak instalatzean gertatzen den pribatutasunaren kaltea saihestuta. Plataforma honek adimen artifiziala eta IoT gailuak erabiliko ditu monitorizazioa egiteko eta pertsona horren kontaktuak ohartarazteko ezohiko egoeren aurrean. Garatuko den sistemak zerbitzu berritzailea eskainiko du, mendekotasun egoeran dauden pertsonen zaintzan lagunduko duena, hauen bizi kalitatea hobetzeko eta pertsona hauen eta beren zaintzaileen istripuak murrizteko (edo istripuen aurrean azkarrago erantzuteko) helburuarekin.

Wattio-k urte hasieran abiarazitako Wattio Conecta plataformaren hasierako garapena du abiapuntu. Sistema hau proba eta baliozkotze fasean dago eta hiru osagai nagusi ditu:

  • Etxearen sentsorizazioa monitorizazio helburuetarako: mendekotasun egoeran dagoen pertsonaren monitorizazioa sentsore hauen bitartez egiten da: MOTION mugimendu sentsoreak, DOOR ateen irekitze sentsoreak eta POD energia kontsumoaren sentsoreak.
  • Jokabidearen modelatzea: sentsoreek lortutako datuak oinarri hartuta, sistemaren adimen artifiziala erabiltzailearen errutina ezagutzeko gai izango da eta jokabideak denboran zehar dituen aldaketak ikasiko ditu.
  • Komunikazioa zaintzailearekin: sistemaren eta zaintzailearen arteko komunikazioa Wattio-k merkaturatzen duen GATE gailuaren bidez egingo da. Gailuak, besteak beste, izu botoi bat du berehalako alerta bat eta kontsulta puntualak helarazteko mendekotasun egoeran dagoen pertsonari, haren gogo aldartea ezagutzeko, horretarako aplikazio espezifiko bat baliatuta.

Informazio gehiago

Zerbitzu Soziosanitarioen Mutualizazioa Gipuzkoako Landa Eremuetan

Proiektua: zerbitzu mutualizagarrien proposamena Gipuzkoako landa eremuari zuzendutako laguntza soziosanitarioko eredu bati jarraituta (osasuna, zaintza pertsonalak, zaintza psikologikoak, laguntza, arreta telematikoa, garbiketa, garraioa), nolabaiteko mendekotasuna duten pertsonen oinarrizko beharrak asebetetzeko eta jarduera ekonomikoa sortzeko.

Landa eremuetako biztanleriaren zahartzea agerikoa da oso eta arazo bat bihurtu da eremu horietako osasun arreta etengabekoa eta premiazkoa berrantolatzeko. Gipuzkoako landa eremuetako internet sare berriari emandako bultzadari onura aterata, proiektuak mutualizazio potentziala duen urrutiko laguntza eredu bat aztertu nahi du, kostuak murrizteko, erronka soziosanitario berriei aurre egiteko kalitatea galdu gabe eta enplegua sortzeko. Proiektuak mutualizazioa eta digitalizazioa aztertu nahi ditu, Europako jardunbide egokiak identifikatuz eta Gipuzkoako landa eremurako eredu bat planteatuz. Eredu horrek adinekoen, hauen senideen eta inguruaren partaidetza izango du barne, erakunde publikoen eta eragile interesdunen partaidetzarekin batera.

HELBURUAK:

  1. Jarduera ekonomikorako eta enplegurako aukera berrien sorrera aztertzea, Aldundia egiten ari den udalerri txikienetako herrigunean ez dauden etxe eta ustiategietako komunikazio sare ultra azkarren ezarpenaren aukerari onura aterata.
  2. Zerbitzu soziosanitarioak hobetzea adinekoen inplikazioari esker.
  3. Zerbitzu soziosanitarioen efizientzia bultzatzea hauen mutualizazioari esker.
  4. Erabiltzaileen parte hartzea sustatzea zahartzearekin lotutako zerbitzu soziosanitarioen kudeaketan eta digitalizazioan.

LORTU NAHI DEN INPAKTUA

  • Kalitateko enplegua lortzea.
  • Erabiltzaile eta langileen inplikazioaren bitartez, proiektuak oso modu zuzenean sustatu egiten ditu enpresa errentagarritasunaren, efizientziaren eta langile eta erabiltzaileen eskubideen errespetuaren arteko oreka handia duten enpresa ereduak eta garapen ekonomikoko ereduak.

Informazio gehiago

523.051 euro
proiektuetarako

13 proiektu onuradun

6 erronkei
erantzuten diete

“Zorionez, ekosistema oso aktibo bat dugu, non ADINBERRIk berrikuntzaren katalizatzaile eta eragileen konektore funtzioa betetzen duen, zahartzearen erronkei erantzuna emango dieten balio-proposamen berriak bultzatzeko xedearekin.”

RAKEL SAN SEBASTIAN
Adinberri Fundazioko zuzendaria