Zaintza HerriLab proiektuan sakontzeko lan-jardunaldia Pasaian

2022 / 03 / 24

Martxoaren 23an lan jardunaldi bat egin zen Pasaian, eta 180 profesional bildu ziren bertan, erakunde sozial eta instituzionaletako ordezkariak, Zaintza Herri Lab proiektuan sakontzeko. Proiektu honen azken helburua da bizi-kalitatea hobetzea eta zerbitzuak eta iraupen luzeko zainketak erraztea etxean bertan.

Markel Olanok, Gipuzkoako diputatu nagusiak, jardunaldiari hasiera eman zion, eta, Etorkizuna Eraikiz ekimenaren barruan eta Adinberrirekin batera, Gipuzkoako Foru Aldundia garatzen ari den Zaintza HerriLab estrategia azaldu zuen.

Estrategia horren babesean, Pasaiako udalerria “aitzindari bihurtu da etorkizuneko zainketen garapenean, adinekoen arreta etxera hurbiltzen duen ekosistema berritzaile bati esker. Ekosistema horretan, adinekoen arreta etxera hurbilduko da”, baieztatu zuen Olanok. “Gipuzkoa aurrera doa etorkizuneko zainketetarako trantsizioan, eta Pasaia norabide horretan bidea irekitzen ari da. Gipuzkoan politika sozialak nola garatu nahi ditugun erakusten du hemen egiten ari den lanak: aurrera egiten ari gara zainketa-eredu komunitarioago baterantz, pertsona bakoitzaren beharretan eta eskaeretan zentratuta”, azaldu zuen  diputatu nagusiak.

“Adineko 10 pertsonetatik 8k beren etxean bizitzen jarraitu nahi dute, eta gure betebeharra da nahi horri erantzutea. Horregatik, ikuspegi holistikoarekin eta lurralde-ikuspegiarekin lan egiten dugu, baina tokiko esperientzien bitartez, etxeetara hurbiltzeko, eta zainketak adinekoengana eta haien familiengana hurreratzeko, hurbiltasunetik eta pertsonalizaziotik”, adierazi zuen Olanok.

Diputatu nagusiak defendatu zuen Gipuzkoako eredu soziala egiteko modu propio batean oinarritzen dela, hirugarren sektorearen lankidetzarekin eta esperientziarekin, eta gizarte zerbitzu eta politiken sistema finkatu batean, eraldatzeko eta egokitzeko gaitasun handia duena.

Bere aldetik, Izaskun Gomez Pasaiako alkateak adierazi zuen Pasaia HerriLab-ekin egindako lanak bi helburu dituela udalerriarentzat: “Alde batetik, adineko pasaitarren bizi-kalitatea hobetzea, eta, bestetik, Pasaia erreferentziazko udalerri bihurtzea adinekoen arretaren eta zaintzaren sektorerako, potentzial handia baitu gure udalerrirako jarduera eta enplegu iturri garrantzitsu bihurtzeko”.

Zaintza HerriLab estrategiaren I. Topaketa

Pasaiako Juanba Berasategi kulturgunean egin zen jardunaldian elkartu zen Pasaiako ekosisteman duela ia bi urtetik lan egiten duen lantaldea: Foru Aldundiko Gizarte Politiketako Departamentua, Adinberri, Pasaiako gizarte zerbitzuak, Osakidetza, eta Eusko Jaurlaritzako Osasun eta Gizarte Politiketako sailak.

Prozesu osoa koordinatzen duen talde eragile horretaz gain, komunitatetik bertatik abiatzen diren bost proiektu berritzaileek kontatu zuten zein den haien ekarpena eta nola txertatzen duten beren lana ekosisteman: Etxean Bizi (Matia Fundazioa), OK en Casa, Hauskor (Hurkoa Fundazioa), Adinkide eta UVAF-AGASE (Biodonostia). Pasaiako alkateaz gain, beste udalerri batzuetako alkateek ere parte hartu dute jardunaldian: Donostiako Eneko Goiak, Usurbilgo Agurtzane Solaberrietak, Azpeitiko Nagore Alkortak, Zestoako Mikel Arregik, Hernaniko Xabier Lertxundik eta Urretxuko Jon Luquik.

Tokian-tokian garatzen ari diren ekosistemek lurralde mailako estrategia bati erantzuten diote, diputatu nagusiak adierazi zuen  bezala: "Sustatzen ari diren tokiko ekosistemek, bakoitzak bere berezitasunekin, lurralde gisa zainketen eremuan egiten ari den lan guztia osatzen eta egituratzen dute. Gero eta udalerri gehiago ari dira beren ekosistemetan lanean, eta uste dugu guztion artean sortzen ari garen bideak eramango gaituela zahartzearen erronka konplexuari seriotasunez eta bermearekin erantzuteko gai den Gipuzkoarantz”.