Zaintza Herri Lab estrategiak nazioarteko saria jaso du, zainketa komunitarioetan izandako berrikuntza ereduagatik

2025 / 05 / 22

Zaintza Herri Lab estrategiak nazioarteko saria jaso du, zainketa komunitarioetan izandako berrikuntza ereduagatik

QIAko nazioarteko epaimahaiak 23 ekimen berritzaile aitortu ditu mundu mailan aurkeztu diren 557 hautagaitzen artean, eta Gipuzkoako proposamena nabarmendu du erantzun eraginkorrak, iraunkorrak eta gaur egungo gizarte-erronkei egokituak emateko duen gaitasunagatik

Gipuzkoako Foru Aldundiaren Zaintza Herri Lab estrategiak bigarren saria jaso du gaur Quality Innovation Awards (QIA) sariketa ezagunean, Sektore Publikoko Berrikuntza kategorian. Saria emateko ekitaldia Bangkoken izan da, nazioarteko jaialdiaren 18. edizioaren baitan.

Aitorpen honek balioan jarri du Gipuzkoan tokiko zaintza ekosistemak eraikitzeko garatu den eredua. Gaur egun, lurraldeko 18 udalerrik jarri dute abian arreta komunitarioko sare hau, eta 1.202 erabiltzaileri eta 167 familiari ematen die zuzeneko laguntza, 124 zaintzaileren inplikazio aktiboarekin. Guztira, 240 eragilek parte hartu dute estrategia honen esparruan garatutako proiektuetan.

QIAko nazioarteko epaimahaiak 23 ekimen aukeratu ditu mundu osoko 557 hautagaitzen artean. Horien artean, Gipuzkoako proposamena nabarmendu du, konponbide eraginkorrak, iraunkorrak eta egungo erronka sozialetara egokituak sortzeko duen gaitasunagatik. Eredua bereziki baloratu da ezagutza metatuan eta berrikuntza egituratuan oinarritutako ikuspegiagatik, bai eta etorkizuneko erronkei aurrea hartzeko duen gaitasunagatik ere.

 “Ongizatean eragitea, etxean irautea eta mendekotasuna atzeratzea”

Zainketa eta Gizarte Politiketako diputatuak, Maite Peñak, erakundeen, gizarte-erakundeen eta auzo-elkarteen ahalegin kolektiboaren aintzatespen gisa baloratu du saria, eta gogorarazi du tokiko lehen ekosistema duela zortzi urte eratu zela Pasaian, eta emaitza positiboak erakutsi dituen esperientzia pilotua izan dela; hala jasotzen du UPV/EHUren ebaluazioak. Bertan erakusten da estrategia honek eragina duela erabiltzaileen ongizate integralean, etxean denbora gehiago irauten laguntzen duela eta  mendekotasunaren atzerapenean ere eragina duela. Azpimarratu duenez, sariak sare hori zabaltzen jarraitzen laguntzen du. Egun, Adinberri-Hariak programari esker 18 udalerritik 24ra igaroko da estrategia, arreta berezia jarriz nahi ez den bakardadean; helburua da eredua Gipuzkoa osora zabaltzea.

Eredu kolaboratiboa

Zaintza Herri Lab ikuspegi berritzailea da kalteberatasun, hauskortasun edo mendekotasun egoeran dauden adinekoen zaintzan. Gipuzkoako Foru Aldundiak sustatuta, Eusko Jaurlaritzarekin eta Adinberri Fundazioarekin lankidetzan, eredu honek arreta pertsonalizatua eta hurbilekoa jartzen du erdigunean, gizarte, osasun eta komunitate zerbitzuen arteko koordinazioa indartuz.

Estrategiak hirugarren sektorearen, esparru akademikoaren eta enpresa-sarearen inplikazioa sustatzen du, eta, aldi berean, erabiltzaileen eta haien familien parte-hartze aktiboa sustatzen du zainketa-planaren eraikuntzan. Egindako azterlanen arabera, hori ezartzeak onurak ekarri ditu arrisku-egoeren prebentzioan eta detekzio goiztiarrean, autonomia pertsonala hobetzean eta auzo-laguntza-sareak sortzean.

Era berean, Zaintza Herri Labek funtsezko tresnak garatu ditu ereduaren hedapena errazteko, hala nola Datu Soziosanitarioen Plataforma Federatua, eragileen arteko informazio-trukea hobetzen duena, eta Ikaskuntza, Prestakuntza eta Transferentzia Sarea (RAFT), udalerrien arteko ikaskuntza kolektiboa sustatzen duena.

Hirugarren aintzatespena

Quality Innovation Award 2007an sortutako nazioarteko lehiaketa da eta balio erantsia sortzen duten ekimen berritzaileak aitortzea du helburu. Euskadik 2014tik parte hartzen du eta, 2021etik, EUSKALIT bere aholku-batzordeko kide da. Euskadin, ekimenak Innobasque, Unibasq eta Ihobe erakundeen babesa du. Sari honek, Zaintza Herri Lab estrategiari emandako hirugarrenak, Gipuzkoa nazioarteko erreferente gisa sendotzen du zainketa-politika publikoetan, eta modu eraginkorrean erantzutea helburu duen elkarlaneko eta hurbileko ereduaren aldeko apustua indartzen du.