Atzealdea Zabalik dago ADINBERRI Longevity Forumen, bizitza luzearen nazioarteko foro handian, izena emateko epea

2026 / 07 / 08

Zabalik dago ADINBERRI Longevity Forumen, bizitza luzearen nazioarteko foro handian, izena emateko epea

Gipuzkoako Foru Aldundiak eta ADINBERRIk antolatutako bizitza luzeari buruzko nazioarteko foro nagusiak, profesionalak, enpresak eta erakundeak bilduko ditu urriaren 14an eta 15ean Kursaalean, bizitza luzearen inguruko berrikuntza eta negozio aukerak bultzatzeko

Atzerako kontua hasi da. ADINBERRI Longevity Forumek, bizitza luzeari buruzko nazioarteko foro nagusiak, ireki du Gipuzkoa bizitza luzearen inguruko berrikuntza, zientzia eta ekonomiaren erakusleiho bihurtuko duen edizio honetan bisitari eta erakusketariek izena emateko prozesua. Gipuzkoako Foru Aldundiak eta ADINBERRIk antolatuta, topaketa urriaren 14an eta 15ean egingo da Donostiako Kursaal Biltzar Jauregian.

‘Gehiago eta hobeto bizitzeko olatua’ lelopean, foroak enpresak, startupak, zentro teknologikoak, esparru soziosanitarioko erakundeak, administrazio publikoak eta profesionalak bilduko ditu, XXI. mendeko erronka handienetako bati –eta, aldi berean, aukera handienetako bati– heltzeko: biztanleriaren zahartzeari.

Sarrerak eta erakusketa guneen kontratazioa eskuragarri daude jada enpresak, erakundeak eta profesionalak konektatzeko, lankidetza aukerak sortzeko eta bizitza luzearen inguruan berrikuntza bizkortzeko sortutako foroan parte hartu nahi dutenentzat.

Gorantz doan ekonomia bultzatzeko foroa

Zahartzea sakon eraldatzen ari da gure gizartea eta ekonomia. 2030ean biztanleria aktiboaren % 40ak baino gehiagok 55 urte baino gehiago izango dituela kalkulatzen da, eta ehuneko hori % 46ra iritsiko da Euskadin. Aldi berean, Silver Economy deiturikoa BPGaren % 25 inguru da Espainian dagoeneko, eta urteko % 5 inguruko hazkundea aurreikusten da.

Testuinguru horretan, ADINBERRI Longevity Forum bokazio argiarekin sortu da: ezagutza, berrikuntza eta merkatua konektatzeko espazio bihurtzea, pertsonen bizi kalitatea hobetuko duten eta ekonomia eta enpresa aukera berriak sortuko dituzten soluzioen garapena bizkortzeko.

Lehen mailako nazioarteko hizlariak

Kongresuak, mundu mailako erreferente nagusietako batzuek parte hartuko duten nazioarteko egitaraua izango du. Horien artean nabarmentzekoa da bizitza luzearen zientziaren etorkizunari buruz hitzaldi bat emango duen Andrew Steele zientzialaria, ‘Ageless: zahar egin gabe zahartzeko zientzia berria’ liburu ezagunaren egilea eta The Longevity Initiative-ren zuzendaria.

Zahartzearen eragin ekonomiko eta enpresarialean Europako espezialistarik handienetako bat den Pedro Rosek, SilverEconomy.com-en sortzaileak, ere parte hartuko du.

Programaren lehen aurrerapen hau The London School of Economics and Political Science erakundean ikertzaile gisa jarduten duen eta OME, ELGA eta Europako Batzordea bezalako erakundeekin lankidetzan aritzen den Jonathan Cylus osasun ekonomialariak osatuko du. Nazioarteko adituak osasun eta gizarte sistemen bizitza-luzearen eta jasangarritasunaren dibidendua izenekoa aztertuko du.

Datozen asteetan Espainiako eta nazioarteko hizlari berriak iragarriko dira.

Kongresu bat baino askoz gehiago

ADINBERRI Longevity Forumek ezagutza, teknologia-erakusketa eta negozio aukeren sorkuntza uztartuko dituen murgiltze esperientzia eskainiko du.

Gune nagusietako bat Living Lab izango da. Ingurune horretan, enpresek eta bertaratzen diren pertsonek baldintza errealetan esperimentatu ahal izango dituzte elkarrekin soluzio berritzaileak. Murgiltze erakustaldien eta esperientzien bidez, teknologia eta arreta eredu berritzaileak probatu ahal izango dira, bizitza luzearen etorkizuna elkarrekin sortzeko eta pertsonen bizi kalitatea hobetzeko.

Programak, gainera, enpresek beren soluzioen aplikazio praktikoak aurkeztuko dituzten tailer erakusleak izango ditu, eta eskaintzaren eta eskariaren arteko topaketa pertsonalizatuak antolatzeko aukera emango duen one-to-one bilera sistema osoa, networking plataforma espezifiko baten bidez, lankidetza eta baterako proiektuen garapena bultzatzeko.

Bigarren edizio honen aurretik, 2023an 1.200 parte-hartzaile baino gehiago, 900 profesional, 40 erakunde erakusketari eta nazioarteko 40 hizlari baino gehiago bildu zituen Adinberri Silver Forum, zahartzeari eta silver economy-ri buruz egindako kongresua, burutu zen. Foro profesionalean 39 tailer erakusle egin ziren, eta foroak 700 bilera profesional baino gehiago ahalbidetu zituen. Horietako askok lankidetzak eta akordio komertzialak ekarri zituzten.

Edizio berri honetarako, dagoeneko baieztatu dute bertan izango direla Athlon, Essence, Vicomtech, Tecnalia, Gogoa, Ideable, Inntro, Inrobics, Oroi, Salto edo Wellk enpresek, besteak beste, foroa bizitza luzeraren ekosistema europarraren topagune nagusi gisa finkatuz.

Izen-emateak irekita

Bertaratzeko edo parte hartzeko interesa duten eremu profesionaleko pertsonek izena eman dezakete dagoeneko –erakusketari zein bisitari gisa– ekitaldiaren webgune ofizialaren bidez: https://adinberrilongevityforum.com/.

ADINBERRI Longevity Forumek zientzia, teknologia, enpresa eta politika publikoak elkartzen diren espazio handi gisa finkatu nahi du bere burua, bizitza-luzeraren ekonomia

berritzaileagoa eta lehiakorragoa eraikitzeko, “gehiago eta hobeto bizi” olatua hartu ahal izateko.