Uruguaiko Gobernuaren segizio batek interesa erakutsi du ADINBERRIrekin
Gipuzkoako Foru Aldundiko Zainketa eta Gizarte Politiketako diputatua Maite Peña eta ADINBERRI Fundazioko zuzendari nagusia Rakel San Sebastian, uztailaren 15ean bildu ziren Gipuzkoako Foru Aldundian Uruguaiko Gizarte Garapenerako Ministerioko ordezkaritzarekin, lurraldean egiten ari diren arreta eta zaintza sistemak aztertzeko. Zentzu horretan, bertako ordezkariek Gipuzkoako zahartzarorako estrategia aurkeztu zieten, 20>30 Agendaren eta ADINBERRIren Berrikuntzarako Agenda Estrategiko berrian oinarrituta (BAE 2024-27).
Europako Batzordeak finantzatutako bisita instituzional honen helburua bi erakunde publikoen artean praktika onak trukatzea da, zaintza kooperatiben esparruan. Uruguaiko ordezkaritzak hainbat bilera egin ditu Eusko Jaurlaritzako eta EAEko hiru aldundietako ordezkariekin, osasun-kooperatibekin, gizarte-zerbitzuko kooperatibekin eta beste hainbat gizarte-erakunderekin.