Tarragonako Aldundiak ADINBERRIk egiten duen lanaren inguruan interesa azaldu du

2024 / 11 / 21

Tarragonako Aldundiak ADINBERRIk egiten duen lanaren inguruan interesa azaldu du

Tarragonako Aldundiko hainbat kide ADINBERRIk Donostian duen egoitzan izan dira ostegun honetan fundazioak zahartzearen inguruan duen berrikuntza-estrategia ezagutzeko helburuarekin. Rakel San Sebastian Fundazioko zuzendariak harrera egin die hamasei lagunez osatutako talde honi, eta 2024-27 Berrikuntza Agenda Estrategiko berria (BAE) zehaztu die. Era berean, ADINBERRIk abian jarri dituen proiektu garrantzitsuenak eta datozen hilabeteetan aurreikusita dauden ekimenak azaldu dizkie.

Alex Grau koordinatzaile nagusia eta Dolors Micola Okupazio eta Ekintzailetza Politiken Saileko zerbitzuburua, hain zuzen ere, izan dira Tarragonako Aldundiaren izenean ADINBERRIra gerturatu diren bi koordinatzaile teknikoak.  

Era berean, udalak, eskualde-kontseiluak eta toki-garapenerako agentziak barne hartzen dituen Tarragonako tokiko administrazioko langile teknikoei zuzendutako ikastaro batetan parte hartu duten hamabi ikaslek bisitatu dute Fundazioa. Tarragonako Ateneu Cooperatiu del Camp-ko (CoopCamp) teknikari Tais Bastida eta Gerard Noguések, ere, fundazioak aurrera daraman lanaren inguruan interesa azaldu dute.  

San Sebastianek ADINBERRI nola eta zergatik sortu zen, zein erronka eta desafioei erantzuten dien eta zeintzuk diren fundazioaren trakzio-proiektuak azaldu du topaketa honetan. Era berean, egitasmoaren ikuspegi bikoitza mahaigaineratu du: alde batetik, arreta eta zaintza eredu berriak sustatu eta bestalde, ekonomia eta enplegua pizteko aukera emango duen erronkatzat hartzea. Fundazioko zuzendariak, azkenik, ekosistema osoari eta herritarrei irekia dagoen, zahartzeari buruzko ezagutza espezializatua bildu eta etorkizuneko egoeren joerak eta prospektibak txertatuz politika publiko eta pribatuetara orientazio-gida gisa balio duen SIA (Adimen Aurreratuko Sistema) plataforma aurkeztu du.

Tarragonatik etorritako taldeak, Etorkizuna Eraikiz egitasmoa bertatik bertara ezagutzeko asmoz, Gipuzkoako Foru Aldundira egin duen bisitarekin amaitutzat eman du jardunaldia.