Proiektu honen helburu nagusia da zerbitzu berri bat garatzea, soluzio teknologiko berri batean oinarritzen dena, zehazki, Smart Home Care (SHC) gailu batean eta ohartarazteko aplikazio batean, pazienteari medikazioa hartzen laguntzeko eta tratamenduarekiko atxikidura hobetzeko, honela erantzun egokia emanda tratamenduarekiko atxikidurarik ezak sortzen dituen jasangarritasun eta osasun arazoei. Hauek dira helburu zehatzak:
- SHC gailua garatzea alderaketak eginda pazienteekin, zaintzaileekin eta farmazialariekin.
- Tratamenduarekiko atxikidura ziurtatzeko ohartarazpenen mugikorrerako aplikazioa garatzea.
- Zerbitzu berrien hodeiko azpiegitura eta web plataforma garatzea.
Soluzio teknologiko integratu honek SHC gailua izango du barne. Gailu horrek laguntza eskaintzen dio pazienteari ohartarazpen eta abisu sistema bat aktibatzen duen hartualdi programa bati esker, medikazioa hartu behar duela gogorarazten diona. Medikazioa Medical Dispenser sistemarekin prestatuko da farmazian, hartara fidagarritasuna eta segurtasuna lortuta. SHC gailuak zaintzaileari edo telelaguntza zentroari abisua bidaltzeko funtzioa dauka atxikidura arazoen kasuan eta gaindosiak ekiditen ditu; hartualdiaren denbora igarotzen denean hurrengo hartualdira salto egiten du aurrekoa blokeatuz. Gailu hau osatzeko mugikorreko aplikazio bat egongo da, pazienteari hartualdiak gogorarazteko funtzioa izango duena. Blisterraren QR kodea eskaneatuta kargatuko dira alarmak, erabiltzailearen ekintzak erregistratzeaz gain, tratamenduarekiko atxikiduraren berri emateko. Sistema hau pazienteei/zaintzaileari zuzendua dago, bai eta etxez etxeko laguntzari, aldundien edo udalen bitartez, telelaguntza enpresa aseguratzaileei, farmazia komunitarioei eta ospitaleetako farmaziei ere.
Aurreikusitako emaitzei dagokienez, etxeko hartualdietarako SHC soluzio berria SPD blister batean oinarritzen da, farmazian Medical Dispenser (MD) sistema erdiautomatikoarekin prestatzen dena. Farmazialariak medikazioaren prestaketa profesionala eta paziente bakoitzaren botiken kudeaketa egiten du.
SHC soluzioak zerbitzu diferentzial, seguru eta frogatua eskaintzen du, 1200 farmaziaren eta 30.000 bezeroren esperientziaren bermearekin. Segurtasun elementu gehigarriak ere definitu dira, esaterako, SPD blisterra paziente horri dagokiona dela egiaztatzen duena eta gailu egokian erabiltzen dela egiaztatzen duena.