Rakel San Sebastian: “Bakardadeak arintzea lehen mailako erronka da ADINBERRIrentzat”
“Bakardadeak arintzea lehen mailako erronka da ADINBERRIrentzat”. Rakel San Sebastian fundazioko zuzendariaren hitzak dira. Ekainaren 27an, El Diario Vascok nahi gabeko bakardadeari buruz hitz egiteko antolaturiko ‘Gipuzkoa Zainduz’ topaketan hartu zuen parte. San Sebastianek HARIAK estrategia zertan datzan zehaztu zuen. Estrategia horren bidez, “esparru horretan inplikaturik dauden Gipuzkoako eragile guztiak lerrokatu nahi dira, modu eraginkorragoan, kohesionatuagoan eta partaideagoan lan egiteko, erantzun egokiagoa eman ahal izateko”.
Bakardadeen inguruan elkarrizketa publikoa sortzea, gizarte-harremanak sustatzea eta bakardade-egoera horri erantzuna emango dioten proiektuak eta estrategiak modu berritzailean garatzea dira HARIAK estrategiaren helburu nagusietako hiru. “Gizartean begirada aldatu nahi dugu. Jakin behar dugu elkarren mende gauden pertsonak garela, eta, beraz, gure inguruneari begiratu behar diogu, eta bakardade-arriskurik aurkitzen badugu, gerturatu eta lagundu”, adierazi du ADINBERRIko zuzendariak.
Lurraldeak dituen dozenaka ekimenak mahai gainean jartzearen aldeko apustua ere egin du San Sebastianek. “Eskualde guztietan 140 antzeman ditugu, eta Adimen Aurreratuko gure SIA Sistemaren bidez mapatu egin ditugu, haien berri emateko”, adierazi du. Proiektu horiek Fundazioak berak bultzatu dituen, diziplina anitzeko ikuspegia duten eta hainbat esparru jorratzen dituzten proiektu berriei gehitu zaizkie. Horien artean daude kultura eta aisialdia, espazio fisikoen eta etxebizitzaren eraldaketa edo auzo-sareen aktibazioa.
Horrela eman die bide San Sebastianek ADINBERRIko zuzendariarekin DV Gunean “Harremanen lurraldearen aldeko apustua” izeneko mahaingurua partekatu duten Gipuzkoako proiektu arrakastatsuei. Ildo horretan, Adinkideko Blanca Caballerok Pasaian gauzatzen den Auzokide Bikainak programa zertan datzan azaldu du. “Bakarrik sentitzen den adinekoa komunitatearekin konektatzeaz arduratzen gara; lotura hori Udaleko Gizarte Zerbitzuen Sailaren laguntzarekin egiten dugu beti. Topagune seguruak, konfiantzazkoak eta erakargarriak sortu nahi ditugu, funtsezkoa den familia-sare hedatua sortzeko”, adierazi du.
Era berean, Andoni Zulaikak Gipuzkoako bost udalerritan ezarritako Auzosare proiektua azaldu du. Proiektu horrek “bakardadeari aurre egiteko estrategia integrala errazten du, hiru ildotan: egoera horien detekzio- eta aurredetekzio-sistema; pertsona komunitatearekin lotzea; eta aktibazio komunitarioa”.
Jarraian, Olatz Irulegi EHUko ikertzaileak Etxelagun eta Kalelagun proiektuak zertan datzaten azaldu du. Bi ekimen horiek ADINBERRIren laguntza-deialdiari esker sortu ziren. Etxelagunen kasuan, Arkitektura, Ingeniaritza, Psikologia eta Informatika eskolek bizi
garen etxeak nolakoak diren aztertu dute, nahi ez dugun bakardadea arintzen saiatzeko; Kalelagunen kasuan, berriz, duela gutxi aurkeztu da ADINBERRI buru duen KORALE proiektu europarraren esparruan, eta sentimendu hori arinduko duten espazio publikoak sortzea du helburu. Horrela, bakardadea murrizteko berariaz diseinatutako plaza bat duen lehen udalerria izango da Beasain.
Mahai-inguruan Josu Elberdinek ere parte hartu du, Hariak Kantuz-en, ADINBERRIk nahi ez diren bakardadeak arintzeko lurraldean egiten duen ekimenetako baten, garapenean inplikaturik dagoen Gipuzkoako Abesbatzen Federazioko ordezkari gisa. “Abesbatza pertsonak garatzeko eta elkargune eta topagune izateko tokia da”, adierazi du.