Atzealdea Nahi ez den bakardadeari aurre egiteko Hariak estrategiak eragin zuzena izan du bi urtetan Gipuzkoako 14.000 pertsonarengan, 19 udalerritan

2026 / 03 / 26

Nahi ez den bakardadeari aurre egiteko Hariak estrategiak eragin zuzena izan du bi urtetan Gipuzkoako 14.000 pertsonarengan, 19 udalerritan

Gipuzkoako Foru Aldundiak, ADINBERRIren bitartez, 1,1 milioi eurotik gora bideratu ditu 2024 urtetik: bide horretan, dirulaguntza-deialdi berria argitaratu du gaur estrategia indartu eta jarraipena emateko.

Gipuzkoan, ADINBERRI-HARIAK deialdiaren bidez, 19 udalerritan garatutako 12 proiektu bultzatu dira; ekimen horiek nahi ez den bakardadearen prebentzioan ia 14.000 pertsonarengan izan dute eragina azken bi urtetan. Zainketa eta Gizarte Politiketako Departamentuak, ADINBERRI Fundazioaren bitartez sustatutako ekimen hauek ahalbide dute, besteak beste, Tokiko Zaintza Ekosistemak indartzea, eragileen arteko lankidetza sustatzea eta fenomeno honi aurre egiteko ikuspegia sendotzea. Hori guztia, beti ere, ikuspegi komunitarioarekin eta prebentiboarekin, pertsona erdigunean jarriz.

Foru erakundeak, 2024tik, 1,1 milioi eurotik gora bideratu ditu estrategiara. Hori horrela, 2024-2025 aldian emandako dirulaguntzez gain, gaur deialdi berria argitaratu du, esku-hartze eredua sendotu eta hedatzeko helburuarekin.

Proiektuen emaitzak gaur aurkeztu dira Donostian egin den HARIAK-KORALE jardunaldian, ehun lagun inguruk parte hartu duten topaketan. Jardunaldiak aukera eman du ikaskuntzak partekatzeko, esperientziak kontrastatzeko eta Gipuzkoan gertatzen ari den aurrerapen kolektiboa balioan jartzeko, baita KORALE Europako proiektuaren aurrerapausoak ezagutarazteko ere.

Zainketa eta Gizarte Politiketako diputatu eta Adinberriko presidente Maite Peñak nabarmendu duenez, “ADINBERRI-HARIAK deialdiaren lorpen nagusietako bat izan da tokiko zaintza ekosistemak aktibatu eta zabaltzeko izan duen gaitasuna”. Ildo horretan, azpimarratu du “bakardadea lantzen ari ziren udalerriei beste batzuk gehitu zaizkiela, lehen urratsak emanez eta etorkizuneko prebentzio-ekosistemen oinarriak ezarriz”.

Gaur aurkeztutako 12 proiektuek Gipuzkoako 19 udalerrietan izan dute eragina: Antzuola, Aretxabaleta, Arrasate, Astigarraga, Azpeitia, Beasain, Bergara, Donostia, Elgeta, Errenteria, Eskoriatza, Hondarribia, Leintz-Gatzaga, Oñati, Pasaia, Urretxu, Usurbil eta Zestoa.

Era berean, Peñak iragarri du dirulaguntza-deialdi berriak Gipuzkoako zaintza-ereduaren eraldaketan aurrera egiten jarraitzeko aukera emango duela: “pertsona erabaki guztien erdigunean jartzen duen eredurantz egiten jarraitzea ahalbidetuko digu, prebentzioa indartuz eta zaintza erantzukizun modu partekatuan ulertuz”.

Fenomenoa datuetan eta proiektuen eragina

Gipuzkoan, nahi ez den bakardadea aurrez aurre dagoen errealitatea da. Bakardadeak azterlanaren arabera, 55 urtetik gorako biztanleen % 5,5ek —ia 15.000 pertsonak— adierazten du ohikotasunez bakarrik sentitzen dela. Egoera hori emakumeen artean handiagoa da, eta adinarekin areagotu egiten da, 80 urtetik gorakoen artean % 9ra iritsiz.

Bestalde, Observatorio de Soledades erakundeak emandako datuek agerian uzten dute fenomeno honek osasunean duen eragina: depresio eta antsietate tasa handiagoak, osasun egoeraren pertzepzio okerragoa eta osasun zerbitzuen erabilera intentsiboagoa.

Testuinguru horretan, jardunaldian aurkeztutako 12 proiektuek, HARIAK Hub-en laguntza teknikoa izan dutenek, 156 boluntario eta 168 profesionalen inplikazioa izan dute. Guztira, bakardade egoeran zeuden 863 pertsonek izan dute laguntza, eta 12.781 lagunek parte hartu dute antolatutako jardueretan; guztira, 13.968 pertsonarengan izan du eragina. Gainera, 20 eta 30 arteko lan-talde sortu dira, 120 pertsona baino gehiagoren parte-hartzearekin eta 90 eragileraino iristen den inplikazioarekin, lankidetza-sare zabal eta anitzak eratuz.

ADINBERRIko zuzendari Rakel San Sebastianek adierazi duenez, proiektu hauek “aurrerapausoak ematea ahalbidetu dute bakardadearen detekzio goiztiarrean, sistema proaktiboen bidez; arreta pertsonalizatuak garatzen; eta kultura-aldaketa bat sustatu dute, bakardadea ikusezin izatetik utzi eta kontzientzia soziala sortuz”.

Halaber, nabarmendu du ekimenek “Gipuzkoako zaintza-eredua eraldatzen lagundu dutela, administrazioa, hirugarren sektorea, enpresa-eremu zein akademikoa eta herritarrak lotzen dituen elkarlaneko gobernantza sustatuz, eta tokian tokiko erantzuna indartzen duten komunitate-sareak aktibatuz”.

Berrikuntza eta eraduaren aldaketa

Proiektuen % 100ek berrikuntza soziala garatu dute, eta % 66,7k berrikuntza instituzionala sustatu du. Horrez gain, % 33,3k antolaketa eta teknologia-aldaketak txertatu ditu, eta % 75ek berrikuntza kulturalean lan egin du, bakardadea ikusgarriago eginez eta haren estigma hausten lagunduz.

Ikuspegi ekosistemikotik, ekimenen % 33k zaintza-ekosistema berriak hutsetik sortu edo sortzeko ahala ditu; % 17k bakardadearen dimentsioa lehendik zeuden sareetan integratu du; % 25ek zerbitzu berritzaileak txertatu ditu Tokiko Zaintza Ekosistemetan; eta beste % 25ek sistemaren osotasuna indartzeko funtsezko tresnak eskaini ditu.

Emaitza esanguratsuenen artean, hauek: Azpeitiko proiektuaren ondorioz arreta jaso duten 62 pertsonen artean egoitza-sarreren %100 saihestea lortu du; Urretxuk bizi-kalitatearen hobekuntza erakutsi du arreta-plan pertsonalizatuen bidez; eta Arrasatek bakardadearen arloan genero-arrakala agerian jarri du.

Bestalde, Maitaro bezalako ekimenek 300 laguntza eta esku-hartze izan ditu ospitalean; Hiru Hari-k 327 pertsona artatu ditu bazterketa-egoeran, unitate mugikorren bidez; Dar-Darrek 1.200 pertsonatik gora sentsibilizatu ditu, horietatik 600 ikasleak, eta Oihartzuna bezalako proposamen kulturalak ia 10.000 pertsonarengana iritsi dira, gizarte-sentsibilizazioa indartzea lagunduz.

Era berean, Debagoiena Ehuntzen bezalako ekimenek, 965 pertsona hartu dituzten tailer parte-hartzaileen bitartez, bakardadearen inguruan eskualde mailako solasaldi publikoa eragin dute; Kaixo Adiskidek 36 erakunde eta agente publiko barne dituen prozesua abiarazi du; AuzoEkinek 29 ‘bakardadearen begirale’ identifikatu ditu eta banakako esku-hartze planak martxan jarri ditu, eta Usurbilgo Zaintza Sare Komunitarioak, AuzoEkinek bezala, bakardadearen antzemate goiztiarra erraztuko duen sistema aurreratu bat abian jarri du. Etxelagun I-ek, azkenik, pertsona helduen ongizatea hobetu eta nahi ez den bakardadea murriztuko duen bizitoki-soluzio prototipo berria garatu du.

Europako proiekzioa

Jardunaldiak, halaber, KORALE Europako proiektuaren aurrerapenak aurkezteko balio izan du. Gipuzkoak gidatzen du egitasmoa, Adinberriren bidez, eta Austria, Danimarka, Irlanda, Belgika eta Portugalgo eskualdeekin lankidetzan garatzen ari da.

Proiektuaren helburua da nahi ez den bakardadeari aurre egiteko politika publikoak hobetzea, ezagutza-trukea eta jardunbide egokien identifikazioa oinarri hartuta. Orain arte, Europan arrakasta izateko zazpi gako nagusi identifikatu dira, besteak beste, irisgarritasuna, komunitatearen ezagutza, boluntariotza egituratua, pertsonan oinarritutako ikuspegia eta sektore arteko lankidetza.

Gaur aurkeztutako proiektu askok eskalatzeko eta Europan erreferente bihurtzeko gaitasuna dute, jada Kalelagun, Hariak Kantuz edo Maitaro bezalako Gipuzkoako ekimenekin geratu den bezala.

Horrela, Gipuzkoak aurrera egiten jarraitzen du zaintzen duen lurralde gisa, gero eta komunitarioagoa, prebentiboagoa eta pertsonengan zentratuagoa den eredua indartuz, garaiko erronka sozial nagusietako bati —nahi ez den bakardadeari— aurre egiteko.