Merkaturako Aurretiazko Kontsultaren ondorioen aurkezpena, Teknologia Berritzailearen Erosketa Publikoaren hurrengo lizitazioari begira
Prozesuak honako erronka honi erantzun dio: “Irtenbide berritzaileak identifikatzea, etxean iraupen luzeko zainketen esparruan telelaguntza prediktiboaren bidez autonomia sustatzeko ekosistema bat garatzea”.
Ostiralean, maiatzaren 5ean, Gipuzkoako Foru Aldundiak, Adinberri Fundazioaren bitartez eta Eusko Jaurlaritzarekin lankidetzan, Merkatuari Aurretiazko Kontsultaren ondorio orokorrak eta teknikoak aurkeztu zituen, eta amaitutzat eman zuen azaroaren 25ean hasitako faseari. Ekitaldia Donostiako Arima hotelean izan zen. Marian Olabarrieta, Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Saileko zuzendaria, izan zen irekiera instituzionalaren arduraduna. Bertan, Eusko Jaurlaritzak telelaguntza-eredu prediktibo baterantz aurrera egitearen aldeko apustua azpimarratu zuen, iraupen luzeko zainketen esparruan adinekoen etxean autonomia sustatzeko helburuarekin.
Administrazioaren erronka bat da, merkatuan irtenbideak bilatzea ekarri zuena Merkatuaren Aurretiazko Kontsultara: ETXEAN IRAUPEN LUZEKO ZAINKETEN ESPARRUAN TELELAGUNTZA PREDIKTIBOAREN BIDEZ AUTONOMIA SUSTATZEK EKOSISTEMA BAT GARATZEA”. Gipuzkoako Foru Aldundiko Gizarte Politiketako Departamentuak eta Adinberri Fundazioak sustatutako Zaintza HerriLab estrategiaren barruan kokatzen da erronka. Estrategia honetan parte hartzen dute Eusko Jaurlaritzak, Osakidetzak eta Gipuzkoako hamalau udalerrik lurraldeko beste eragile komunitario eta pribatu batzuekin batera. Helburua adineko pertsonei arreta pertsonalizatuagoa eta prebentiboagoa eskaintzea da, eta honen barrun Beti On telelaguntza-zerbitzuak rol estrategikoa du.
Marian Olabarrietak nabarmendu zuen telelaguntza-zerbitzuak 62.711 pertsonako estaldura duela EAEn, eta bakarrik bizi diren 75 urtetik gorako pertsonei eta mendetasun aitortua duten edo gizarte-zerbitzuek aitortutako isolamendu sozialeko arrisku-egoeran dauden 65 urtetik gorako pertsonei zuzenduta dagoela. Era berean, desgaitasun intelektuala, fisikoa edo sentsoriala eta edozein gradutan aitortutako mendekotasuna duten pertsonei zuzentzen zaie, bai eta diagnostikatutako gaixotasun mentala duten eta mendekotasun-egoera duten pertsonei ere.
Eusko Jaurlaritzaren apustua da 4P ereduan (prediktiboa, prebentziokoa, pertsonalizatua y parte-hartzailea) oinarritutako telelaguntza-eredu prediktibo baterantz aurrera egitea, plan pertsonalizatu baten bidez jardutea ahalbidetuko duena.
Eta, zehazki, jarraitu zuen Olabarrietak, “TeleAsistentziako Programazio Indibidualak (PITA) honako bost esku-hartze eremu hauek definitzen ditu: i) bakardadea; ii) erorketak; iii) segurtasuna: etxean, tratu txarrak eta autolisia; iv) narriadura kognitiboa; eta v) ingurune soziofamiliarrari laguntzea, CPI honekin erantzun nahi diogun eremuak baitira.
Azken batean, erabiltzaileen bizi-kalitatea sustatu nahi da, haien autonomia pertsonala eta elkarbizitzarako baldintza egokiak sustatuz beren etxean bertan, bai eta familia- eta gizarte- eta komunitate-ingurunean ere.
Erronka honi erantzuteko, lau ildotan oinarritutako soluzio teknologikoak identifikatu dira: i) hizketaren prozesamendua, ii) Internet of Things (IoT), iii) analitika aurreratua, adimen artifiziala eta Big Data eta iv) elkarreragingarritasuna eta estandarizazioa erraztuko duten teknologiak.
Rakel San Sebastianek, Adinberri Fundazioko zuzendariak eta txostenaren ondorio orokorrak aurkezteaz arduratu zenak, adierazi zuen “Merkatuari Aurretiazko Kontsulta egiteko prozesua, Gipuzkoako Foru Aldundiarentzat zein Eusko Jaurlaritzarentzat zahartzearen arloan aitzindaria izan dena, oso harrera ona izan duela, bai aurkeztutako eskaintzen bolumenagatik, bai kalitateagatik. Guztira, hogeita bost erakundek hogeita zazpi proposamen egin dituzte; horietatik hamalau euskal enpresa-sarekoak dira, sei Estatukoak eta bost nazioartekoak. Tipologiari dagokionez, hogeita bat enpresak dira, hiru zentro teknologikoak dira eta bakarra unibertsitate publikoa da. Dedikazio-arloari dagokionez, ikerketa zientifikora eta garapen teknologikora bideratutako jarduera-eremuak dira nagusi, eta nitxo teknologiko espezifikoagoetan diharduten enpresak dituzte, hala nola hizketaren prozesamendua eta transkripzioa edo errealitate birtualeko teknologiaren garapenak estaldura teknologiko zabalagoa duten enpresentzat.”
Bestalde, Eduardo Carrascok, IZFEko estrategia digitaleko teknikariak, honako hau esan zuen: “Badirudi merkatua gai dela Adinberri Fundazioaren eta Eusko Jaurlaritzaren egungo premiak zenbait alderditan bete ditzakeen produktu batez hornitzeko, baina ez da identifikatu erronkaren I. eranskinean planteatutako guztiari erantzun integrala emango dion merkatuko irtenbiderik, eta, beraz, erakundeen arteko lankidetza beharrezkoa izango da hura garatzeko”. Gainera, erabateko integrazioa behar da Eusko Jaurlaritzaren BetiOn Zerbitzuarekin eta harekin zerikusia duen azpiegitura guztiarekin, bai Kontrol Zentroari dagokionez, bai gainerako informazio-sistema elektronikoei dagokienez.
Prozesu honen helburua da jasotako proposamenen ezagutza ateratzea. Proposamenak oinarri izango dira etorkizuneko lizitazioari begira. Teknologia Berritzailearen Erosketa Publikoa izango da, eta maiatzean zehar argitaratuko da. Lizitazio-aurrekontua 800.000 euro ingurukoa izango da eta honen bidez, esperientzia pilotu bat jarriko da abian Oarsoaldeko ehun erabiltzailerengan, prozesua Eusko Jaurlaritzaren Berpiztu Programaren bidez finantzatzen baita. Berpiztu Programa ekonomia eta enplegua suspertzera bideratuta dago, eskualde behartsuentzat edo lehentasunezko jarduera-eremuentzat.
Jardunaldian erakunde, enpresa, startup, zentro teknologiko eta Adinberri, Eusko Jaurlaritza eta Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkariek parte hartu zuten, hirurogeita hamar pertsona guztira. Merkaturako Aurretiazko Kontsultaren ondorioak aurkezteaz gain, jardunaldiak bigarren helburu bat ere izan zuen: networking-gune bat eskaintzea, berrikuntza-ekosistemako eragileen arteko harremana sustatzeko eta, horrela, hurrengo lizitaziora lankidetza-proposamenak aurkeztea sustatzeko.