Atzo, ekainak 16, Merkatuan Prest topaketa ospatu genuen. Bertan, 27 euskal enpresa-ekimenek beren produktu eta zerbitzu berritzaileak aurkeztu ziren eskari publiko eta pribatuko ordezkarien aurrean, adineko pertsonak beren etxean edota egoitzetan artatzeko eta zaintzeko eredu berriak sustatzeko helburuz.
Bi zati izan zituen ekitaldiak. Lehenengoan, enpresa bakoitzak 5 minutu izan zituen, bere eskaintza erosle potentzialen aurrean aurkezteko. Lau arlotan sailkatu ziren: etxea egokitzeko eta laguntza teknikoak emateko produktuak eta zerbitzuak, adinekoentzako irisgarritasun hobea lortzea xede zutenak; ekipamendu soziosanitarioa; sistema domotikoak, eta argiztapen osasungarria. Halaber, zainketa soziosanitarioari aplikatutako teknologiak ere aurkeztu ziren, bai eta esku-hartze pertsonalizatuko zerbitzuak ere, hala nola jarduera fisikoa, elikadura, estimulazio kognitiboa eta nahi gabeko bakardadeari aurre egiteko harreman- eta gizarte-alderdiak.
Markel Olano diputatu nagusiak topaketaren hasieran azpimarratu zuenez, Gipuzkoa erantzun “positiboa, abangoardista eta lankidetzazkoa” ematen ari zaio gizartearen zahartzearen erronkari, bai Gizarte Politiketako Sailak indarrean dituen politiken bidez, bai Adinberri fundazioak sustatutako ekimenen bidez.
“2018az geroztik, Adinberri estrategia lantzen ari gara, berrikuntza sustatzeko zahartze osasungarriaren zerbitzura. Horretarako, funtsezkoa da zilarrezko ekonomia delakoari lotutako sektore bat garatzea, produktuak, zerbitzuak eta konponbideak sortuko dituena, pertsonen bizi-kalitatea hobetzeko eta zainketa pertsonalizatuagoak nahiz komunitarioagoak lortzeko trantsizioan aurrera egitea ahalbidetuko diguna”, adierazi zuen.
Zentzu horretan, Olanok adierazi zuen Merkatuan Prest topaketak erakusten zuela Gipuzkoak duen “ahalmen berritzaile handia”, zahartze osasungarriaren zerbitzura jarri nahi dena. “Mugarri berritzailea eta garrantzitsua” da Adinberri estrategiaren zabalkundean eta, gaineratu zuenez, Adinberri ekosisteman inplikatutako “eragile guztien arteko lankidetzan irmo aurrera egitera” eraman behar gaituzte horrelako hitzorduek.
Merkatuan Prest topaketako bigarren zatiak networkinga izan zuen xede. Horretan, aldez aurretik hitzartutako banakako 100 bilera baino gehiago egin ziren, produktu eta zerbitzuen hornitzaileen eta erakunde interesdunen artean.
Produktu eta zerbitzuen eskaria Administrazio Publikoak ordezkatu zuen, besteak beste, Eusko Jaurlaritzak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Donostiako eta Hernaniko udalek. Gainera, sistema soziosanitarioko eta Hirugarren Sektore Sozialeko ordezkariak egon ziren, hala nola Kabia, Domus VI, Aztertzen, Zaintzen, Biharko Taldea, Matia, SSI Taldea, Caser, Adinkide, Afagi, Aubixa, Euskofederpen eta Hurkoa. Ezagutzaren arloko zenbait eragilek ere parte hartu zuen, besteak beste, Tecnaliak, Vicomtechek, Tknikak eta EHUk. Laboral Kutxa, Kutxabank eta Rural Kutxa finantza-erakundeek ere ez zuten hitzordua galdu nahi izan, adinekoen kolektiboarentzako duten balio-proposamena eguneratze aldera.
Udaren ondoren, ADINBERRIk Silver Economyko enpresen, zentro teknologikoen eta erakundeen arteko topaketa sustatzen jarraituko du, ekitaldian aurkeztutako Adinberri Ibilbideen bidez. Horiei esker, eskariaren ordezkariek instalazioetan bertan ekimenak sakonago ezagutu nahi badituzte, horretarako aukera izango dute, Gipuzkoako eskualdeetan antolatutako bisitaldietan.