Lan eta Enplegu Sailak eta Adinberrik loturak estutu dituzte 200 zaintzailek profesionaltasun ziurtagiria eskura dezaten
Ostiralean goizean, Alfonso Gurpegui, Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarteratzeko sailburuordea, eta Maite Peña, Gizarte Politiketako foru diputatu eta Adinberriko presidentea, prentsaurrekoan agertu ziren, zaintzaile profesionalen prestakuntza sustatzeko bi aldeek sinatu duten akordioaren berri emateko. Prestakuntza ekintza honen xedea da zaintzaileek profesionaltasun ziurtagiria eskuratzea, Aldundiak mendekoei ematen dien Laguntza Pertsonalerako Prestazio Ekonomikoaren baitan. Jarduera hori 2023ko urtarrilean aktibatu zen, eta datorren urtean ere garatuko da lurraldeko hainbat eskualdetan.
Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Lan Sailak emango duen 200.000 euroko dirulaguntzari esker, eta Gipuzkoako Foru Aldundiak, Adinberriren bitartez, datozen bi urteetan 200 profesionalengana iritsiko den prestakuntza ekintza aktibatu du. Saioak Donostialdea, Urola Kosta, Debagoiena, Debabarrena eta Tolosaldean egingo dira, 25 pertsonako zortzi taldetan. Ibilbidea Donostian hasi da, Grupo SSI kooperatibaren lankidetzarekin, talde hori ari baita prestakuntza saioak eta akonpainamendua ematen.
Prestakuntza horren helburua da etxeko zainketen eremuko langileek, LPPEren bidez kontratatutakoek eta autonomiarako eta mendekotasunaren arretarako sistemako zentroetako eta zerbitzuetako profesionalen behin-behineko gaikuntza dutenek, zaintzailearen, etxez etxeko laguntzailearen edo laguntzaile pertsonalaren lanbide kategorietan, mendekotasuna duten pertsonei arreta soziosanitarioa etxean emateko profesionaltasun ziurtagiria lortu ahal izatea.
“Zaintzaile profesionalei gaitasun teknikoak eman nahi dizkiegu, mendekotasuna duten pertsonek etxean jasotzen duten arreta hobetzen jarraitzeko; urrats erabakigarria da zaintza profesionalizatzeko”. Ildo horretan, Maite Peñak gaineratu zuen ekintza hori zaintzaren arloan lan egiten duten profesionalei zuzendutako prestakuntza estrategia baten barruan sartzen dela, eta estrategia horrek sei lan ildo dituela. “Helburua da eskariaren beharrei erantzutea, sektorearen profesionalizazioan aurrera egitea, zainketen sektoreari balioa ematea eta sektore horretan berrikuntza sustatzea”, azaldu zuen.
Estrategia horretan nabarmentzekoa da Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Lan Sailarekin izandako lankidetza, Zainlab-en esparruko lan ildo batzuk finantzatu eta bultzatzen baititu. Bi erakundeen arteko lankidetzan bultzatutako beste ildo bat da gaikuntzarako eta laguntzarako jarduera berritzaile bat garatzen duena, silver economy delakoaren esparruan irtenbide berritzaileak garatzera bideratuta. Horretarako, aldez aurretik, enpresen hasierako diagnostikoa egingo da, eta Silver merkaturako trantsizio eredua definituko da. Ondoren, bizi-luzeraren ekonomiaren esparruan balio-proposamen bat garatzera bideratutako hainbat prestakuntza-modulu konbinatuko dira.
Prestakuntza estrategia horrekin, eta lan ildo guztien bitartez, aurreikusten da aurten 2.500 profesional ingurura iristea, “gure prestakuntza eskaintza egokituz antzemandako premietara, betiere modu malguan eta hazten jarraitzeko bokazioarekin, horrela zainketetan aurrera egiten jarrai dezagun, sektore sendo eta punta-puntakoa izanik”, diputatuak gaineratu zuenez.
Bestalde, Enpleguko eta Gizarteratzeko sailburuordeak adierazi zuenez, “zaintzen sektorea hazten ari da, eta datozen urteetan 40.000 lanpostu sortuko ditu. Hori dela eta, beharrezkotzat jo du estrategia bat abian jartzea, gure gizartearen eraldaketak dakartzan aukerak aprobetxatuko dituena, eta gaikuntzari eta trebetasunei buruzko prestakuntza modu berriak eskainiko dizkiona, bereziki zainketen sektore honetan”.
Ildo horretan, gogorarazi zuen Zainlab programaren ildoetako bat, bere sailak bultzatzen duena eta zainketen sektorea profesionalizatzeko hainbat jarduera eremu barne hartzen dituena, zeregin horietan jada lanean ari diren baina prestakuntza espezifikorik ez duten pertsonez arduratzen dela, eta helburu nagusia duela “zainketen arreta duintzea, lanbideari balioa ematea eta zeregin horietan aritzen direnak -gehienak emakumeak dira- modu egokian prestatzea”.
Lan eta Enplegu Saila Gipuzkoako Foru Aldundiarekin lankidetzan ari da silver economyko prestakuntza curriculuma diseinatzeko ere, Gurpeguik adierazi zuenez. Ekintza “guztiz berritzailea da, diziplina profesional desberdinei espezializazioa ematea ahalbidetuko duena, enplegagarritasun handiagoa emateko eta, aldi berean, erronka horrekin lotuta enpresa aukerak sortzeko”. “Kontua da gaitasun berriak sartu behar direla zainketa zerbitzuak ematearekin zuzenean lotutako lanbide profiletan, edo pertsona eta haren premiak kontuan hartzen dituen zaintza-eredu bat zeharka laguntzen duten jardueren eta zerbitzuen lanbide profiletan”.