Gipuzkoako HARIAK estrategia "eredu inspiratzailea" bihurtu da Europarentzat

2024 / 12 / 04

Gipuzkoako HARIAK estrategia "eredu inspiratzailea" bihurtu da Europarentzat

KORALE, nahi ez diren bakardadeei aurre egiteko bidaia europarrak, Vienan ospatuko du bere bigarren topaketa Donostiatik abiatuta

'Korale Community Rail 2024-2025' Europan nahi ez diren bakardadeen erronkari aurre egiteko nazioarteko foroak bigarren geldialdia egin du Vienan, ekainean Donostian bidaia hasi ondoren. ADINBERRI, Europako proiektu honen liderra, topaketan izan da eta HARIAK estrategia aitzindari eta berritzailean kokatutako ekimenei balioa eman die, foro honetan Europarako "eredu inspiratzaile" gisa aitortua.

Austriako Bakardadearen Aurkako Plataforma Social City Viennak, Emakumearen Osasun Bulegoak eta Vienako Arreta Medikoko Helburu Estrategikoen Unitateak, Zainketetako eta Gizarte Politiketako diputatua Maite Peñak eta ADINBERRIko zuzendari nagusia Rakel San Sebastianek antolatutako hitzorduan, nahi ez den bakardadeari aurre egiteko eta hura prebenitzeko Gipuzkoako proiekturik nabarmenenak azaldu dituzte. Horien artean, Kalelagun, EHUrekin lankidetzan, edo HARIAK Kantuz, lurraldeko Abesbatzen Federazioarekin batera.

San Sebastianek Europako publikoaren aurrean azaldu ditu ADINBERRIk bultzatutako azken proiektuak, hala nola Bakardade Egoerak Prebenitzeko eta Laguntzeko Unitatea, Telelaguntza Prediktiboaren ekimena eta bakardadeari buruzko laguntza monografikoen azken deialdia, 800.000 euroko zuzkidurarekin. "KORALEren lidergoa izatea aukera aparta da Gipuzkoarentzat, politika publikoen ardatz izan behar duen errealitate hori arintzeko bidean, ikasteko, hausnartzeko eta jardunbide egokiak partekatzeko aukera ematen digulako. Europako sare horren parte izatea eta esperientzia positiboak ezagutzeko eta trukatzeko komunitate bat sortzea funtsezkoa da lurraldeko adinekoen ongizate integrala hobetzeko lanean jarraitzeko", adierazi du.

Bestalde, Zainketetako eta Gizarte Politiketako diputatua Maite Peñak nabarmendu duenez, "Gipuzkoa aitzindaria da pertsonak erdigunean jartzen dituzten gizarte-politiketan, guztiontzako etorkizun gizatiarragoa eta konektatuagoa eraikitzeko".

Nazioarteko Foroak, halaber, KORALEko kide diren Europako beste eskualde batzuen ekimenak ezagutzeko balio izan du, hala nola Danimarkako "HUSRUM", komunitate-guneen sorreran oinarritutako proiektua; Belgikako "OverKophius", belaunaldien arteko bizikidetza sustatzen duena; Portugalgo "A Avó Veio Trabalhar" eta "Pelo Direct ao Vento Cabelos", Lisboan sormena, komunitatea eta ongizatea uztartzen dituena.

KORALE proiektua

KORALE, Europako Interreg Europe programaren parte da, eta politika publikoetatik bakardadea prebenitzeko eta horri heltzeko ezagutza sustatzea du helburu. Ekimen aitzindaria da, eta Gipuzkoa eta Austria, Portugal, Irlanda, Belgika eta Danimarka lotzen ditu. Lankidetzaren eta ebidentzia zientifikoaren bidez, gizarte-kohesioa sustatzea eta nahi ez den bakardadea murriztea du helburu.