I. Adinberri Ibilbideak Oroi, Solumobel, Zenta eta Gureak Ostalaritza enpresen instalazioak bisitatu zituen

2022 / 11 / 03

Urriaren 27an egin zen I. Adinberri Ibilbidea. Bertan, arretaren eta zainketen arloan interesa duten erakunde publiko-pribatuetako hogei bat ordezkarik Gipuzkoako lau enpresaren instalazioak bisitatu zituzten: Oroi, Solumobel, Grupo Zenta eta Gureak Ostalaritza. Lau enpresek adinekoentzako arreta- eta zaintza-ereduetara bideratutako berrikuntza sozial eta/edo teknologikoko irtenbide berrietan lan egiten dute.

Ibilbidea goizeko bederatzietan hasi zen, Ibaetako aparkalekuan. Bertan, Adinberriko autobus bat zegoen zain, parte-hartzaileak lehen helmugara eramateko: Oroi enpresara.

Zuatzu Parke Teknologikoan kokatua, Oroi enpresak errealitate birtualeko esperientziak garatzen ditu entretenimendurako eta estimulazio kognitiborako. Oroiko CEOa, Jorge Maylin, bere taldearekin batera, bisita gidatua egiteaz arduratu zen.  Oroiko instalazioak eta entretenimendurako eta estimulazio kognitiborako esperientzien programa ezagutarazi zituen. Gainera, bertaratutakoek errealitate birtualeko betaurrekoak erabili ahal izan zituzten eta terapia kognitiboetan eta adinekoen ongizate emozionalean duten erabilgarritasuna egiaztatu ahal izan zuten.

Solumobel enpresa izan zen ibilbideko bigarren geltokia. Jon Telleriak, enpresaren sortzaileak, parte hartzaileei harrera egin zien Usurbilgo instalazioetan. Telleriak Solumobelek altzari egokituen arloan eskaintzen dituen soluzio guztiak ezagutarazi zituen, hala nola sukalde irisgarria, ergonomikoa eta segurua.

I. Adinberri Ibilbidearen hirugarren geltokia Errekalden dagoen Ortopedia Zenta enpresa izan zen. Zentak ortopedia-zerbitzuak eta ezgaitasun eta zahartze aktiborako irtenbide pertsonalizatuak eskaintzen ditu. Luz Cascallar zuzendariak enpresaren instalazioak aurkeztu zituen, baita bertan lan egiten duen taldea ere. Era berean, une honetan azken bezeroei, egoitzei eta zaintza-enpresei eskaintzen dizkieten produktu eta zerbitzu berritzaileak erakutsi zituen.

Gureak Ostalaritza enpresa izan zen ibilbidearen azken helmuga. Parte-hartzaileek enpresaren instalazioak ezagutu ahal izan zituzten Laura Cuesta gerentearen eskutik. Laurak eta Carlosek enpresako adinekoentzako elikadura zerbitzua aurkeztu zuten eta eskaintzen duen janari testurizatua dastatzera eman zuten.

I. Adinberri Ibilbidea 14: 00etan amaitu zen, abiapuntu berean. Datozen egunetan, ibilbide berri bat egingo da, Gipuzkoako beste lau enpresen instalazioak bisitatzeko.

Bisitatu eguneko argazki albuma: https://www.flickr.com/photos/184645489@N06/albums/72177720303237122