HARIAK HUBek ondoan aritzeko prozesuaren lehen txanda amaitu du
‘ADINBERRI-HARIAK’ laguntzen deialdiaren onuradun izan diren Debagoienaren, Usurbilen eta Tekum Fundazioaren proiektuek, tresna horren laguntza jaso dute
HARIAK HUBek amaitu du dagoeneko 800.000 euroko ADINBERRI-HARIAK laguntza-deialdiko proiektu onuradunei zuzendutako ondoan aritzeko prozesuaren lehen fasea. Azken bileretan Debagoienaren, Usurbilen eta Tekum Fundazioaren ekimenak izan dira protagonista.
Zehazki, ‘Debagoiena ehunduz’ proiektu traktorean Antzuola, Arrasate, Aretxabaleta, Bergara, Elgeta, Eskoriatza, Leintz Gatzaga eta Oñatiko udalak daude inplikatuta. Bakardadeei aurre egiteko inguruko eragileak koordinatzea eta dinamizatzea helburu duen ekimena da. Ekintzen inpaktua eta irismena handitzean eta, aldi berean, baliabideak optimizatzean oinarritutako proiektua da, bakardade egoerak prebenitzen eta horiei aurre egiten laguntzen duten ekintzak eta eragileak identifikatuz eta talde lanerako espazioak garatuz. Proiektuaren azken helburua, eratzen den ekosistema denboran jasangarria eta eredugarria eta beste ingurune batzuetara eskalatzeko modukoa izatea da.
Era berean, Udala eta Zabalduz buru dituen ‘Zainketen Usurbilgo Sare Komunitarioa’ proiektuaren helburua nahi ez diren hauskortasun eta bakardade egoerek Usurbilgo herritarrengan sortzen dituzten ondorioak garaiz detektatzea eta saihestea da. Gainera, komunitatea aktibatzea bilatzen du, gizartean, hezkuntzan eta komunitatean esku hartzeko zerbitzua eskainiz, baita errealitate hori pairatzen duten pertsonei zuzendutakoa ere.
Azkenik, Tekum Fundazioak, Asmoz Fundazioak eta Arrasateko Udalak, elkarrekin, ‘Bakardadea zahartzaroan eta generoa’ esplorazio proiektua martxan jarri ahal izango dute deialdi honi esker. Azterketa horri esker, esku hartzeko eta genero bakoitzaren errealitateei erantzungo dieten politikak diseinatzeko funtsezko arloak identifikatu ahal izango dira, hasierako hipotesien arabera bakardadeak modu desberdinean eragiten baitie adinez aurrera doazen emakumeei eta gizonei. Azterlan horrek zahartzaro duina eta gipuzkoar guztien beharretara egokitua lortzen lagunduko du.
Guztira, HARIAKen I. Jarduketa Plana (2022-2027) gauzatzeko funtsezko tresna den HARIAK HUBek topaketak egin ditu nahi ez zen bakardadea lantzeko eta prebenitzeko lehen deialdi monografikoaren onuradun izan ziren 12 ekimenekin.