Atzealdea HARIAK HUBek ADINBERRI-HARIAK deialdiko proiektuei laguntzeko prozesuaren bigarren faseari ekin dio

2025 / 10 / 01

HARIAK HUBek ADINBERRI-HARIAK deialdiko proiektuei laguntzeko prozesuaren bigarren faseari ekin dio

Saioak egin ditu Debagoienarekin, Ados Teatroarekin, zahartzaroari eta generoari buruzko esplorazio proiektuarekin, Kaixo Adiskide! izeneko proiektu traktorearekin eta Urretxu Zaintzen esplorazio-proiektuarekin

HARIAK HUBek dagoeneko hasi du 800.000 euroko ‘ADINBERRI-HARIAK’ laguntza-deialdiko proiektu onuradunei laguntzeko prozesuaren bigarren fasea. Saio horien helburua da 12 ekimenen garapenaren jarraipena egitea, zalantzak eta gaiak jasotzea edo argitzea, proiektuei laguntzea eta hurrengo erronkak eta desafioak aztertzea.

Ostegun honetan, hilak 18, egindako lehen bileraren protagonista Debagoieneko eskualdeko ‘Debagoiena ehunduz’ izeneko proiektu bultzatzailea izan da. Ekimen horretan Antzuola, Arrasate, Aretxabaleta, Bergara, Elgeta, Eskoriatza, Leintz Gatzaga eta Oñatiko udalak daude inplikatuta.

Bakardadeei aurre egiteko inguruko eragileak koordinatu eta dinamizatzea helburu duen proiektua da. Azken helburua eratzen den ekosistema denboran jasangarria eta eredugarria eta beste ingurune batzuetara eskalatzeko modukoa izatea da. Kasu honetan, bileran egindako gobernantza lana eta proiektuaren abian jartze positiboa nabarmendu dira.

Era berean, HARIAK HUBek beste topaketa bat izan du jada Ados Teatroarekin. Kultur sorkuntzaren bidez nahi ez den bakardadeari aurre egiteko haien proiektua ere mugarri garrantzitsuak lortzen ari da. Horrela, hainbat ekintza egin dituzte, hala nola tailerrak edo Gipuzkoako hainbat udalerritan proiektatu diren eta oso solasaldi eta azterketa interesgarriak ekarri dituzten mikrodokumentalak. 

Ados Teatroak Bidebitarte Kooperatiba (Giza Eskubidea Eszenara), Astigarragako Udala eta Kultur Kabia (Gertu Kultura) ditu eragile laguntzaile.

Azken egunetako bileretako protagonistak hiru proiektu izan dira: alde batetik, Asmoz eta Tekum fundazioek Arrasateko Udalarekin batera bultzatutako esplorazio proiektua, zahartzaroko bakardadearen eta generoaren ingurukoa; bestetik, Zestoako Udalaren 'Kaixo Adiskide!' izeneko ekimena, 'Zestoa Zaintza Sarea' eta 'Santa Casa de Misericordia' erakundeen lankidetzarekin; eta azkenik Urretxuko Udalaren 'Urretxun Zaintzen' proiektua.

Lehenengo kasuan, adin aurreratuko emakumeen eta gizonen bakardadeak nola eragiten duen aztertu nahi da, esku hartzeko eta politika publikoak diseinatzeko funtsezko arloak identifikatu ahal izateko. Bestalde, aipatutako bigarren proiektuak bakardadeari aurre egin nahi dio, Zestoa Zaintza Sarea osatzen duten eragileekin lankidetzan ekosistema bat sortuz. Urretxuko ekimenak, aldiz, aurrerapausoak eman ditu laguntza komunitarioan, teknologiaren erabileran eta senideenganako kontzientzia eta sentsibilizazioan.