Atzealdea HARIAK Hub-ek ADINBERRI-HARIAKen dirulaguntzen azken deialdiko proiektu onuradunekin hirugarren bilera-txanda hasi du
HARIAK Hub-ek ADINBERRI-HARIAKen dirulaguntzen azken deialdiko proiektu onuradunekin hirugarren bilera-txanda hasi du
Lehenengo hiru topaketak Dar-Dar, Beasaingo Udala, Tekum Fundazioa, Asmoz Fundazioa, Arrasateko Udala, Lotura Giza Garapena, Errenteriako Udala eta EHUrekin izan dira
HARIAK Hub-ek ADINBERRI-HARIAKen dirulaguntzen azken deialdiko proiektu onuradunekin hirugarren bilera-txanda hasi du. Lehenengo topaketan, "Dar-Dar" ekimen sozial kooperatiboaren eta Beasaingo Udalaren proiektu esperimentala izan da protagonista. Proiektu honen helburua da herritarrak sentsibilizatzea eta heztea nahi ez den bakardadearen eta osasun mentalaren arteko zuzeneko harremanaren inguruan.
Sentsibilizazio fase bat eta diagnosi fase bat eduki dituen ekimen honen emaitzak bikainak izan dira eta topaketa honek balio izan du lortutako helburu horiek mahaigaineratzeko. ‘Dar Dar’ek azaldu duenez, parte-hartzea sentsibilizazioa fasean oso handia izan da eta 1.200 pertsonengan, horietatik 600 ikasleak, inpaktua izan duela kalkulatzen dute.
Aurreikusitako helburuak beteko direla azpimarratzeaz gain, ekimena integrala, horizontala eta zeharkatzailea izan dela nabarmendu nahi izan dute. Era berean, kudeaketa parte-hartzailearen kultura erdigunean egon dela gehitu dute. Jendearen parte-hartze zifrek proiektuak izandako hedapenaren erakusle hoberena dira.
Asier Zinkunegi ekimenaren arduradunak adierazi du espero dutela “beraien inguruan egon daitezkeen egoera desberdinak identifikatu, ulertu eta kudeatzen laguntzeko pertsona hauen begirada trebatu izana”. Hain zuzen ere, ezin baita ahaztu “bizitzako une desberdinetan guztiok pasako garela egoera hauetatik, eta laguntza eman eta jasotzeko prestatu behar dugula”.
Tekumen 'Bakardadea zahartzaroan eta generoa' proiektua
HARIAK HUB taldeak bilera berri bat izan du "Bakardadea zahartzaroan eta generoa" esplorazio-proiektuaren ordezkariekin, zehazki Tekum Fundazioarekin, Asmoz Fundazioarekin eta Arrasateko Udalarekin. Arduradunak oso pozik daude ekimenak izan duen harrerarekin eta erantzunarekin.
"Zahartzaroak berez bakardade ez-hautatuaren arriskua handitzen badu, are larriagoa da egoera ekonomiko prekarioan bizi den bakardadea”, esan du Errukane Aperribai, ekimenaren arduradunetako bat. “Gizon eta emakumeen arteko arrakala ekonomikoa gainditzen ez den bitartean, emakumeek bakardade egoerak pairatzeko arrisku handiagoa izango dute”, azpimarratu du.
Bakardadea eta generoa ardatz izan dituen ikerketa-proiektu honek, beraz, aurreikusitako moduan garatu da eta bereziki pozik daude jendeak emandako erantzunarekin. Hirugarren adinekoekin topaketak izan dute harrera beroena, oso eskertuak azaldu direlako entzunak izateko eman zaien aukerarengatik.
Lotura Giza Garapenaren ‘Hiru Hari’ proiektua
HARIAK HUBk ere bilera egin du Hiru Harirekin, Errenteriako Udalaren eta EHUren laguntzarekin Lotura Giza Garapenak bultzatutako proiektuarekin. Laguntza psikologikoko zerbitzu bat da, bazterkerian edo etxegabetasunean dauden pertsonen bakardade emozionala eta soziala jorratzen duena, unitate mugikor bat (Kam Unitatea) erabiliz isolamendua saihesteko. Hiru Hariren arduradunek adierazi dutenez, proiektuak "emaitza oso interesgarriak eman ditu eta oso jarduera berritzailea du".

