GoiOSASUNLab II

GoiOSASUNLab proiektuaren helburua da esperientzia pilotuak garatzea adinekoak mendekotasun faseetan sartzen diren momentua atzeratzeko, horretarako hauskortasun funtzionala eta narriadura kognitiboa prebenitzeko komunitate zerbitzu digital bat sustatuta. Zerbitzu horrek ohitura osasungarrien hobekuntza ere izango du helburu, betiere mankomunitateko eragileei zuzendutako aukera espazioak sortuta, kasu honetan Goierrin. Oso garrantzitsua izango da udalerrian momentu honetan dauden baliabideak kontuan hartzea, horiekin indarrak batu ahal izateko eta zerbitzu efizienteago bat eskaini ahal izateko (gobernantza).

HELBURU ZEHATZAK:

  • Adinekoak erakarri eta motibatzea, ez bakarrik bizi ohitura osasungarriak sortzeko, baizik eta mundu digitalera sartzeko ere. Horretarako, proiektua bultzatzen lagunduko duten udalerri bakoitzeko sare formal eta informalak ezagutu behar dira. Proiektuan bi udalerri mota hartzen dira kontuan:
    • Landa udalerriak: adinekoen ordezkari moduan jarduten duen erreferentziako pertsona identifikatzea, udalerriko gizarte zerbitzuen arduradunekin batera (gehienetan, alkatea). Gutxienez bi pertsona sustatzaile.
    • Hiri udalerriak: adinekoen kolektiboaren ordezkari moduan jarduten duten elkarteak eta elkarte horietako erreferentziako pertsonak identifikatzea. Halaber, udalerriko gizarte zerbitzuen arduradunak identifikatzea, normalean oinarriko gizarte langileak izaten direnak. Gutxienez hiru-lau pertsona sustatzaile.
  • Profil profesional berri bat sortzea: etxebizitzetan teknologia sartzea ahalbidetzen duen pertsona bat, gaur egun dagoen eten digitala desagerrarazita eta, modu horretan, teknologiari esker prebentzioan oinarritutako bizi ohitura osasungarriak sustatzea.
  • Erabiltzaile bakoitzari NAIHA FAMILY teknologia aplikatzen laguntzea, teknologia hori baita osasuna eta ongizatea hobetzen dituzten esku hartze pertsonalizatuak adineko pertsonen etxeetaraino eramango dituena. Teknologia honetan sartu diren protokoloek eta metodologiek erabiltzaileen osasun egoera % 20ra arte hobetzea lortu dute.
  • Prebentziotik jardutea, horretarako bideragarritasun azterketa bat eginda, definitutako balio proposamena abiapuntu hartuta. Bai osasun sistema eta baita sistema asistentziala ere uneko arazoak konpontzen ahalegintzen dira, baina proposamen honek paradigma aldaketa bat proposatzen du, prebentzioa oinarri hartuta. Hala ere, hori lortzeko, baterako bideragarritasun analisi bat egin behar da, erabiltzaileekin eta zerikusia duten erakunde guztiekin, koordainketa aukerak aztertzeko.

Informazio gehiago