Atzealdea Gipuzkoako Foru Aldundiaren Ongizatearen Plaza Elgoibarrera iritsi da

2026 / 09 / 11

Gipuzkoako Foru Aldundiaren Ongizatearen Plaza Elgoibarrera iritsi da

ADINBERRI telebista-programak ‘Ongizatearen Plaza’ jardunaldia inauguratu du Kalegoen plazan. Ondoren, elikadura osasungarriari, bizikidetzari, loturei eta harreman sozialei eta estresaren kudeaketari buruzko jarduerak egin dira

Gaur estreinatu da Kalegoen plazan ‘Ongizatearen Plaza’ ekimena. Foru Aldundiak antolatutako gune ireki eta berritzailea da, eta bi egunez Elgoibarko kaleak elkarrizketarako eta entzuteko gune bihurtu ditu, besteak beste, ariketa fisikoaren, elikadura osasungarriaren, barre-terapiaren eta sormenak ongizatean duen eraginaren inguruan.

Ongizatearen Plazari Iñigo Vicens prestatzaile fisikoaren eskutik eman zaio hasiera. Vicens ADINBERRI telebista-programaren dinamizatzailea da, eta adinekoei zuzendutako ariketa fisikoari buruzko saioa eskaini du. Espazio berean, Naia Rosek estimulazio kognitiboko saioa eskaini du, Raquel Rodríguez mindfulness adituaren parte-hartzearekin.

Jardunaldian, gainera, elikadura osasungarriari buruzko hitzaldia egin da, eta agroekologiako aditu batek elikadura arduratsu eta jasangarriaren gakoak azaldu ditu. Ondoren, euskarak hizkuntza, identitate eta integrazio gisa duen garrantziaz hitz egin da, baita loturak eta harreman sozialak sustatzeko beharraz ere. Horretarako, jardunaldia barre-terapiako ariketa praktiko eta parte-hartzaileekin amaitu da, estresa askatzeko eta egunerokoari ikuspegi positiboago batetik aurre egiteko.

Ongizatearen Plazaren hamargarren edizioa

Orain arte, Ongizatearen Plaza Zarautzen, Bergaran, Eibarren, Legazpin, Hernanin, Pasaian, Deban, Donostian eta Hondarribian egin da, eta Elgoibarkoa hamargarren edizioa izan da.

«Ongizate integralaren inguruan elkarrizketan aritzeko eta gogoetak partekatzeko gune ireki bat da», azaldu du diputatu nagusiak. Haren esanetan, «pertsona guztien ongizate integrala» da «komunitate eta lurralde gisa plazaren erdigunean jartzen jakin behar dugun lehentasuna».

Horregatik guztiagatik, proiektu honen bidez «ongizate integralari plaza bat eskaintzea» da helburua, Mendozak gogorarazi duenez, Gipuzkoako udalerri eta auzoetako plazak «komunitatearen elkargune dira, elkarrizketan aritzeko, elkarrekin egoteko eta ospatzeko». «Ekimena honen bidez, hain zuzen ere, ongizateari buruz hitz egin nahi dugu eta, modu parte-hartzaile eta ludikoan, egunerokoan eta komunitate-bizitzan aurrerapauso berriak emateko bideak partekatu», zehaztu du.