Atzealdea Gipuzkoako Foru Aldundiaren Ongizatearen Plaza Eibarrera iritsi da

2026 / 02 / 26

Gipuzkoako Foru Aldundiaren Ongizatearen Plaza Eibarrera iritsi da

ADINBERRI telebista-programak Errebal merkatuko ‘Ongizatearen Plaza’ jardunaldia inauguratu du, eta honen ondoren, nahi gabeko bakardadeari, osasun mentalari, inklusioari, elikadura jasangarriari eta berdintasunari buruzko jarduerak egingo dira.

Gaur estreinatu da Errebal merkatuan 'Ongizatearen Plaza' ekimena. Goiz eta arratsalde, ongizate integralaren inguruko hainbat solasaldi, mahai-inguru eta jarduera parte hartzaile hartuko ditu Foru Aldundiak antolatutako espazio berritzaile honek. Hala nola, mintzagai izango dituzte bertan nahi ez den bakardadea, ariketa fisikoa, buruko gaitzak dituzten pertsonen inklusioa, buru osasuna, tekno-adikzioak, elikadura jasangarria eta berdintasuna.

Gaur goizean, Ongizatearen Plaza 10:00etan abiatu da, Adinberri telebista saioaren gidari Iñigo Vicens prestatzaile fisikoaren eskutik, adinekoei zuzendutako ariketa fisikoa eta elikaduraren inguruko tartearekin. Tarte berean, Naia Rosek estimulazio kognitiboko saioa eskaini du eta Raquel Rodriguez mindfulnessean adituak ere hartu du parte. Goiz berean, 11:30etik aurrera, nahi ez den bakardadea izan dugu mintzagai, Ados Teatroak gaiaren inguruan ekoiztutako filme laburren bitartez. Ados Teatroa-ko Jose Antonio Vitoriaren, filmaren protagonistetako baten, eta Eibarko Untzaga jubilatuen elkarteko ordezkari baten arteko solasaldiak borobilduko du ekintza hori.

Gainera, arratsaldean osasun mentalaz eta gaixotasun mentalez hitz egingo da, eta ondoren, emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaz. Jardunaldia elikadura jasangarriari buruzko solasaldi batekin amaituko da. Bihar goizean, aldiz, gazteen ongizatea izango da gai nagusia. Sare sozialen erabileraz eta suizidioaz gain, mugikorren eta teknologia digitalen erabilera arduratsu eta osasungarriari buruz ere arituko dira.

Ongizatearen Plaza ekitaldiaren hirugarren edizioa

Orain arte, Ongizatearen Plaza Zarautz eta Bergarako udalerrietan ospatu da, eta Eibarko jardunaldi hau hirugarren edizioa izango da. Laugarren edizioa martxoaren 26an eta 27an ospatuko da Legazpin.

“Ongizate integralaren inguruan hitz egiteko eta elkarri entzuteko gune irekia da hau”, azaldu du Mendoza diputatu nagusiak, “pertsona guztien ongizate integrala” baita bere esanetan “komunitate eta lurralde bezala plazaren erdian jartzen asmatu behar dugun lehentasuna”. Horregatik eskaini nahi zaio, egitasmo honen bitartez, “plaza bat ongizate integralari”. Mendozak gogorarazi du gipuzkoar herri eta auzoetan “komunitatearen elkargune” direla plazak, “elkar entzuteko, elkarrekin egoteko eta ospatzeko” topagune, alegia. “Ekimen honen bitartez, hain zuzen ere, ongizatearen inguruan hitz egin eta, modu parte hartzaile eta ludiko batean, egunerokoan eta komunitate bizitzan urrats berriak emateko bideak partekatu nahi ditugu”, zehaztu du.

Egitarau eta ordutegi osoa hemen: https://plaza.gipuzkoa.eus/eu/plaza-zure-herrian/eibar