null Gipuzkoak “silver economy” delakoaren eremuan espezializatzeko oinarriak ezarri ditu

2021 / 03 / 22

Foru Aldundiak, Adinberri zahartze osasuntsuaren estrategiaren esparruan, “silver economy” delakoa bultzatzeko plan bat garatuko du, bost espezializazio nitxotan oinarrituta:

  • Zerbitzu soziosanitarioak eta arreta ereduak
  • Etxearen egokitzapena eta laguntza teknikoak
  • Turismo seniorra
  • Ingurune lagunkoiak
  • Teknologia gaitzaile digitalak

Estrategia horrek ikuspegi soziala eta ekonomikoa bateratuko ditu, horrela, alde batetik, adinekoen bizi kalitatea eta arreta hobetzeko, eta, bestetik, enpresa proiektu berrien sorrera eta hazkundea bultzatzeko.

Azpimarratu behar da, zilar ekonomia hazkunde bete-betean dagoen merkatua dela, Gipuzkoako BPGaren % 5,5 -1.472 milioi- eta enpleguaren % 9,2 -31.885 lanpostu- sortzen dituena, eta lurraldean potentzial handia duena.

Nitxo horien identifikazioa Adinberrik azken urtean Gipuzkoan eremu hori eskaintzaren zein eskariaren ikuspegitik dimentsionatzeko eta zein ezaugarri dituen jakiteko bultzatutako ikerketa sakon batetik abiatzen da; 188 eragilek baino gehiagok parte hartu dute, eta inkesta eta elkarrizketa sakonak egin zaizkie.  Estatu mailan eta nazioartean garrantzitsuak diren erakundeekin ere kontrastea egin da, hala nola Silver Valley (Frantzia), Acció (Katalunia) edo UK Research and Innovation (Erresuma Batua).

Azterketak ondorioztatu duenez, bost nitxo horiek baldintza guztiak betetzen dituzte lurralderako aukera gune bihurtzeko: masa kritikoa, 'silver' kolektiboaren beharrekin lerrokatzea, enpresen interesa, eta Gipuzkoan eremu horiei lotutako berrikuntza eta ezagutza gaitasunak izatea.

Lehen nitxoa, zerbitzu soziosanitarioena eta arreta ereduena, pertsonarengan oinarritutako arreta eredutik abiatuko da, eta arreta berezia jarriko du telemedikuntzan eta telelaguntza aurreratuan, alde batetik, eta estimulazio kognitiboan, bestetik. Telemedikuntza gorantz doan esparrua da, eta funtsezkoa da osasun sistemen jasangarritasunerako. Beste foku bat estimulazio kognitiboko programak sustatzera bideratuta dago, pertsonen gaitasun funtzionalari eusteko.

Bigarrena, etxea egokitzeari eta laguntza teknikoei buruzkoa da, etxebizitza irisgarrien diseinuan zein desgaitasuna edo mendekotasuna duten pertsonek etxean bizitzen jarraitzeko eta beren autonomia pertsonala bermatzeko produktuetan oinarritzen da.     

Turismo seniorrari dagokionez, helburua Gipuzkoa Europako hegoaldeko lehen mailako helmuga senior gisa finkatzea izango da. Horrek sasoiz kanpoko turismoa sustatzeko aukera ematen du; izan ere, kolektibo horrek masifikazio handirik ez dagoenean eta tenperaturak muturrekoak ez diren garaietan bidaiatzeko ohitura du, eta lurraldearen turismo eskaintzarekin bat datozen zenbait faktore baloratzen ditu, besteak beste, zerbitzuaren kalitatea, garraiobide onak eta paisaia aniztasuna.

Era berean, ingurune lagunkoien nitxoak Gipuzkoak adinekoen egunerokoan eragin positiboa izango duten espazio eta ingurune publikoak sortzeko duen gaitasuna indartu nahi du, hiri eta landa eremuak barne hartuta. 

Espezializazio horrek, zeharka, bosgarren nitxoa izango du oinarri, hots, teknologia gaitzaileak, zeinetan Gipuzkoa ondo kokatuta dagoen, hala nola adimen artifizialean, gauzen interneten, hodeian, robotikan edo errealitate birtualean, eta horiek etxean, espazio publikoetan, gailu medikoetan edo telelaguntzakoetan edo zaintzaileen lan inguruneetan dituen aplikazioetan, besteak beste.

Laster jarriko da abian esparru estrategiko horri erantzungo dion Jarduketa Plana. Planak honako hauek jasoko ditu: sentsibilizazioa, Gipuzkoako enpresek seniorren segmentuak dakarren aukera ekonomikoa eta haren beharrak ikus ditzaten; pertsona horien, zaintzaileen eta eremu soziosanitarioko profesionalen beharrei buruzko ezagutza oinarri bat sortzea, enpresei merkatura bideratutako irtenbideak garatzeko aukera emango diena; garatutako irtenbideekin esperimentatzea, prototipoak egitea eta ingurune errealetan abian jartzea; ekintzailetza  eta ekosistemako eragileen arteko sinergiak eta lankidetza bultzatzea; eta Gipuzkoa Silver Economy delakoaren erreferentziazko eskualde gisa ezagutaraztea, horrela, enpresen nazioartekotzea eta atzerriko inbertsioa erakartzea erraztuz.


SILVER MARKO ESTRATEGIKOA [PDF]