Gipuzkoak nahi gabeko bakardadeen aurreko antidoto bihurtu du musika

2024 / 12 / 14

Gipuzkoak nahi gabeko bakardadeen aurreko antidoto bihurtu du musika

ADINBERRIk, Foru Aldundiak, eta lurraldeko Abesbatzen Federazioak arrakastaz ospatu dute berriro ere erabat beteta egon den ‘HARIAK Kantuz’ ekimenaren Eguberriko Abesbatzen III. Kontzertua Kursaalean

750 pertsona baino gehiagok, ikus-entzule eta artista artean, beren ahotsak batu dituzte gaur Foru Aldundiak, ADINBERRI Fundazioak eta lurraldeko Abesbatzen Federazioak antolatutako ‘HARIAK Kantuz’ ekimeneko Eguberriko Abesbatzen Kontzertuan. Kontzertu horren helburua Gipuzkoako adineko hiru pertsonatik bati eragiten dion nahi gabeko bakardadeen fenomenoaren inguruan sentsibilizatzea da. Kursaaleko Kongresu Jauregia txiki geratu da ekitaldi artistiko horren hirugarren edizioak izan duen arrakastaren ondorioz. Izan ere, larunbat honetan, arratsaldean, erabat bete da, berriro ere.

Haur, gazte eta helduek nahi ez diren bakardadeen aurreko antidoto onena bihurtu dute musika kontzertu handi honetan. 150 artista baino gehiago igo dira eszenatokira. Hirugarren edizioa bete duen ekimen horrek HARIAK estrategia zabaldu eta sustatu nahi du. Estrategia horren erronka nagusia da lurraldeko pertsona guztiek bakardade-egoerak prebenitzeko, horiei aurre egiteko edo horietan laguntzeko egiturak, jarduerak, laguntzak eta tresnak eskura izatea.

Hain zuzen ere, ‘HARIAK Kantuz’ HARIAK estrategiaren I. Jarduera Planaren barruan gauzatzen ari den proiektuetako bat da, eta ‘jardunbide egoki’ gisa aitortu berria izan da ADINBERRI buru duen eta nahi ez diren bakardadeak politika publikoen erdigunean egotea bilatzen duen Europako KORALE proiektuaren esparruan.

“Lehen mailako erronkaren aurrean gaude, baina aukera-testuinguruan mugitzen ari gara. ‘HARIAK Kantuz’ bezalako proiektuek nahi ez ditugun bakardadeen aurrean gure estrategia bultzatzeko aukera ematen digute, pertsonen ongizate osoa bermatzeko, Gipuzkoako abesbatzetan sortzen diren eta, azken batean, gure lurraldean gizarte-kohesioa indartzen laguntzen duten gizarte-harreman esanguratsuak eta laguntza-egiturak sustatuz”, adierazi du Maite Peña Zaintza eta Gizarte Politiketako diputatuak. Maite Peña ere eszenatokira igo da, neskato batekin eta adineko pertsona batekin belaunaldien arteko elkarrizketa bat egiteko.

Abesbatzak, “euskarri sare” gisa

Proiektu artistiko-musikal honen abiapuntua da “Gipuzkoako abesbatzak laguntza- eta zaintza-sareak gauzatzen diren izaera sozial nabarmeneko jardunbidea direla, beraz, jarduera hori bidelagun ezin hobea da nahi ez diren bakardadeak prebenitzeko”, adierazi du, bestalde, Rakel San Sebastian ADINBERRIko zuzendariak.

Kursaala erabat bete duten 600 pertsonek Amaia Aldalurrek zuzendutako Hernaniko Musika Eskolako Haur Abesbatzaz; Montse Latorreren gidaritzapean aritu den Lasarteko Alboka

Abesbatzaz; Josu Elberdinek gidatutako Trintxerpeko Illunbe Abesbatzaz; eta Lucia Arzallusek zuzendutako Easo Sinfonieta Abesbatzaz gozatu ahal izan dute. ‘HARIAK Kantuz’ ekitaldian, Mafalda Saloiok zuzendutako eta Blanca Caballerok koordinatutako Pasaiako Adinkide Elkartearen ‘La Motora’ antzerkia ere izan da.