Atzealdea Gipuzkoak longebitate berriaren aldeko apustua indartu du ADINBERRI Longevity Forum-ekin, erreferentziazko 40 erakusketari eta hizlari baino gehiago bilduko dituena

2026 / 10 / 07

Gipuzkoak longebitate berriaren aldeko apustua indartu du ADINBERRI Longevity Forum-ekin, erreferentziazko 40 erakusketari eta hizlari baino gehiago bilduko dituena

Andrew Steele, Jonathan Cylus, Karen Wee, Iñaki Gabilondo, Cristina Garmendia eta Emilio Duró, besteak beste, urriaren 14an eta 15ean izango dira Gipuzkoako Foru Aldundiak eta ADINBERRI Fundazioak antolatutako nazioarteko topaketan

Gipuzkoa, datorren urriaren 14an eta 15ean, garaiko aldaketa sozial eta ekonomiko handienetako baten inguruko eztabaidaren erdigunean izango da berriro: longebitatearen ingurukoan. ADINBERRI Longevity Forumaren bigarren edizioa izango da Kursaalean. Nazioarteko topaketa horrek erreferentziazko 40 erakusketari eta hizlari baino gehiago bilduko ditu, zientziak, teknologiak, prebentzioak, berrikuntzak, ekonomiak eta ekintzailetzak gero eta urte gehiago bizi dituen gizarte bati urte horiek hobeto bizitzen ere laguntzeko zer ekarpen egin diezaioketen aztertzeko.

Maite Peña Zainketetako eta Gizarte Politiketako foru diputatuak, Rakel San Sebastian ADINBERRI Fundazioko zuzendariak eta Cristina Garmendia COTEC Berrikuntzarako Fundazioko presidenteak eta SILOren bazkide fundatzaileak gaur aurkeztu dute edizio hau. Aurtengo foroak aurrerapauso nabarmena dakar, bai egitarauari dagokionez, bai esperientzia-dimentsioari eta gizarte osoari zabaltzeari dagokionez. ADINBERRI Longevity Forum, gainera, gero eta luzeago bizi den gizarte baten ondorioei aurrea hartzeko Gipuzkoa garatzen ari den apustu estrategikoaren adierazpen ikusgarrienetako bat da. Lurraldeak aldaketa hori ez du erronka demografiko gisa soilik lantzen, baizik eta ongizatea, berrikuntza, ezagutza, jarduera ekonomikoa eta pertsonen beharrei erantzuteko aukera berriak sortzeko aukera gisa ere, bizitzaren etapa guztietan.

“Longebitatea gure garaiko eraldaketa handietako bat da, eta Gipuzkoak aurrea hartuz, berrituz eta beti pertsonak erdigunean jarriz egin nahi dio aurre”, adierazi du Maite Peñak. Diputatuak ikuspegi integral batetik erantzunak eraikitzeko, “prebentzioa, pertsonalizazioa, berrikuntza eta komunitatea uztartuz” beharra defendatu du, eta azpimarratu du, “urte gehiago bizitzea albiste bikaina da; gure erronka kolektiboa da urte horiek ahalik eta autonomia, ongizate eta bizi-kalitate handienarekin bizi ahal izatea”.

Gipuzkoatik longebitatearen inguruko nazioarteko eztabaidara

ADINBERRI Fundazioa, Gipuzkoako Foru Aldundiaren longebitatearen berrikuntzarako fundazio publikoa, hain zuzen ere, begirada sozial eta ekonomiko bikoitz horrekin ari da lanean: pertsonen bizi-kalitatea hobetzea eta, aldi berean, bizi iraupen luzeagoko gizarte batekin lotutako behar berriak berrikuntzarako eta garapenerako aukera bihurtzea.

ADINBERRI Longevity Forumek ikuspegi hori Kursaalera eramango du bi jardunalditan. Bertan, zientziaren eta teknologiaren arloak, enpresak, administrazio publikoak, profesionalak, berrikuntzako eragileak, ekintzailetza eta herritarrek bat egingo dute. “Gipuzkoa aurreratu, esperimentatu eta ondoren gizartera eraman daitezkeen irtenbideak sortzeko gai izango den lurraldea izatea nahi dugu. ADINBERRI Longevity Forumek lan egiteko modu hori islatzen du: ezagutza, berrikuntza eta esperientziak biltzea, baina baita pertsonak eta erakundeak konektatzea ere, elkarrizketa horietatik erantzun eta aukera berriak sor daitezen”, azaldu du diputatuak.

ADINBERRIko zuzendariak, berriz, nabarmendu duenez, bigarren edizio hau “700 eragilek baino gehiagok osatutako ekosistemarekin etenik gabe egindako lanaren emaitza da. Eta ez da soilik longebitateaz hitz egiteko leku bat izango, baizik eta living lab espazioaren bidez ikusi eta esperimentatzeko espazio bat ere izango da, topaketaren protagonista nagusietako bat izango dena”. Ildo horretan, Cristina Garmendiak berrikuntzak horrelako tamainako eraldaketa batean duen garrantzia azpimarratu du. “Tamaina horretako erronka inork ez du bakarrik konpontzen. Arlo publikoak eta pribatuak elkarrekin lan egitea behar dugu, eta enpresek, administrazioek, profesionalek, hirugarren sektoreak eta adinekoek konponbideak elkarren ondoan diseinatu eta probatzeko guneak”, adierazi du COTEC Berrikuntzarako Fundazioko presidenteak.

Andrew Steele, Jonathan Cylus, Iñaki Gabilondo eta Karen Wee

Programa profesionala urriaren 14an, asteazkenean, hasiko da, eta zientzian eta teknologian jarriko du arreta. Andrew Steele zientzialari eta idazle britainiarrak «La ciencia de vivir más: el futuro de la longevidad» hitzaldi inspiratzailea eskainiko du. Ondoren, «Tecnología para vivir más tiempo y mejor. Inteligencia artificial, datos y tecnología en la era de la longevidad» gaiari buruzko mahai-ingurua egingo da. Bertan parte hartuko dute Tecnaliako Joseba Lakak; Evondoseko Laura Domínguezek; Orange Empresas/Euskaltel-eko Ainhoa Pérezek ; eta Ayesa Digitaleko Itziar Araceli Cuencak.

Prebentzioa izango da lehen jardunaldiko beste ardatz nagusietako bat. Leocadio Rodríguez Mañasek, Madrilgo Osasun Zerbitzukoak (SERMAS), ahultasunaren prebentzioa ikuspegi integral batetik landuko du hitzaldi inspiratzaile batean. Era berean, Zainketetako eta Gizarte Politiketako diputatuak eta Maite Martinez Donostialdeko ESIko zuzendari gerenteak, Euskadiko eredu eta prebentzio-ikuspegi berriari buruz hitz egingo dute.

Jarraian, ADINBERRIko zuzendariak, Rakel San Sebastianek, arreta-eredu berriei buruzko mahai-ingurua moderatuko du. Bertan parte hartuko dute Osakidetzako Carlos Barrusok; CITA Alzheimerreko Pablo Martínez-Lagek; Althaia Fundazioko Bartomeu Ayalak; eta Andorrako Osasun Arretako Zerbitzuko Eva Herasek. Aldaketa demografikoarekin lotutako gai nagusietako bat, iraunkortasuna, Jonathan Cylusen eskutik iritsiko da. Cylus Osasunaren Mundu Erakundeko (OME Europa) eta London School of Economicseko osasun-ekonomialaria da, eta «Sostenibilidad del sistema: el dividendo de la longevidad» hitzaldia eskainiko du. Jardunaldiak gizarte-eragina duten berrikuntza-politiken eredu berriak ere jorratuko ditu, eta esperimentaziorako guneen eta berrikuntzaren erosketa publikoaren esperientziak erakutsiko ditu.

Silver Economy eta gehiago bizi den gizarte baten aukerak

Urriaren 15eko, osteguneko, goizak ekonomiarako, ekintzailetzarako eta gero eta gehiago bizi den biztanleriaren inguruan sortzen ari diren joeretarako begirada zabalduko du. Jardunaldia Gurutz Linazasoro, neurologoa eta VIVEbiotech-en sortzailea, eta Eider Mendoza Gipuzkoako diputatu nagusiaren arteko elkarrizketarekin hasiko da, zientziaren, ongizate integralaren eta ekonomiaren inguruan. Pedro Rosek, SilverEconomy.com-ekoak, gehiago bizitzeak gure kontsumitzeko moduak ere nola eraldatzen dituen aztertuko du, baita merkatu eta aukera berriak nola sortzen dituen ere. Bestalde, Iñaki Gabilondo kazetariak eta Javier García Cogorrok, Columbus Venture Partners-en sortzaileak, ongizatearen etorkizunaz eta bizi iraupen luzeago bat duen gizarte bati eusteko erronkez hitz egingo dute.

Ekintzailetzak ere gune espezifikoa izango du, Mundi Ventures, Kuvu, Vermut eta Durcalen esperientziekin. Karen Week, Lions Befrienders Service Associationekoak, berrikuntzaren eta longebitatearen inguruko nazioarteko ikuspegia emango du Asiako hego-ekialdetik. Era berean, Basque Health Cluster, Basque Food Cluster, GAIA eta HABICeko ordezkariek longebitateak zabaltzen dituen enpresa- eta teknologia-aukera berriak aztertuko dituzte.

Living Lab bat foroaren epizentro gisa

Edizio honetako berritasun nagusietako bat topaketaren dimentsio praktikoa izango da. Hitzaldi eta mahai-inguruen programarekin batera, Kursaalak 40 erakusketari izango dituen azoka izango du. Bertan longebitate berriari lotutako proiektuak, produktuak, teknologiak eta zerbitzuak ezagutu ahal izango dira. Living Lab ekitaldiaren epizentroetako bat bihurtuko da, benetako konponbideak parte-hartzaileengana hurbilduz eta lehen eskutik esperimentatzeko aukera emanez. Proposamena erakustaldiko tailerrekin eta one-to-one bilerekin osatuko da. Bilera horien helburua enpresak eta erakundeak konektatzea, ezagutza-trukea erraztea eta aliantza eta lankidetza-aukera berriak sortzea izango da.

Herritar guztiei doan irekitako gunea

ADINBERRI Longevity Forumaren bigarren berritasun handia urriaren 15ean, ostegunean, 15:30etik aurrera iritsiko da, topaketak bere programa herritar guztiei zabalduko dienean. Sarrera doakoa izango da, aurrez izena emanda, eta 40 erakunde erakusketarien azoka bisitatzeko, Living Lab-a ezagutu eta bizitza luzeagoa osasunez, autonomiaz eta ongizatez gozatzeko gakoak modu praktiko eta dibulgatiboan ezagutarazteko prestatutako programan parte hartzeko aukera emango du. Protagonista nagusietako bat Emilio Duró enpresaburu eta aholkularia izango da, «Vivir más y mejor: experiencias y claves para una vida plena» hitzaldia eskainiko baitu.

Programak «Diseña tu futuro, planifica hoy» saioa ere jasoko du Instituto Santalucíako José Manuel Jiménezen eskutik, eta zahartze aktiboari buruzko mahai-inguru bat ere izango da. Bertan parte hartuko dute Maite Peñak, Zainketetako eta Gizarte Politiketako diputatuak; Desafío Santalucía Seniors-eko Esther Aristietak; AFAGIko Iñaki Olaldek; Jubilación Activako José Luis Larreak; eta SECOTeko Graciela Imazek. Elikadura, ariketa fisikoa, harreman sozialak eta ongizate kognitiboa izango dira beste elkarrizketa baten ardatzak. Bertan parte hartuko dute Nacho Sanzek (Ammma), Usune Etxeberriak (GOe Tech Center-BCC), Mirian Ecay Torresek (CITA Alzheimer) eta Myriam Lópezek (Adinkide). Era berean, Iñaxi Lasa, 101 urtekoa, zahartze aktiboaren adibide gisa aitortuko da, bere bizitzan ariketa fisikoak egunerokoaren parte izaten jarraitzen duelako.

Foroak MasOrange-ren —Living Lab-ari izena ematen dion— eta Santalucíaren babesa du Diamond babesle gisa; Evondosena Gold babesle gisa; eta ALCAD, Carima, TECNALIA, Kutxabank eta ILUNION-Ayesarena Silver kategorian. «La ola de vivir más y mejor» lelopean, ADINBERRI Longevity Forumek Kursaala eta Gipuzkoa bi egunez nazioarteko topagune bihurtu nahi ditu, dagoeneko abian den eraldaketa bat ulertzeko eta, batez ere, gero eta luzeago bizi den gizarte batek beharko dituen erantzunak eraikitzen laguntzeko.

Informazio gehiago: https://adinberrilongevityforum.com/language/eu/vista-profesional-eus/