Gipuzkoa Foru Aldundiak Adinberri 2022 laguntzen deialdia onartu du

2022 / 10 / 11

Gipuzkoako Foru Aldundiak Adinberri 2022 Laguntzen deialdia onartu du, zahartze aktibo eta osasungarriaren erronkak eta adinekoen arreta eta zaintzaren hobekuntza bultzatzeko.

Laguntza lerroak bi azpilerro ditu, bakoitza milioi bat euroko zuzkidurarekin: batetik, Silver Economy-ren esparruan negozio-aukera berriak edo produktuen eta zerbitzuen “Silverizazioa” sustatzea; eta bestetik, prebentzioa eta adinekoen arreta eta zaintza hobetzea helburu duten berrikuntza sozialeko, soziosanitarioko edo teknologikoko proiektuak garatzea.

Eider Mendoza bozeramaileak urriaren 11n egindako agerraldian eman du neurri horren berri. Bertan gogoratu duenez, Gipuzkoako Foru Aldundiak, Etorkizuna Eraikiz ekimenaren bidez, gure lurraldearen funtsezko erronkei erantzutea sustatzen du, gizartearekin lankidetzan. “Funtsezko erronketako bat da eraldaketa demografikoaren erronkari erantzutea. Eta, horregatik, Adinberri estrategiaren bidez, adinekoen bizi-kalitatea bermatzeko lan egiten da, zahartze aktibo, osasungarri eta zentzua eta esanahia dituena, eta bizi-proiektu oso bat garatzeko sustatuz. Beraz, zeharkako estrategia bat da, hainbat interes taldetara bideratua eta hura hedatzeko beharrezkoak diren elementuetan oinarritua, eta Foru Aldundi osoa inplikatzen duena”, adierazi du.

Mendozak nabarmendu duenez, Gipuzkoako bilakaera demografikoa bera, eta zahartze aktiboaren, osasungarriaren eta zentzuaren eta esanahiaren aldeko apustua, bai eta bizi-proiektu oso bat garatzeko apustua ere, aukeraz betetako erronka da. “Horri erantzun behar zaio, eta Gipuzkoan Adinberri estrategiaren bidez garatzen ari da”, esan du. Gaineratu duenez, gaur onartutako deialdiaren xedea da espezializazio adimenduna (RIS3) indartzea Gipuzkoako lurraldean, eta guztiz erantzutea Zahartze Osasuntsua zeharkako ekimen eragileari. “Ildo horretan, lotuta dago zahartzearekin lotutako erronkekin, bai eta Gipuzkoako Zilarrezko Ekonomiaren esparruan identifikatutako aukera-eremuekin ere: etxea eta bizi-luzerarako ingurunea, arreta eta zaintza eredu berriak, osasunaren prebentzioa eta sustapena, zahartze osasungarria eta adinekoen zahartze aktiboa”, azaldu du.

Honela, Adinberriren laguntza lerro honekin jarduera ekonomikorako eta enplegurako aukerak sortu nahi dira, garatu ahal eta garatu behar direnak enpresa jardueraren ikuspegitik, teknologia eta berrikuntza integratuz. “Helburua da pertsonen ezaugarrien aniztasuna kontuan hartzen duten premia eta eskaera berriak asetzea eta betetzea, gizarte-balioa sortuz”, esan du. Bere ustez, ondo zahartzeko produktu eta zerbitzu espezifikoek, bai eremu pribatuan, bai publikoan, asko lagun dezakete zahartze aktibo eta osasungarria, bizitza autonomoa. “Horrek bere baitan hartzen du, hasi produktuak eta zerbitzuak ekonomiaren sektore guztietara egokitu eta integratzetik, eta adinekoen bizitza autonomoa babesten duten teknologia aurreratuak hobetutako sistema integratuak sartzeraino. Jarduera horiek garatzeak lan aukera berri garrantzitsuak ere ekar ditzake, bai epe ertainean, bai luzean, eta intentsiboak, bai teknologian, bai enpleguan”, azpimarratu du, berretsiz hau guztia bultzatzea dela dirulaguntza lerro honen helburua.

Adinberri laguntzen deialdiaren oinarriak: https://bit.ly/3FiH0Ij