null Bultzadatik bulkadara: Silver Economy Gipuzkoan

2020 / 09 / 24

ADINBERRI zahartze osasungarrirako Gipuzkoako Foru Aldundiaren estrategia da, eta berrikuntza sustatzen du teknologian, gizartean eta erakundeetan, arreta eredu berriak garatzeko. Halaber, halako ereduen helburua gure adinekoen bizi kalitatea hobetzea eta mendekotasunik gabeko bizi itxaropena luzatzen laguntzea da. Aldi berean, ekonomia lehiakorra bultzatu eta garatu nahi da, kalitate oneko enplegua sortzen eta seniorren kolektiboaren premiei erantzuten diena.

Testuinguru horretan, ADINBERRI Fundazioak Silver Economy Erronka deritzon lan programa abiarazi zuen 2019ko azaroan. Halaber, bat dator Gipuzkoako Foru Aldundiak COVID-19a dela-eta martxan jarri duen Suspertze Ekonomiko eta Sozialerako Planarekin; horren barnean, enpresen epe laburrerako premiak eta negozio aukera berriak garatu eta sendotzeko zereginak konbinatu nahi dira. Lan programa lau fasek osatzen dute:

  1. Ardatz traktoreak identifikatzea
  2. Balio katearen analisi prospektiboa
  3. Estrategia eta ekintza plana diseinatzea
  4. Ekintzailetzari laguntzeko zerbitzuak

Bigarren fasearen xedea da etorkizunean Gipuzkoan espezializazio adimenduneko nitxoak izango direnak identifikatzea, Silver Economy horren barruan. Horretarako, lurraldearen gaitasunak eta aktiboak aintzat hartu behar dira. Gainera, eragile garrantzitsuen laguntza dugu: GAIA klusterra, Basque Health Cluster,  HABIC klusterra, Elikaduraren Klusterra,  ADEGI, BIC Gipuzkoa, Basquetour, Gipuzkoako Bazkundea, eta tokiko garapen agentziak.

Proiektuaren amaieran, hirugarren fasean, estrategia diseinatu eta ezarri egingo da. Aukera nitxoak identifikatuta daudenean, zehazten diren helburu estrategikoei erantzuteko ekintza plana prestatuko da eta BIC Gipuzkoa entitatearen  eskutik ekintzailetza zerbitzua eskainiz. Zehazki, asmoa da ekintza plana lagungarri izatea eskaintza eta eskaera lotzeko, eta enpresa proiektu lehiakor eta iraunkorrak sortzeko, kalitate oneko enpleguarekin. Era horretan, Gipuzkoa erreferente bilakatuko da esparru horretan.

COVID-19aren krisiak nabarmen utzi du, batetik, zeinen garrantzitsua den kalitate oneko osasun zerbitzuak, zainketen sistema integrala eta solidarioa, eta hezkuntza sistema egokia izatea, besteak beste; eta, bestetik, garrantzi-garrantzitsua dela herrialdeek edo eskualdeek nork bere burua hornitu ahal izatea, hots, tokiko merkatua indartzea, merkatu globalaren ordez. Hortaz, zentzu horretan, Silver Economy negozio aukera izan daiteke gure enpresa ehunarentzat, eta gure ezagutza zentroentzat ere bai.

Bide horretan, zu parte zaren enpresa edo entitateak ere parte hartzea nahi dugu. Horretarako, galdetegi hau betetzeko eskatzen dizugu. Enpresa edo entitatearen abiapuntuko zure egoera ezagutzeko eta ekonomia hori bultzatzean zer jarduera ildo lehenetsi beharko genituzkeen jakiteko. 

Parte hartzen duten enpresek esparru estrategikoaren ondorioak eta hurrengo urratsei buruzko informazioa jasoko dituzte.

Uste osoa dugu denon artean lurraldean ditugun erronkei aurre egin diezaiekegula, eta balio ekonomikoa sortuko dela erakundeentzat eta lurraldearentzat. Hortaz, hori guztia gauzatzeko aukera ona da zahartze demografikoa, Euskadiko Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Plana,  RIS3 espezializazio adimendunarekin bat eginez.