Adinberrik Berrikuntza Sozial eta Teknologikoetan espezializatzeko programa aurkezteko jardunaldia antolatu du
Adinberrik Berrikuntza Sozial eta Teknologikoetan espezializatzeko programa aurkezteko jardunaldia antolatu du
ADINBERRIK, Lanbide Heziketako Etorkizuneko Ikaskuntzen Euskal Institutuarekin batera (EIEI), jardunaldi bat antolatu du Eusko Jaurlaritzaren espezializazio dualeko programa berria azaltzeko. Programa horren helburua da pertsonek trantsizio hirukoitzari erantzun ahal izateko beharrezkoak diren konpetentzia eta kualifikazio profesionalak ezartzea eta bultzatzea: teknologiko-digitala, energetiko-klimatikoa eta sanitario-soziala.
Lanbide-espezializazioko programa horiek arautu gabeko prestakuntzak dira, eta lanbide-heziketako tituluen prestakuntza osatzea dute helburu, produkzio-sareak eskatutako kualifikazio-eskakizunetara egokitzeko. Gainera, LH dualaren esparruan eskaintzen dira lehentasunez.
ADINBERRIren kasuan, Fundazioa Berrikuntza Sozial eta Teknologikoetan espezializatzeko programan sartuta dago, zahartze osasungarri, aktibo eta bizitza osokoa lortzeko. Programa honen helburua da gerontologia-arloko profesionalentzako orientazioan parte hartzea, eta Gipuzkoako zainketa-eredu berriaren palanka giltzarriei erantzuten lagunduko dieten tresnak ematea.
Ildo horretan, irailaren 14an egindako jardunaldiaren helburua programa hori erakunde soziosanitarioei aurkeztea izan zen. Ekitaldia oso jendetsua eta parte-hartzailea izan zen, eta Zorroaga Fundazioa, Hurkoa Fundazioa, Kabia, Aztertzen, Caser, San Ignacio, Aita Menni, Easo Politeknikoa, Inmakulada Ikastetxea, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saileko EIEI eta ADINBERRIko ordezkariak bertaratu ziren.
Rakel San Sebastian, ADINBERRI Fundazioko zuzendaria, eta Idoia Sanz, ADINBERRIko Silver Economy eta trebakuntzako arduraduna, arduratu ziren programa hau azaltzeaz, eta hainbat ikaskuntza-esparru azpimarratu zituzten, hala nola bizitza berria, espazio lagunkoi eta inklusiboak, teknologia disruptiboak eta berrikuntza-proiektuak, besteak beste.