Otsailaren 1,8 eta 15ean 'Adinekoen zaintzaren garrantzia' jardunaldiak ospatu dira Azpeitian. Lehengo saioan, Azpeitiko adineko pertsonen beharren analisia plazaratu da; azkenekoan, mendekotasuna duten pertsonentzako zentro balioaniztunaren proiektua aurkeztu da eta bien tartean, adinekoen bakardadeari buruz hitzegiteko aukera eskaini da. Saio honetan, Javier Yanguas eta Adinberriko Fundazioko Berrikuntza Arduraduna, Ainhoa Becerra izan dira hizlari. Becerrak, Adinberrik bultzatzen duen Hariak Estrategia azpeitiarrekin partekatu zuen:
“Gipuzkoan, 55 urte baino gehiago dituzten pertsonen %29’5a bakarrik sentitzen da, baina soilik %5ak onartzen du zuzenki. Inposatzen den bakardadea mingarria da eta kostatu egiten zaigu errekonozitzea. Isila da, gehienetan ikusezina eta anitza. Hariak Estrategiak behar bati eta desio bati erantzuten die: nahi ez diren bakardadeen inguruan dagoen estigma soziala ezabatzea, baita horiek aurreikusteko zein heltzeko tresnak eta baliabideak sortzea.
Gipuzkoako Foru Aldundia eta Adinberri buru, Hariak azken urteotan garatu den parte-hartze prozesu zabal baten emaitza da, eta bertan parte hartu dute zenbait erakunde publikok zein gizartearen zati handi batek.
Estrategia 57 pertsonek osatutako talde eragile batek gidatu du eta lanketan hainbat eragileek parte hartu dute: Gipuzkoako 77 udaletxeen ordezkariek, tokian-tokiko 98 gizarte erakundeek, Osakidetza 6 ESIen bitartez eta 20 enpresa eta berrikuntza zentroek.
Helburu nagusia honakoa da: gure lurraldean bizi diren pertsona guztiek eskura izatea bakardade egoerak aurreikusi, heldu eta lagundu ditzaketen pertsonak, egiturak, jarduerak, babesak eta baliabideak. Era berean, gizartean gehiago parte hartzera eta elkartzera bultzatuko dituzten lotura sozial eta afektibo esanguratsuak sustatu nahi dira.
Esku-hartze nagusiak pertsona helduekin eta zahartze prozesuetan oinarrituta egiten diren arren, estrategia gipuzkoar guztiei zuzenduta dago, belaunaldiarteko solidaritatea funtsezkotzat jotzen baita. Horregatik, Hariak Estrategiak Atxikimendu Dekalogo bat jartzen du guztion eskura. Horren bitartez, hiritar bakoitzak bakardade egoerei aurrea hartzen eta pertsonen arteko loturak zein harremanak idartzen lagunduko duten jokabideak hartzeko borondatezko konpromisoa har dezake.
Hariak, marko bat da, hainbat urtetan mantendu nahi den estrategia. Marko honetatik abiatuta hainbat proiektu eta plan berriak sortzea nahi dugu, bakardade egoera ezberdinei alderdi desberdinetatik erantzuna emateko. Badaude hainbat proiektu martxan, esaterako Etxelagun proiektua, Gipuzkoa intergenerazionala edota Hariak kantuz ekimena. Izatez, 90 gomendioetatik gora eskaintzen ditu Estrategiak, Bakardadearen inguruko proiektuak lantzera begira marko orokor bat eskainiaz.”
Jardunaldiaren inguruko informazio gehiago:
https://azpeitia.eus/es/turismoa-saila/albisteak-turismoa/item/8355-mendekotasuna-duten-pertsonentzako-azpeitian-eraikitzea-aurreikusten-den-zentroa-aurkeztuko-da-asteazkenean-sanagustinen