Amaiera paregabea Donostian

2022 / 07 / 07

Gipuzkoa osoan zehar ibili ondoren, Hariak estrategiak bere aurkezpenarekin bukatu zuen Alderdi Ederreko lorategietan

Udaberrian hasitako ibilbideak bere amaiera izan zuen Donostian San Fermin bezperan. Gipuzkoako hiriburua izan zen Hariak estrategiaren aurkezpenaren azken geldialdia eta, nola ez, jendetsuena izan zen. Legazpi, Arrasate, Tolosa, Irun, Zarautz, Beasain, Pasaia, Urnieta eta Eibartik pasa ondoren, Donostiako Alderdi Ederreko lorategiak izan ziren Hariak estrategiaren azken eszenatoki paregabea. Kontxako badia testigu zela, estrategiaren lehen fasea amaitu zen eguzki izpien artean.

Goizez ez zuen lagundu eguraldiak, baina arratsaldez atertu zuen Gipuzkoako hiriburuan. Uztaileko edozein arratsaldean jende asko pasatzen da Donostiako Udaletxearen aurretik eta, honen ondorioz, eskulan-tailerrek itxura ederra eskaintzen zuten arratsaldeko lehen ordutik.

Bankuen ondoan, informazio karpa zegoen jarrita eta boluntarioek Hariak estrategiaren berri ematen zieten hortik pasatzen ziren oinezkoei. Gogoratu behar da Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Adinberrik diseinatu dutela ekimen hau bakardadeei aurre egiteko. Hilabete eta erdiko aurkezpen honetan jendea bakardadeen arazoaz jabetu nahi izan dute antolatzaileek. Jendearen atxikimenduak lortzea zen helburua eta arratsalde ona izan zen Donostiakoa arlo honetan: pertsona askok eman zuten izena estrategiarekin bat egiteko.


 

Hilorama

Jendea bankuetan eta tailerretan zebilen bitartean, hiloramari azken bueltak ematen zizkion Ainhoa Riverok eta donostiarrek hariz osatutako eskultura bukatuta ikusteko aukera izan zuten. Legazpin hasi zen hilorama lantzen Ainhoa Rivero eta herriz herri osatzen joan da Donostian guztiz bukatuta uzteko.

Tailerretan, beti bezala, haurrak hariekin eskulanak egiten ari ziren. Alderdi Ederreko parkearen ondoan kokatuta zegoenez, haur asko erakarri zituzten tailerrek eta hortxe zeuden Laia eta Alain, 4 eta 6 urtekoak, bere ahaleginak egiten. Maialenek, hauen amak, bat egin zuen estrategiarekin eta zahartzarotik urruti egon arren, garrantzia ematen dio bakardadeen arazoari: “Denok iritsi nahi dugu zahartzarora eta jakitun izan behar dugu denon lana dela adinekoek guztien babesa sentitzea”.

Arratsaldea geroz eta atseginagoa zen. Goizeko ekaitza eta giro euritsua erabat desagertu ziren eta Ane Artechek, bere harparekin, giroa gehiago atsegindu zuen. Bere musika tresna bereziaren soinuarekin barruratu ziren udaletxera Alderdi Eder inguruan zebiltzanak.