null Aldundiak eta Adinberrik zilarrezko ekonomia indartu dute 13 proiektu berrirekin

2021 / 04 / 22

Gipuzkoak aurrera egin du "silver economy"-aren arloko espezializazioan, eta Adinberri estrategiaren laguntzen urteko deialdiaren bidez, 523.051 euro bideratu dira negozio eredu berriak sustatzera eta zahartzearen erronkari aurre egiteko aukerak sortzera. Guztira 13 proiektu babestu dira, adinekoen autonomia eta bizimodu osasungarriak sustatzera bideratuak, eta, aldi berean, enpresa aukerak eta negozio arlo berriak garatu dira zaintza eta arreta soziosanitarioaren eremuan. Jabier Larrañaga Sustapen ekonomikoko, Turismoko eta Landa Inguruneko diputatuak adierazi duenez, "biztanleria zahartzea erronka bat da, eta elkarrekin egin behar diogu aurre, berrikuntza sozialetik abiatuta, gero eta desberdinkeria gutxiagokoa, kohesionatuagoa eta lehiakorragoa den lurraldea eraikitzen jarraitzeko".

Adinberri estrategiaren bitartez, "ikuspegi soziala eta ekonomikoa batzen ditugu, adinekoen bizi-kalitatea hobetzeko eta, aldi berean, hazkundea eta enpresa proiektu berrien sorrera bultzatzeko", azaldu du diputatuak. Gaur goizean egindako lan saioan, laguntza-programaren 13 proiektu onuradunak partekatu eta kontrastatu dira, elkarlanerako aukera berriak aztertuz. Bertan izan dira harekin batera Maite Peña Gizarte Politiketako diputatua, Iker Estensoro Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapeneko zuzendari nagusia,   Rakel San Sebastian Adinberriko zuzendaria eta 13 erakunde onuradunen ordezkariak.

Gipuzkoan zilarrezko ekonomia indartzeko foru erakundeak abian duen estrategia bost espezializazio-nitxotan oinarritzen da: zerbitzu soziosanitarioetan eta arreta-ereduetan, etxearen egokitzapenean eta laguntza teknikoetan, turismoaren sustapenean, ingurune lagunkoiak sortzean eta teknologia gaitzaile integralak garatzean. Larrañagak adierazi duenez, laguntza deialdi horretan lagundu diren 13 proiektuak esparru horietan kokatzen dira, eta "balio ekonomiko eta sozial handiko" aukerak eta proiektuak garatzen jarraitu nahi dute, Gipuzkoako BPGaren % 5,5eko ekarpena egiten duen hazkunde betean dagoen 'silver' merkatu batean".

"Gipuzkoa erreferentziazko lurraldea izatea nahi dugu zilarrezko ekonomian. Lurralde gisa potentzial itzela dugu adinekoentzako baliozko irtenbideak sortzeko gai den ekosistema bat garatzeko orduan, gaitasun teknologikoak eta berritzaileak bateratuz, biztanleriaren zahartzearen erronkari ikuspegi integral eta integratzaile batetik aurre eginez", azpimarratu du diputatuak. Aldi berean, enpresei eskerrak eman dizkie, eta animatu ditu "abagune hau elkarrekin eraikitzen lantzera".

Bestalde, Maite Peña diputatuak gogorarazi du biztanleriaren zahartzea “izugarrizko” erronka dela, hainbat eragile eta esparruri eragiten diena. Hori dela eta, "sinergiak sortzen jarraitzea ezinbestekoa" dela esan du, "horrela bakarrik sortuko ditugulako efektu biderkatzailea duten aukerak eta proiektuak". Gaineratu duenez, "Gipuzkoan ezarrita genituen lehentasunak azaleratu ditu COVID-19ak", eta horregatik eskerrak eman dizkie eragile guztiei, zahartzearen erronkari aurre egiteko erakutsitako inplikazioagatik eta euren lankidetzagatik, lurralde gisa hazten jarraitzeko aukera emango duelako.

Lagundutako 13 proiektuak

  • Neuro Etxean, Andromeda Projects
  • Pilotaje en servicio de alimentación, Askora Plus
  • Adinmugi, Athlon
  • Nor Etxean, Aurrerantz
  • Bizihobe, Ikigaia
  • GoiOSASUNLab II, Eder Arretak
  • Experience Lab Home, Errotu Taldea
  • Smart Home Care, Fagor Healthcare
  • Eldercook, GSR
  • Etxean Geratuz, Gureak Ostalaritza
  • Bitxikeriak, Kastore Gest
  • Mutualización de servicios sociosanitarios en entornos rurales, Partem XXI
  • Zaintek loT, Wattio