Aldundiak eta Adinberrik formakuntza-estrategia bat aurkeztu dute zainketetan aurrera egiteko

2023 / 01 / 18

Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Adinberri Fundazioak prestakuntza-estrategia bat abiarazi dute zainketen arloan bai etxean bai egoitzetan lan egiten duten profesionalentzat, baita silver economy eta zahartzearen arloan lan egiten duten enpresa eta eragileentzat ere. Estrategia holistiko eta malgu bat da eta, lehenengo etapan, sei lan-ildo aurreikusten ditu, honako helburu hauekin: dagoen eskariaren beharrei erantzutea, sektorearen profesionalizazioan aurrera egitea, zainketen sektoreari balioa ematea eta sektore horretan berrikuntza sustatzea.

Gaur goizean lan-bilera bat egin da, eta sektore soziosanitarioko profesionalei bideratutako prestakuntza-ibilbidea aurkeztu da, bai zaintzak ematen dituzten erakundeentzat, bai gizarte-eragileentzat, hezkuntza zentroentzat eta erakunde-ordezkarientzat. “Aurten 2.500 profesional ingururengana iristea aurreikusten dugu, gure prestakuntza-eskaintza hautemandako beharretara egokituz, betiere malgutasunez eta hazten jarraitzeko asmoz, horrela zainketetan aurrera egiten jarrai dezagun, sektore indartsu eta punta-puntakoa izanik”, adierazi du Maite Peñak, Gizarte Politikako foru diputatuak.

Gainera, formakuntzak zainketekin lotuta dauden estrategiak diseinatzerakoan duen funtsezko rola nabarmendu du. “Zaintzaren trantsiziorako gure ibilbide-orriak, 2020>2030 Agendak eta etorkizuneko adinekoen egoitzak nolakoa izan behar duen aztertzen duen Liburu Berdeak, ezartzen digute zainketetan aurrera egiteko bidea, gizarte-politikak pertsonalizaziotik, parte-hartzetik eta berrikuntzatik abiatuta diseinatuz, eta alderdi komunitarioa eta ebaluazioa ere kontuan hartuta egin behar dela”. Ildo horretan, diputatuaren iritziz, zainketa-ereduaren trantsizioa egin nahi bada, prestakuntzak funtsezko zeregina du, profil profesionalak ere pixkanaka egokitu behar baitira. “Zainketa-eredua eraldatzeko, profil profesional berriak behar dira, aukera-eremu desberdinetan espezializazio handiagoa dutenak”.

Gaur aurkeztutako gaikuntza-ibilbideak sei lan-ildo aurreikusten ditu, zaintzaileen kualifikaziotik hasi eta profil aurreratuak eta erreferenteak prestatzeraino. Rakel San Sebastián Adinberri Fundazioko zuzendariak azaldu duenez, prestakuntza-estrategia hori formakuntza-beharren diagnostiko batetik eta kontraste-talde batekin aldez aurretik egindako lan batetik abiatzen da. Talde hori, besteak beste, osatzen dute: Tknika, Grupo SSI, Nazaret, Aztertzen, Aita Menni, Matia, Zorroaga Fundazioa, GSR, Kabia, Caser, Eulen eta Biharko Taldeak.

Gaitasun tekniko jakin batzuetan sakondu beharra hautemateaz gain, esaterako, etika profesionala, teknologia berriak, berrikuntza, bakardadeari heltzea eta bizitzaren amaiera; orobat hauteman da trebetasun sozialetan eta pertsonaletan aurrera egitearen garrantzia, komunikazioan, gatazken kudeaketan, plangintzan eta etengabeko hobekuntzarako orientazioan sakonduz. Zentzu horretan, plan honen helburua da sektore hori gazteenentzat ere erakargarriagoa izatea. San Sebastiánek nabarmendu du trebakuntza palanka eta balio estrategikoa dela zainketa-eredu berrietarantz joateko, eta ekosistemak erronka horri kolektiboki erantzuteko duen konpromisoa eta interesa txalotu ditu.


​​​​​​​

Prestakuntza okupazionala, jarraitua eta arautua
Formakunza plan integral honetan nabarmentzeko da Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Lan Sailaren lankidetza, lan ildo ezberdinen finantzaketa eta sustapenaren bidez. Alde batetik, eta prestakuntza okupazionalari dagokionez, hilabete honetan bertan gaikuntza eta orientazio ibilbideko prestakuntza-ekintzetako bat aktibatu da, Laguntza Pertsonalerako Prestazio Ekonomikoaren esparruan behin-behineko gaikuntza duten zaintzaileentzako profesionaltasun-ziurtagiria lortzeko.

Bestalde, eta Zainlab-en esparruan jarraituz, trebakuntzarako eta laguntzarako zerbitzu berritzailea garatzen ari da, silver economy delakoaren esparruan irtenbide berritzaileak garatzera bideratua. Horretarako, aldez aurretik, enpresen hasierako diagnostikoa egingo da, eta Silver merkaturako trantsizio-eredua definituko da. Ondoren, esparru horretan balio-proposamen bat garatzera bideratutako hainbat prestakuntza-modulu konbinatuko dira.

Gainera, Lanbideren eskutik, Adinberrik bost proiektu diseinatu eta kofinantzatu ditu lau eskualdetan. Debagoienan Basilda akademiarekin, Urola Garaian Uggasarekin, Tolosaldean Inmakuladarekin eta Donostialdean Nazaret eta Donostia Sustapenarekin batera. Bost proiektu horien helburuak honako hauek dira: gizarte-bazterketako edo kalteberatasuneko egoera potentzialean dauden pertsonen laneratzea eta gizarteratzea hobetzea, eta pertsonarengan oinarritutako arreta-ereduan gaitasunak eskuratzea.

Etengabeko prestakuntzari dagokionez, egoitza-arloko profesionalentzako sentsibilizazio eta gaikuntza ibilbide bat diseinatu da, Liburu Berdean jasotako ereduei erantzuteko. Eredu horien palanka nagusia zaintzak pertsonalizatzea da, erabiltzailearen autodeterminazioa, autonomia eta independentzia funtzionala eta bizi-proiektua sustatzeko. Prestakuntza praktikoa da, eta laneko instalazioetan bertan laguntza eta orientazio zerbitzua izango ditu.

Etengabeko formakuntzarekin jarraituz, Adinberri estrategiaren esparruan, Nazaret zentroak hiru ikastaro abiaraziko ditu 2023ko lehen hiruhilekoan, Lanbideren eskutik. Ikastaro horietan, digitalizazioa, bakardadea eta aktibazio komunitarioa jorratuko dira, baita arreta soziosanitarioaren pertsonalizazioa ere.

Amaitzeko, prestakuntza arautuari dagokionez, Tknikarekin eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saileko Lanbide Heziketaren Ezagutzaren Euskal Institutuarekin batera, IVAF, zahartzeari buruzko espezializazio dualeko programa bat aktibatuko da, sektorean berrikuntza soziala eta teknologikoa sustatzeko. Lanbide Heziketaren Ezagutzaren Euskal Institutuko zuzendaritzak aurkeztu ditu programa eta metodologia, eta pertsonen enplegagarritasuna eta enpresen lehiakortasuna hobetzera bideratuta dago.