ADINBERRIk telelaguntza prediktiboari buruzko proiektu aitzindaria aurkeztu du Europan, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin
ADINBERRIk telelaguntza prediktiboari buruzko proiektu aitzindaria aurkeztu du Europan, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin
KORALE osatzen duten sei kideak Lisboan elkartu dira, mendebaldeko gizarteetan gero eta handiagoa den fenomeno hau arintzen lagunduko duten jardunbide egokiak elkar ezagutarazteko
Gipuzkoak etxean bizi diren adinekoentzako arrisku egoerak goiz identifikatzen dituen bere proiektu aitzindaria du abian: telelaguntza prediktiboa, eta egun hauetan Lisboan da, ‘Korale Community Rail 2024-2025’ ekimen europearrean aurkezteko helburuarekin. Ekimen honen helburua da kontinentean nahi ez diren bakardadeen erronkari aurre egitea eta gero eta zabalagoa den fenomenoaren inguruko ezagutza eta jardunbide egokien komunitatea sortzea.
Gipuzkoa da ekimeneko motorra, eta Europako beste bost herrialderekin batera hartzen du parte KORALEN: Austria, Portugal, Belgika, Dinamarka eta Irlanda. Ekimena joan den urteko ekainean hasi zen Donostian, eta abenduan Vienan izan ondoren, Lisboako Santa Casa da Misericórdian (SCML) ari da izaten egun hauetan hirugarren topaketa.
200 erabiltzaile baina gehiago
Lisboan, Gipuzkoako Foru Aldundia, ADINBERRIrekin eta Eusko Jaurlaritzaren beti Onekin ba-tera, Oarsoaldean ezarri den telelaguntza prediktiboaren inguruan aritu da. Egun Oarsoaldeako 200 erabiltzaile baino gehiagoren bizi kalitatea, autonomia eta segurtasuna hobetzea helburu duen proiektua helarazi ahal izan diete Portugal, Austria, Belgika, Danimarka eta Irlandako kide europarrei.
Hala, 2024ko abenduan abian jarri zen ekimenaren aurrerapenak azaldu dituzte bertan Maite Peña Gipuzkoako Foru Aldundiko Zainketetako eta Gizarte Politiketako diputatuak, Rakel San Sebastian ADINBERRIko zuzendariak, Ainhoa Becerra Berrikuntzako arduradunak, eta Patricia García Colladok Ayesaren ordezkariak –telelaguntza prediktiboko proiektuan parte hartzen duen enpresa–. Gipuzkoako Foru Aldundiaren ADINBERRI Fundazioak, Eusko Jaurlaritzarekin batera, Berpiztu programaren bidez, AA, IoT edo Big Data bezalako tekno-logia berrien ezarpenari esker lurraldeak mendekotasun eta hauskortasun egoerei aurrea hartzea eta prebentzioan jardutea ahalbidetzen duen zerbitzu prediktiboaren eredu berrirantz aurrera egiten laguntzen du. Ayesa eta Illunion Vida Senior enpresek eta hainbat tek-nologiatan espezializatutako startupek osatutako ABEEa arduratu da etxeetan beharrezko gailuak ezartzeaz.
Teknologia horren bidez, banakako eta taldeko errutinak ulertzen dira, ohiko portaerako patroiak ezartzen dira, desbideratzeak detektatu eta garaiz ebaluatzen dira. Hau da, erabiltzaile batek sukaldean, gelan edo ohean zenbat denbora pasatzen duen jakin daiteke, bere errutinak ezagutzeko eta narriadura kognitibo progresiboaren edo osasun arazoen zantzuak izan daitezkeen aldaketa esanguratsuak identifikatzeko, edo etxetresna elektrikoen erabilerak detektatzeko, hala nola hozkailuarena edo jokabidearen edo fisiologiaren nahasmenduak adieraz ditzaketen ordutegi atipikoetan egindako desplazamenduak.
Baina, gainera, proiektu pilotu hau haratago doa. Izan ere, egoera kritikoei aurrea hartzeko erronka du, ez soilik alderdi fisikoei dagozkienak, baita arrisku emozionalei edo nahi ez den isolamendu eta bakardade arriskuei dagozkienak ere. Hizketa prozesatzeko tresnek goiz identifika ditzakete horrelako egoerak, eta horrek lagundu egingo die etxean bizi diren adinekoei egoera horiek lantzen eta prebenitzen.
Eredu transferigarriak eta jardunbide egokiak
Gipuzkoaz gain, Europako gainerako kideek ere bakardadeari aurre egiteko jardunbide egokiak aurkeztu dituzte, batez ere bi kolektiboren artean: gazteak eta adinekoak. Hala, eredu transferigarriak eta esku-hartze pilotuak aurkeztu dituzte, bakardadea hainbat testuinguru demografikotan eta hirikoetan lantzeko. KORALEren hirugarren topaketa honetan, adituen panel bat, jardunbide inspiratzaile onak eta profesionalen eta arduradun politikoen arteko zuzeneko trukerako aukerak sartu dira.
“KORALEren lidergoa izatea aukera bikaina da Gipuzkoarentzat, politika publikoen ardatza izan behar duen errealitate honen inguruan hausnartzeko, esperientziak trukatzeko, ikasteko, eta jardunbide onak partekatzeko aukera ematen digulako. Europako sare honen parte izatea eta esperientzia positiboak ezagutzeko eta trukatzeko komunitate bat sortzea funtsezkoa da lurraldeko adinekoen ongizate integrala hobetzeko lanean jarraitzeko”, adierazi du Maite Peñak, Zainketako eta Gizarte Politiketako diputatuak. Era berean, berretsi du: “Gipuzkoa aitzindaria da pertsonak erdigunean jartzen dituzten gizarte politiketan, etorkizun gizatiarragoa eta guztiontzat konektatuagoa eraikitzeko”.
Rakel San Sebastianek, ADINBERRIko zuzendariak gogorarazi du Europak dagoeneko aintzatetsi dituela Gipuzkoak abian jarritako beste bi jardunbide on, hala nola, HARIAK Kantuz, Gipuzkoako Abesbatzen Federazioarekin batera abesbatzen bidez bakardadeari aurre egiteko ekimena; eta Kalelagun, Beasainen bakardadearen fenomenoari diseinutik heltzen dion lehen plaza publikoa eraikitzeko EHUko Arkitektura Sailaren proiektua.