ADINBERRIk teknologia robotikoak bultzatzen ditu asistentziaren eta osasunaren arloan

2024 / 04 / 26

ADINBERRIk teknologia robotikoak bultzatzen ditu asistentziaren eta osasunaren arloan

Teknikerrekin eta HispaRob-ekin batera berrogeita hamar pertsona inguru bildu dituen jardunaldia ospatu du

Foru Aldundiaren proiektu estrategikoa den ADINBERRI Gipuzkoako Zahartze Osasungarrirako Fundazioak, asistentziaren eta osasunaren arloan teknologia robotikoak sustatzeko jardunaldia egin du gaur. Tekniker euskal zentro teknologikoarekin eta Hisparob-ekin batera, robotikako estatuko plataforma teknologikoak teknologia berri horietan interesa duten berrogeita hamar eragile biltzea lortu du.

Jardunaldia Donostiako Arima hotelean egin da, eta Adinberriren erronka handienetako bat indartzen lagundu du: “senior kolektiboaren beharrei erantzungo dieten aukera ekonomikoak eta enplegu-aukerak bultzatzea. Aspalditik ari gara erronka horretan lanean, eta horren barruan 2024-2027 urteetarako Fundazioaren Berrikuntza Agenda Estrategiko Berria ere jasotzen da”, adierazi du Rakel San Sebastian Adinberriko zuzendari nagusiak.

Robotika aukera paregabea da adinekoen osasun-arreta eta zaintza hobetzeko, baina gizartean eraginkortasunez integratzeko “beharrezkoa da teknologia horiek garatzen lagunduko duten estrategiak diseinatzea, asistentziaren eremuan haien onarpena eta erabilgarritasuna sustatuz”, nabarmendu du Jorgina Diaz Torres Hisparob-eko presidente eta Alisys-eko robotikako negozio-garapeneko zuzendariak. Diaz Torresek, gure gizarteko esparru guztietan robotikako teknologiak garatzeko, sustatzeko eta integratzeko robotikako Espainiako Hisparob plataforma teknologikoa aurkeztu du.

Bestalde, alor horretako joerei, aplikazioei eta jardunbide egokiei buruz Diaz Torresekin hitz egin duen Eneko Ugalde Iriondo Teknikerreko Sistema Autonomo eta Adimendunen zuzendari eta Hisparob-eko GTRoma taldeko koordinatzaileak ekitaldian azpimarratu duenez, oso garrantzitsua da lankidetzan aritzea eta teknologia robotikoak menderatzen dituzten eragileak eta sektorean antzematen diren beharrak elkartzeko gai izatea. “Senior kolektiboarekin edo laguntza-premiak dituzten pertsonekin lan egiten duten erakundeek eta enpresek ematen duten ezagutza hartu behar dugu kontuan, eragile horiek modu naturalean jarduteko ekosistema osatuz”, esan du.

Gainera, Adinberrik parte-hartze handia izan du jardunaldi hauetan, eskaintzaren zein eskariaren aldetik berrogeita hamar bat eragilek parte hartu duten lan-dinamika antolatu baitu. Hala, arlo soziosanitarioko beharrak eta industria hori garatzeko eta merkatuan sartzeko gakoak identifikatu ahal izan dira. Amaitzeko, networking bat egin da helize laukoitzeko, hau da, enpresetako, unibertsitateko, administrazio publikoko eta gizarteko, ordezkariekin.

Jardunaldi horiek asistentziaren eta osasunaren arloan adinekoen ongizatean eragina izango duen teknologia robotikoen industria horren garapena erraztuko duen lantaldea sortzeko ere balioko dute.