Adinberriren Teknologia Berritzailearen Erosketa Publikoaren lehen lizitazioa, telelaguntza prediktiboan aurrera egiteko

2023 / 06 / 06

Adinberrik Teknologia Berritzailearen Erosketa Publikoaren 886.325 €-ko lehen lizitazioa argitaratu du, telelaguntza prediktiboan aurrera egiteko

Adinberri Fundazioak Teknologia Berritzailearen Erosketa Publikoaren 886.325 euroko lehen lizitazioa abiarazi du, Eusko Jaurlaritzarekin lankidetzan. Kontratuan berrikuntza teknologikoan oinarritutako soluzio integral bat garatu, pilotatu, ebaluatu eta mantentzeari helduko zaio, etxez etxeko arretan telelaguntza prediktiborantz aurrera egiteko. Lizitazio horren bidez, esperientzia pilotu bat jarriko da abian Oarsoaldea eskualdeko BetiOn zerbitzuaren egungo 100 erabiltzailerekin.

Lizitazio horren aurretik, bai Gipuzkoako Foru Aldundiarentzat, bai Eusko Jaurlaritzarentzat zahartzearen arloan aitzindaria izan den Merkatuko Aurretiazko Kontsulta egiteko prozesua hasi zen 2022ko azaroaren 25ean. Fase horrek oso erantzun ona izan du, toki, estatu eta nazioarte merkatuko 25 erakundek 27 proposamen aurkeztu baitituzte. Prozesu horren helburua, zaintzako tokiko ekosistemen estrategiaren esparruan (Zaintza HerriLab) adinekoen etxean autonomia sustatzeko telelaguntza prediktiboaren bidez konektatutako ekosistema bat garatzeko soluzio berritzaileak identifikatzea zen.

Eusko Jaurlaritzak eredu prediktiborantz aurrera egiteko egin duen apustua argia da, 4P ereduan (predikzioa, prebentzioa, pertsonalizazioa eta parte-hartzea) oinarritutako esku-hartze plan pertsonalizatuaren bidez aurrea hartzeko eta jarduteko aukera emango duen Telelaguntza. Eta, zehatzago, TeleLaguntzako Programazio Indibidualak (TPI-PITA) definitzen dituen esku-hartze eremuetan: i) bakardadea; ii) erorketak; iii) segurtasuna etxean, tratu txarrak eta autolisia; iv) narriadura kognitiboa; eta v) ingurune soziofamiliarrari laguntzea. Horiek dira BEP honekin erantzun nahi ditugun eremuak.

Erronka horri erantzuteko, 4 ildotan oinarritutako soluzio teknologikoak identifikatu dira: i) hizketaren prozesamendua, ii) Internet of Things (IoT), iii) analitika aurreratua, adimen artifiziala eta Big Data eta iv) elkarreragingarritasuna eta estandarizazioa erraztuko duten teknologiak (Plataforma irekia).

Beraz, lizitazio honen bidez, etxeko zainketen ziklo osoan eragina izango duen soluzio integral berritzailea garatu nahi da, eta, horretarako, etxean instalatutako hainbat gailuren bidez erabiltzaileen informazioa eraginkortasunez biltzea ahalbidetuko duen Big Data plataforma bat garatzea aurreikusten da.

Lizitazio honen azken helburua soluzio teknologiko horiek probatzea eta pilotatzea da, aldez aurretik detektatu ahal izateko eta dagokien esku-hartzea egin ahal izateko, adinekoen beharrei erantzuteko eta teknologia horien ebaluazioa egiteko, etorkizunean BetiOnek bere zerbitzuen atalean sar ditzan.

Aldez aurreko erantzuna

Azken batean, erronka, pertsona bakoitzarentzat, zainketako tokiko ekosistemako zerbitzu guztiak izango dituen erantzun egokia aldez aurretik diseinatu ahal izatea da, telelaguntza-zerbitzutik esku-hartze pertsonalizatuak eginez. Halaber, analitika-tresna aurreratuak garatu nahi dira, erabakiak hartzen laguntzeko adimen-tresna gisa.

Kontratu honen esleipenak hasiera emango dio teknologia horiek ingurune errealean pilotatzeko aukerari. Gaur egun telelaguntza-zerbitzuaren erabiltzaile diren Oarsoaldeko 100 etxetan egingo da. Eskualde hori, Berpiztu programaren xede den LJZ (ZAP) (Lehentasuneko Jarduera Zona) gisa dago kalifikaturik. Kontratuaren ardatza, batez ere, lehen aipatutako dimentsioetako hiru izango dira: narriadura kognitiboa, bakardadea eta etxeko segurtasuna.

Kontratuaren egikaritzeak 18 hilabete inguruko iraupena izango du; horietatik sei diseinu-lanetarako eta telelaguntza-plataforma prediktiboaren garapenerako erabiliko dira, eta beste 12 hilabeteak pilotatze-lanerako.