Gipuzkoak eta Singapurrek bat egin dute zainketan, longebitatean eta berrikuntza teknologikoan
Zainketa eta Gizarte Politiketako departamentuak eta ADINBERRIk herrialde asiarra bisitatu dute, mundo mailan erreferente dena zahartze aktiboan, arreta integratuan eta berrikuntza teknologikoan; Basque Trade & Investementekin batera antolatu dute agenda.
Gipuzkoak eta Singapurrek munduko bizi-itxaropen indize handienetako bat dute. Gainera, bi lurraldeek zahartzearen erronkari heltzea dute helburu, etorkizunari begiratzea eta heltzea, berrikuntzaren, aurresorkuntzaren, zaintzaren eta komunitatearen ikuspegitik. Testuinguru horretan, Gipuzkoako Foru Aldundiko Zainketa eta Gizarte Politiketako Departamentuko eta ADINBERRI Fundazioko ordezkaritza batek herrialde asiarra bisitatu du, adinekoei arreta emateko estrategiak bertatik bertara ezagutzeko asmoz.
Agenda Eusko Jaurlaritzaren Basque Trade & Investment-ekin lankidetzan antolatu da, eta bilera instituzional eta pribatuak egin dira. Horien artean landu dira bisita teknikoak eta iraupen luzeko zaintza eta ongizaterako teknologietan aitzindariak diren ereduen zuzeneko ezagutza. Helburua izan da lankidetzarako aukerak identifikatzea eta Gipuzkoako testuingurura egokitzeko aukerak aztertzea. Bisitan izan dira Maite Peña Zainketa eta Gizarte Politiketako diputatua, Rakel San Sebastián ADINBERRIko zuzendaria eta Ainhoa Becerra Berrikuntzako arduraduna.
Maite Peña: “Eredu berritzaileak bertatik bertara ezagutzeko aukera”
Maite Peña Zainketa eta Gizarte Politiketako diputatuak Singapurrera egindako bisitaren garrantzia azpimarratu du, zaintza integratua, teknologia aurreratua eta norbanakoaren duintasunean eta autonomian oinarritutako ikuspegia uztartzen dituzten adinekoentzako arreta-eredu berritzaileak ezagutzeko aukera gisa: "Geroz eta bizitza itxaropen handiagoa duen gizarte batean bizi gara, eta erronka handia dugu aurretik: azken hamarkadetan, bizi-itxaropena 20 urtean handitu da, eta horrek erantzun berriak eskatzen ditu biztanleriaren zahartzearekiko. Gipuzkoa bere zainketa-sistema eraldatzen ari da bete-betean, eredu komunitario, pertsonalizatu eta berritzaileen aldeko apustua eginez, adinekoei beren ohiko ingurunean kalitatez eta autonomiaz bizitzeko aukera emango dietenak. ‘Eremu urdinen’ rankinean, Singapur seigarren postuan dago mundu mailan, ehun urtetik gorako pertsona ugari bizi dira bertan, eta gurearen anteko bizi-itxaropena duen herrialdea da. Gainera, plangintza integralaren eta iraunkortasunaren eredua du zahartze aktiboari dagokionean. Hori horrela, longebitatea, berrikuntza eta teknologia berritzaileak lantzeko beste modu batzuk ezagutzea garrantzitsua da, inspirazio-iturri da gure estrategiak hobetzeko eta erronka honi arrakastaz aurre egiteko".
Laguntza duten etxebizitzak, komunitatean zahartzeko
Bisitan, Gipuzkoako ordezkaritzak funtsezko bi esperientzia ezagutu ditu Singapurren: batetik, zaintza komunitarioko apartamentuen eredua (Community Care Apartments), Osasun Miniesterioak eta Garapen Nazionaleko Ministerioak elkarlanean duten ekimenetako bat, etxebizitza egokituak eskaintzen dituena laguntza-zerbitzu eskalagarriekin eta komunitatean zahartze aktiboa sustatzeko jarduerekin; eta bestetik, Agency for Integrated Care (AIC), 2009an sortu zen, herrialdeko osasun eta gizarte-ekosistema koordinatzeko helburuarekin, eredu holistikoarekin, pertsona erdigunean jarriz, gobernua, hornitzaileak eta erakunde komunitarioak uztartuz.
Eredu eta ikuspegi horiek bat datoz Gipuzkoan garatze bidean dauden hainbat ekimen eta estrategiekin, hala nola Zaintza HerriLabekin. Tokiko ekimen honek zaintza kolaboratiborako formula berriak aztertzen ditu, adinekoen autonomia, ongizatea eta parte-hartze aktiboa errazten duten ingurune komunitarioak sustatuz. Zaintza HerriLabek zainketa-sistema eredu integratuagoetara, pertsonalagoetara eta berritzaileagoetara eraldatu nahi du, biztanleriaren zahartzeak planteatzen dituen erronkekin eta Singapurren ikusitako irtenbideekin bat etorriz.
Nahi ez den bakardadeari aurre egitea
Bidaiaren ardatz nagusietako bat nahi ez den bakardadeari heltzea izan da, Aldundiak eta ADINBERRIk lehen mailako erronka soziala baitute. Gipuzkoatik lan egiten da adineko pertsona guztiak lotura afektiboekin bizi daitezen, beren ingurunearen parte senti daitezen eta entzunak izan daitezen.
Singapurren, Lions Befriendersen esperientzia ezagutu dute. Adineko pertsonen bakardade sozialari aurre egiten dion erakundea da Befrienders, boluntarioen laguntzarekin eta parte-hartze komunitarioarekin, harreman esanguratsuak sustatuz eta etxean bertan zahartzea sustatuz.
Teknologia eta Silver Economy: telelaguntza prediktiboa eta robot humanoideak
Silver Economy-ren esparruan, ordezkaritzak puntako aurrerapenak aztertu ditu telelaguntza prediktiboan eta laguntza-teknologietan, hala nola Dex-Lab-ek garatutakoak; bertan, adineko pertsonekin elkarreragiteko gai diren robot humanoideak diseinatzen dituzte. iSense-ASV-k aldiz, ertzeko adimen artifizialeko radar-sentsoreetan espezializatua dagoenak, (Ed-ge AI), monitorizazio ez-intrusiboa lantzen du, gailu eramangarrien beharrik gabe garatzen dena, eta pribatutasun osoarekin.
ADINBERRI etxeko zaintzan tresna adimentsu horiek txertatzea bultzatzen ari da, arrisku-egoerei aurrea hartzeko eta adinekoen autonomia beren etxeetan ezartzeko. Alde horretatik, ADINBERRI dagoeneko ari da proba pilotu bat garatzen, telesistentzia prediktiboaren estrategian oinarritua, sentsore aurreratuak eta datu-analisiak konbinatzen dituena, portaera-patroiak detektatzeko eta gertatu aurretik antzeman daitezkeen gorabeherez ohartarazteko; eta, horrela, erabiltzaileen segurtasuna eta bizi-kalitatea hobetzeko.
Erronkak eta etorkizunerako ikuspegia zahartzearen eremuan
Gipuzkoak eta Singapurrek antzekotasun ugari dituzte, eta horiek ezagutza trukatzea errazten du, begirada erronka global handienetako baten jarriz: biztanleriaren zahartzea. Bi lurraldeek hazkunde iraunkorra izan dute 65 urteko kolektiboan, eta pertsona ardatz duten zaintza-eredu berritzaileen aldeko apustua egiten ari dira, prebentziorako, autonomiarako eta komunitate-bizitzarako joera sendoarekin.
Singapur, oso planifikatzailea den hiri-estatua, zahartze aktiboan eta zerbitzuen integrazioan nazioarteko erreferentzia gisa finkatu da, eta munduko seigarren "eremu urdin" gisa aitortua izan da, ehun urtetik gorako pertsonen kontzentrazio handiagatik eta azken hamarkadetan azkar hazi den bizi-itxaropenagatik. Bere eredua epe luzerako ikuspegi estrategikoagatik nabarmentzen da, besteak beste, ongizatean, etxebizitzan, jasangarritasunean edo hiri-plangintzan.
Gipuzkoa, bestalde, bere zaintza-sistemaren eraldaketa sakon batean murgilduta dago, ikuspegi komunitario batean oinarritua, pertsonarengan zentratua eta berrikuntzan murgilduta. Singapurrekin ikuspegi ekosistemiko bat partekatzen du, hirugarren sektore sozialaren balioa aitortzen duena eta arlo publikoaren eta komunitarioaren arteko lankidetzaren alde egiten duena. Bi lurraldeek bat egiten dute zahartzearen erronkei modu jasangarrian erantzungo dien arreta integratu eta koordinaturantz pausuak emateko, sare sendoak ehunduz.