ADINBERRIk SIA aurkeztu du, Gipuzkoa zahartzeari buruzko ezagutza espezializatuaren nazioarteko erreferentzia bihurtzeko

2022 / 10 / 14

Tabakaleran aurkeztu da gaur SIA proiektua, gizartearen aurrean aurkezteko ekitaldi batean. Han izan dira erakundeetako, unibertsitateetako, hirugarren sektore sozialeko eta ehun ekonomikoko 155 ordezkari. Maite Peña Gizarte Politiketako diputatuak eta ADINBERRIko zuzendari Rakel San Sebastiánek parte hartu dute ekitaldian. Haiekin batera izan dira, orobat, arlo horretan itzal handia duten adituak.

Maite Peñak azpimarratu duenez, «Gipuzkoa erantzun positiboa, abangoardista eta lankidetzan oinarritua» ari zaio ematen zahartzearen erronkari, bai Gizarte Politiketako Departamentuak garatutako politiken bidez, bai ADINBERRI fundazioak sustatutako ekimenen bidez, Adimen Aurreratuko Sistema martxan jartzeak erakusten duen bezala. «Etorkizuna Eraikiz ekimenaren espirituarekin bat, ADINBERRIren helburuen artean dago Gipuzkoa arlo horretako munduko esperientzia eta ezagutza aurreratuenekin lotzea, eta haren xedea da, era berean, gizartearen eta sare sozioekonomikoaren eskura ipintzea Gipuzkoak zahartze osasungarriari buruz duen informazio mamitsua, bai lehendik duena, bai zabaltzen ari dena», gogorarazi du.

Era berean, diputatuak adierazi du tresna berria dela, eta lagungarria izango dela «zahartze osasungarriaren zerbitzura berrikuntza sustatzen» diharduten eragileen ekosistema «sendotzeko», ADINBERRIrekin orpoz orpo. «Pertsonen bizi-kalitatea hobetzen duten produktuak, zerbitzuak eta soluzioak garatzen ari gara, eta, haiei esker, aurrera jarraitu ahalko dugu zaintza pertsonalizatuagoak eta komunitarioagoak lortzeko trantsizioan. Lan horretan sakontzen jarraitu behar dugu», amaitu du.

Rakel San Sebastiánek, berriz, adierazi du ziurtasun gutxi dagoela etorkizunari buruz, baina «jakintzak eta teknologia berriek gero eta gehiago eta modu fidagarriagoan gerturatzen» gaituztela etorkizun posible horretara. «Ikuspegi berritzaile eta aurreratzaile horrekin, ADINBERRIn Adimen Aurreratuko Sistema bat sortu dugu, zahartzeari buruzko ezagutza espezializatua kontzentratzeko eta sortzeko. Sistema horri esker, zalantzarik gabe, oinarri sendoak izango ditugu joerak identifikatzeko, etorkizuneko erronka sozial, soziosanitario eta ekonomikoei aurrea hartzeko, eta erabaki informatuak hartzeko, erronka horiei aurre egite aldera. Gure helburua da Gipuzkoa nazioarteko erreferentzia bihurtzea, zahartzeari buruzko ezagutza espezializatu eta diziplina anitzekoaren sorkuntzan». «ADINBERRIren Adimen Aurreratuko Sistemak —azpimarratu du San Sebastiánek— aukera ematen digu zer datorkigun arakatzeko eta ahalik eta etorkizunik onena eraikitzeko; eta, etorkizun horretan, zahartzea ongizatearen sinonimoa izango da».

Azkenik, Miguel Jiménezek (FFWD) Ziurgabetasuna, aurrea hartzea eta etorkizuna izeneko hitzaldia eskaini du, eta Endika Lekarozek (C4E), berriz, Zahartzearen etorkizuna: erronkak, kasuak eta joerak izan du hizpide bere aurkezpenean. Era berean, mahai-inguru bat ere izan da Gipuzkoako Foru Aldundiko, Eusko Jaurlaritzako, EHUko, Biodonostiako, Datu(a) enpresako eta Matia Institutuko arduradunekin, eta bakoitzak bere ikuspuntutik azaldu ditu plataformak ekarriko dituen onurak.

 

Zer da SIA?

Adimen Aurreratuko Sistemak zahartzeari buruzko informazioa eta ezagutza bildu eta aztertuko ditu, estatukoa zein nazioartekoa, eta lagungarria izango da estrategia prospektiboetan oinarritutako erabakiak hartzeko, hala eremu publikoan nola pribatuan.

Sistema honen helburua da datozen hamarkadetako zahartze-prozesuari buruzko agertoki erreal bat marraztea Gipuzkoarako, arlo horretako politika publikoen garapena hobetzeko eta, bide batez, sektore pribatuan ere aukera berriak sortzeko.

Plataforma https://sia.adinberri.eus/ helbidean topa daiteke, eta herritar guztiek izango dute eskura.