Atzealdea ADINBERRIk Osasun Digitalaren Nazioarteko XI. Kongresuan hartu du parte

2024 / 09 / 19

ADINBERRIk Osasun Digitalaren Nazioarteko XI. Kongresuan hartu du parte

Rakel San Sebastianek Telelaguntza Prediktiboaren proiektua nabarmendu du osasun digitaleko aliantzei buruzko mahai-inguru batean

Adinberrik, Osasun Digitalaren Elkarteak, Value Health-ek eta Signo Fundazioak antolatutako Osasun Digitalaren Nazioarteko XI. Kongresuan hartu du parte Donostiako Miramar Jauregian, EHUren Udako Ikastaroen barruan.

“Arreta AAren bidez eraldatzea” leloa izan duen Kongresuan gaur egungo inguruneak osasun-ekosistemaren egungo eta etorkizuneko beharrei erantzuten dien ala ez aztertu da. Zehazki, Rakel San Sebastian ADINBERRIko zuzendari nagusia, “Aliantza Estrategikoak Osasun Digitaleko Ekosisteman” mahai-inguruan izan da. Ekitaldian parte hartu dute, halaber, Josep M. Pomar Reynés Signo Fundazioko presidenteak, Martín Sabignoso FEIAS Fundazioko kideak eta Fran Sánchez Laguna Andaluziako Osasun Estrategiaren zuzendariak.

San Sebastianek telelaguntza prediktiboaren proiektua azaldu du, “ekimen estrategiko eta berritzailea, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin eta Eusko Jaurlaritzarekin lankidetzan, Oarsoaldeko 100 erabiltzaileren narriadura kognitiboa, bakardadea eta segurtasun falta goiz identifikatzeko”.

Telelaguntza prediktiboko proiektu pilotua

Pasaia HerriLab proiektuaren barruan dagoen ADINBERRIren eta Eusko Jaurlaritzaren ekimen horrek berrikuntza teknologikoan oinarritutako soluzio integrala garatzea, gidatzea, ebaluatzea eta mantentzea du helburu, etxeko arretan telelaguntza prediktiborantz aurrera egiteko.

Horrela, Euskadiko Telelaguntza Zerbitzu Publikoaren (betiON) erabiltzaileen beharrak aldez aurretik detektatzea bilatzen da, eta esku-hartze goiztiar eta pertsonalizatua planteatu, etorkizun hurbilean betiONen zerbitzu-zorroan sartu ahal izateko.

Eraiki nahi den ereduak aukera eman beharko du aurreikuspenak, prebentzioa, pertsonalizazioa eta parte-hartzea bateratuko dituzten planak diseinatzeko, bost eremu azpimarratuz: bakardadea, erorikoak, etxeko segurtasuna, tratu txarrak eta autolisia, narriadura kognitiboa eta ingurune soziofamiliarrari laguntza.

Erronka horri erantzuteko, bost ildotan oinarritutako soluzio teknologikoak identifikatu dira: hizketaren prozesamendua, gauzen internet (IoT), analitika aurreratua, adimen artifiziala eta datuen adimena (big data) eta, azkenik, elkarreragingarritasuna eta estandarizazioa (plataforma irekia).

Proiektu pilotuak 18 hilabete iraungo du, eta Oarsoaldea eskualdeko etxeetan egingo da betiON zerbitzuaren ehun erabiltzailerekin.