Atzealdea ADINBERRIk nahi gabeko bakardadeari aurre egiteko HARIAK estrategia aurkeztu du Zaragozan
ADINBERRIk HARIAK estrategia partekatu du Zaragozan, nahi ez den bakardadearen aurrean
Zaragozako Udaleko Gizarte Politiken Arloak antolatutako topaketa batean parte hartu du, nahi gabeko bakardadea "izaera sozial eta komunitarioko erronka" dela azpimarratuz.
ADINBERRIk abian duen HARIAK estrategia aurkeztu du Zaragozako La Azucarera eraikinean urriaren 27an eta 28an burututako «Bakardade-egoerei aurre egiteko estrategia partekatua eraikitzen» jardunaldian. Zaragozako Udaleko Gizarte Politiken Arloak antolatutako topaketak nahi gabeko bakardadearen prebentzioa eta egoera horri aurre egiteko estrategiak izan ditu ardatz, arlo horretan aurrera egiteko esperientziak eta ikuspegiak partekatzeko aukera eskainiz.
ADINBERRIko presidente eta Zainketetako eta Gizarte Politiketako diputatu Maite Peñak azaldu duenez, HARIAK estrategia Gipuzkoako eragileen eta herritarren iritziak jasotzeko eta parte-hartzea sustatzeko prozesu baten emaitza da, eta nahi gabeko bakardadeari belaunaldien arteko gizarte mailako erantzun integral eta komunitarioa ematea du helburu.
2024az geroztik, Gipuzkoako Foru Aldundiak 1,1 milioi euro baino gehiago bideratu ditu, ADINBERRIren bidez, nahi gabeko bakardadeari aurre egiteko ekimenak sustatzera. Hemeretzi udalerritan garatutako hamabi proiekturen bidez, 14.000 pertsona ingururengana iritsi da, orientazioa eta babesa eskainiz eta harreman sozialak indartzen dituzten jarduerak sustatuz. HARIAK Hubek proiektu horiei aholkularitza eta babesa eskaintzen die, jarraipenaren eta proiektuen arteko ezagutza eta esperientzien trukearen bidez.
Foru Aldundiko diputatuak HARIAK estrategia Gipuzkoako zaintza-ereduaren eraldaketarekin lotu du, prebentzioan, pertsona bakoitzaren beharretara egokitutako arretan eta komunitatearen parte-hartzean oinarritutako sistema baterantz aurrera egiteko. Halaber, ADINBERRIk zuzentzen duen KORALE Europako proiektua aurkezteaz gain, ekimenen ebaluazioaren garrantzia azpimarratu du, eraginkorrak diren egitasmoak sendotu eta beste eremu batzuetara zabaltzeko helburuarekin. "Komunitateak askoz sendoagoak dira erakundeek, gizarte-eragileek eta herritarrek elkarlanean jarduten dutenean", adierazi du.