Adinberrik Lanbide Deialdiko Proiektu Bereziak izenekoaren bilera emankorra egin du

2023 / 06 / 29

Adinberrik Lanbide Deialdiko ‘Proiektu Bereziak’ izenekoaren bilera emankorra egin du

Fundazioak, Lanbideren deialdira aurkeztu ziren lau ekimen finantzatu ditu. Ekimen horien helburua langabetuak arretaren eta zainketen esparruan profesionalizatzea eta gizarteratzea zen.

Joan den ekainaren 16an, Adinberrik laneko bilera egin zuen Lanbide 2022ko deialdira aurkeztu ziren bost proiektu berezien arduradunekin. Fundazioak horietako lau finantzatu zituen. Lau ekimen horiek laneratzera eta berrikuntza soziolaboralera zeuden zuzenduta, langabetuen eta lan-merkatuan sartzeko zailtasunak dituztenen arretaren eta zainketen esparruan.

Ekintza hori Prestakuntza Integraleko Planaren barruan sartzen da. Plan horrek, prestakuntzako hiru ibilbideetan, hau da, lan hastapenekoan, jarraituan eta arautuan hedatutako jarduketako sei ildo ditu. Hain zuzen ere, “Proiektu Berezi” horien helburua etxeetan eta egoitzetan zainketak egiten zituzten pertsonak profesionalizatzea zen, eta, deialdi horri esker, 75 pertsonak lortu zuten arreta soziosanitarioko profesionaltasun-ziurtagiria.

Proiektu horiek eta Donostialdean, Debagoienan, Tolosaldean eta Urola Garaian dagoeneko egin diren ekimenak ezagutarazteko, Adinberrik laneko jardunaldi bat antolatu zuen, ekintza horien aurrerapenak, emaitzak eta ikasitako ikasgaiak partekatzeko eta hobetu beharreko alderdiei buruzko hausnarketa egiteko. Adinberriz eta aipaturiko eskualdeetan hedatzen diren proiektuen arduradunez gain, beste erakunde batzuek ere hartu zuten parte jardunaldi horietan, Oarsoaldeak, Goieki Fundazioak edo laneratzeko Sartu elkarteak besteak beste.

Horiek guztiek, gaur egun, zaintzaileak profesionalizatzeko arretaren eta zainketen arloko prestakuntza- eta aktibazio-ibilbideetan egiten dute lan.

Jardunaldia benetan emankorra izan zen, eta proiektuen arduradunen artean sorturiko ezagutza transferitzeko balio izan zuen, Lanbideren beste deialdi batera aurkeztu diren ekimen berrien diseinuan aurrera egiten jarraitzeko.