ADINBERRIk eta Gipuzkoako Foru Aldundiak Zaintza HerriLab zaintza-estrategia aztertu dute Noticias de Gipuzkoa egunkariarekin izandako topaketan

2022 / 05 / 03

Mahai-inguru batean bildu dira ADINBERRI, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Noticias de Gipuzkoa egunkaria, Zaintza HerriLab estrategia sakon ezagutzeko. Zaintzaren alorreko eredu aitzindaria da, eta zahartzearen kontzeptua aldatu nahi du; izan ere, bizi-itxaropena luzatzeak mendekotasun-egoeran dauden pertsonen kopurua pixkanaka handitzea ekarriko du datozen urteetan.

Gizarte Politiketako Sailak ADINBERRI fundazioarekin batera sustatua, Zaintza HerriLab lehentasunezko erronka bihurtu da Gipuzkoako erakundeentzat. Zaintza-eredu hori sakon ezagutzeko, Zaintzen tokiko ekosistemak mahai-ingurua egin da, berriki, Noticias de Gipuzkoa egunkariaren eskutik, eta estrategia horri lotutako hainbat pertsonak hartu dute parte.

Alde batetik, Txomin Ruzo Pasaiako Zaintza HerriLab programaren erabiltzailearekin hitz egiteko aukera izan zuen Maite Peña Gizarte Politiketako foru diputatuak, Pasaia baita Zaintza HerriLaben esparruan lanean ari diren Gipuzkoako zazpi udalerrietako bat, Hernani, Usurbil, Azpeitia, Zestoa, Donostia eta Urretxurekin batera.

Pertsona erdigunean jartzea

Datuek erakusten dutenez, adinekoen % 82k etxean zahartu nahi du. Horixe izan zen Txominen ama Pepitaren kasua ere, bere azken bizi-etapa etxean bizitzeko nahia adierazi baitzion familiari. «Amak argi zuen etxean zaintzea nahi zuela, baina nik bakarrik ezin nuen. Orduan, Pasaiako Gizarte Zerbitzuekin harremanetan jarri nintzen, eta Zaintza HerriLab programan sartu ginen. Esperientzia ona izan da. Berak nahi zuena lortu genuen: etxean geratzea, arreta pertsonalizatua jasoz», kontatu zuen Txomin Ruzok topaketan.

Izan ere, pertsonaren nahiak eta lehentasunak erdigunean jartzea, horixe da Zaintza HerriLaben helburua. Maite Peña diputatuak azpimarratu zuenez, zaintzen tokiko ekosistemak sortzean oinarritutako estrategia horren bidez, «jauzi kualitatiboa egin da, etxez etxeko laguntza eta prestazio ekonomikoak dagoeneko badaudela kontuan hartuta, erabiltzailearen inguruko sistema guztiak artikulatzea lortu baita. Paradigma-aldaketa bat da, eta, orain, sistemak dira euren artean artikulatzen direnak, pertsonen premietara ahalik eta ongien egokitzen den zerbitzua eskaintzeko, eta ez alderantziz».

Paradigma aldatzea

ADINBERRIko zuzendari Rakel San Sebastianek topaketan azaldu zuenez, Zaintza HerriLaben beste ezaugarri nagusietako bat hauxe da: inplikatutako eragile guztien arteko lankidetzan oinarritutako estrategia da. «Pasaia Zaintza HerriLab osatzen duen talde eragilea abian jartzea mugarria izan zen berez, lantalde horretan ordezkatuta baitaude Eusko Jaurlaritza, Osakidetza, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Pasaiako Udala. Talde eragilea martxan jartzeko orduan inor konbentzitu beharrik ez izatea izan da lorpenik handiena, denok baikenuen argi hori zela egin beharreko bidea. Beraz, Zaintza HerriLab proiektuak berrikuntza dakar erakunde-mailan, gizarte-mailan eta gobernantza-mailan».

Belen Zubia Pasaiako Udaleko gizarte-langilearen iritziz, «arreta emateko modu honen bidez, pertsona erdigunean jartzeaz gain, bere zaintzaren parte aktibo bihurtzen da erabiltzailea. Pasaian aldatu egin da esku hartzeko modua: lehen, mendekotasunari ekitera bideratuta zeuden, gehienbat, gizarte-zerbitzuak; orain, berriz, prebentziotik abiatzen gara, pertsona oraindik autonomoa denean, eta etxera joaten gara, haren beharrak, nahiak eta ingurunea ezagutzeko».

Zaintzen ekosistema berri horren funtsezko eragileetako bat Hurkoa Fundazioa da, eta Hauskor proiektuaren bidez dihardu. Proiektu horri buruz hitz egin zuen Bakarne Etxeberria arduradunak: «Erraz hausten dena da hauskorra, eta, hain zuzen ere, horretarako jaio da proiektu hau: adineko pertsonek bizi dituzten gizarte-hauskortasuneko egoerei aurre egiteko. Zaintzaz hitz egiten dugunean, mendekotasunarekin lotzen dugu maiz, eta hori ez da horrela», argitu zuen.

Ondorio gisa, Rakel San Sebastianek esan zuen Zaintza HerriLab «inoiz baino beharrezkoagoa den estrategia» dela. Gainera, ADINBERRIko zuzendariak onartu zuenez, «aukeratutako bidea konplexuena da, baina horixe da egin behar duguna».

Zaintza HerriLab estrategia sakonago ezagutzeko, esteka honetan ikus dezakezu topaketa osoa.