Atzealdea ADINBERRIk ekosistemako 90 eragile biltzea lortu du, Zahartzeari buruzko Berrikuntza Polo potentziala elkarrekin eraikitzeko

2024 / 11 / 11

ADINBERRIk ekosistemako 90 eragile biltzea lortu du, Zahartzeari buruzko Berrikuntza Polo potentziala elkarrekin eraikitzeko

Enpresa eta erakunde horien guztien ekarpenak “ezinbestekoak” dira balio erantsi handiko proiektu hori definitzeko eta diseinatzeko

ADINBERRIk ekosistemako 90 eragile biltzea lortu du, Zahartzeari buruzko Berrikuntza Polo potentziala elkarrekin eraikitzeko. Polo hori Pasaiako Herrera inguruan egongo da. Asmoa da 2027an ateak irekiko dituen, eta azpiegitura nagusia izango den Adinberri Erreferentzia Zentrotik haratago proiektatzea, Sprilur Pasaiako badiako gune berean eraikitzen ari den eta datorren udaberritik aurrera martxan egongo diren beste instalazio batzuetara, hain zuzen ere. Azaroaren 7an eta 8an, Fundazioak enpresak, eragile soziosanitarioak, I+G+Bko eragileak, hezkuntza-erakundeak, prestakuntza-erakundeak eta hirugarren sektorekoak bildu ditu Arima Hotelean, Donostian. Bertan, balio erantsi handiko proiektu horiek guztiak definitzeko eta diseinatzeko laneko mahaiak egin dira.

ADINBERRIren iritziz, ekosistemaren ekarpenak “ezinbestekoak” dira Poloak “esanahia duen eta bideragarria den” berresteko. Hori dela eta, laneko mahai horien aurretik espazio horren “diseinu kogeneratiboan aurrera egiteko funtsezko tresna” den galdetegi bat bidali zien 260 eragileri baino gehiagori. Erantzun horiek guztiak irakurrita Poloa eraikitzeko interes “handia” zegoela ikusi zen, eta, are gehiago, 25 erakundek etorkizunean gune horretan instalatzeko asmoa agertu zuten.

“Zuen ekarpenak ezinbestekoak dira ADINBERRIrentzat, Zahartzeari buruzko Berrikuntza Polo honek zuen interes eta beharrei erantzuteko balio behar duelako. Zuen zerbitzura egongo den proiektua da”, defendatu du Rakel San Sebastian Fundazioko zuzendariak. Azaldu duenez Polo horrek “eragile biltzaile eta katalizatzailea izateko asmoa du, ezagutzaren kudeaketari eta transferentziari, asistentzia- eta osasun-jarduerari eta berrikuntzaren bidezko garapen teknologiko eta industrialari erantzuteko”.

ADINBERRI Polo potentzialak Fundazioa duela 6 urtetik, Zaintza eta Gizarte Politiketako Sailarekin eta Ekonomia Sustapen eta Proiektu Estrategikoen Sailarekin batera lantzen ari den estrategia ukigarri izatea ekarriko du, eta ez soilik espazio fisiko gisa, baizik eta, ezagutzaren eragileak, administrazio publikoa, komunitateko ingurunea eta sektore pribatua batzen dituen elkarlaneko ekosistema gisa, arreta eta zaintza eredu berriak bultzatzeko eta Silver Economyn ekintzailetza sustatzeko. Beraz, asmoa Polo horrek Pasaiako badian dituen zerbitzuak sendotzea da. Bertan ezarriko da ezagutza sortzeko, prestakuntza eta gaikuntza bultzatzeko eta ekimen berritzaileak esperimentatzeko eta probatzeko gai izango den eta erreferentzia-gune bihurtuko den ADINBERRI erreferentzia-zentroa, ekintzailetza eta barne-ekintzailetza sustatuz, pertsonen ongizate integrala hobetzeko”, adierazi du San Sebastianek.

Bertan hub sozial eta enpresariala ezarriko da, berrikuntza sozialean, soziosanitarioan, teknologikoan eta enpresarialean oinarritutako ekimenak hedatuko dira, eta, beraz, ezagutza sortzeko eta transferitzeko lekua izango da. Erreferentziazko laborategien ingurune errealeko sarea ere sortuko da, eta bertan erabiltzaileekin produktuak eta zerbitzuak probatzeko aukera izango da, adinekoen ongizatea hobetzen laguntzeko.

Laneko mahaiak

Bi jardunalditan, ekosistemako 90 eragile inguruk hartu dute parte laneko mahaietan. Horietan banakako dinamika bat eta taldeko beste bat egin dira. Mahai horiek Poloak nolakoa izan beharko lukeen, zer espezializazio-foku hartu beharko lituzkeen, zer zerbitzu jaso beharko lituzkeen eta zer aukera-eremu lehenetsi beharko liratekeen bertatik bertara ezagutzeko balio izan dute, ADINBERRI ekosistemaren beraren ikuspegiaren arabera.

Zehazki, parte hartu duten eragileek lau ekintza-gune nabarmendu dituzte, hau da: ezagutza eta prestakuntza; esperimentazioa; prebentzio- eta arreta-eredu berrirako eta pertsonak zaintzeko erreferentziazko espazioak; eta ekintzailetza.