Atzealdea ADINBERRIk Bioterrako Amalurra gunea inauguratu du ongizate integralean oinarritutako saio parte-hartzaile batekin
ADINBERRIk Bioterrako Amalurra gunea inauguratu du ongizate integralean oinarritutako saio parte-hartzaile batekin
ADINBERRI Fundazioak parte hartu du Ficobak Irunen antolatutako Euskadiko Bioterra Azoka Ekologikoan. Azokak etapa berri bati ekin dio aurten, bere ohiko jardun-eremuak zabalduz eta ongizatearekin, osasun integralarekin eta bizi-kalitatearekin lotutako proposamenak indar handiagoz txertatuz.
Testuinguru horretan, ADINBERRIk Amalurra inauguratu du, modu ekologikoagoan, osasungarriagoan eta koherenteagoan bizitzeko moduari buruz hausnartzeko sortutako azokako gune berria. Horretarako, “Adinberri saioa” antolatu du, zahartze osasungarria eta pertsonen ongizate integrala ardatz dituen herritarrei irekitako saioa.
Jardunaldiari hasiera emateko ardura Rakel San Sebastian ADINBERRIko zuzendariak izan du, eta azpimarratu duenez, “ekimen honen helburua pertsonen ongizate integrala sustatzea da, dimentsio emozionala, fisikoa, erlazionala eta kognitiboa modu bateratuan landuz”.
Saioa Iñigo Vicens entrenatzaile pertsonal eta aurkezleak gidatu du, Raquel Rodríguez eta Naia Rosekin batera. Hiru adituek bizi-ohitura osasungarriak eta ongizate emozionala zein kognitiboa sustatzera bideratutako hainbat dinamika praktiko eskaini dituzte.
Programak jarduera fisikoa, nutrizioari buruzko solasaldiak, mindfulness saio bat eta estimulazio kognitiboko dinamikak uztartu ditu, adineko pertsonen ongizatearen inguruan topagune eta elkarrizketa-gune bat sortu duen proposamen parte-hartzaile batean.
Ekimen honen bidez, ADINBERRIk gizarte kohesionatuagoa, osasungarriagoa eta pertsona guztientzat bizi-kalitate handiagokoa nola eraiki hausnartzeko gogoeta partekatua sustatu nahi izan du, gorputza, adimena eta harreman sozialak integratzen dituen ongizate-eredu baten alde eginez.
Jardueran izandako parte-hartze handiak berresten du herritarren artean gero eta interes handiagoa dagoela ongizate integralarekin, luzaro bizitzearekin eta bizi-estilo osasungarriekin lotutako proposamenekiko.