Atzealdea ADINBERRIk bere bandera jaso du Pasaian, arrauneko asteburu bizi batean
ADINBERRIk bere bandera jaso du Pasaian, arrauneko asteburu bizi batean
Fundazioak beteranoen estropadak eta KAE-1 eta ETE ligak babestu ditu
ADINBERRIk arraun asteburu bizia bizi izan du Pasaiako badian. Gipuzkoako Foru Aldundiko Zahartzearen Berrikuntzarako Fundazioak beteranoen estropada eta KAE-1 eta ETE ligak babestu ditu, guztiak ere giro bikainean.
‘Beteranoen I. ADINBERRI banderaren’ kasuan, B kategoriako irabazlea Zumaia izan da eta A kategoriakoa Orioko Badok 13. Estropada hori larunbatean egin zen, hilaren 21ean, eta Zainketako eta Gizarte Politiketako diputatua Maite Peña, ADINBERRIko zuzendari nagusia Rakel San Sebastian, Fundazioko Berrikuntza zuzendaria Ainhoa Becerra eta Pasaiako alkatea Teo Alberro izan ziren bertan.
Itsasoan banderak banatzeaz gain, Trintxerpeko illunbe Arraun Elkarteak antolatutako estropada herriko frontoian ospatu zen festa handiarekin amaitu zen. Bertan paella handi batez, txaranga baten musikaz eta dj batez gozatu zuten 400 pertsona inguru bildu ziren.
Igandean, Pasaiako badia ETE ligan eta KAE-1ean lehiatu ziren arraunlariz bete zen. Emakumezkoetan, Zarautzek ADINBERRI XII. Ikurriña eraman zuen, eta KAE-1eko Pasaiako ADINBERRI-XL Ikurriña Santurtzira joan zen. Estropadetan, ADINBERRIko zuzendaria eta Fundazioko Berrikuntza zuzendaria, Pasaiako alkatea, Aintzane Taberna alkateordea eta Julen Rodriguez Kirol zinegotzia ere izan ziren, besteak beste.
ADINBERRI Fundazioko zuzendari nagusia Rakel San Sebastianek adierazi duenez, "ADINBERRIrentzat, zahartze berritzaile eta osasungarriarekin konprometitutako fundazio publikoa den aldetik, ohore bat da arraun-lehiaketa honetan parte hartzea, tokiko kulturan sakon errotutako kirola baita. Pasaian eraikitzen ari gara gure erreferentziazko zentroa, eta azken urteotan egiten ari garen bezala, hainbat proiektu eta programaren bidez, ingurunearekin harremanak izaten jarraitu nahi dugu eta komunitatea egiten lagundu. Konpromiso sendoa dugu ongizate integral kolektiboarekin, tokiko dinamismoarekin eta belaunaldiak, talentuak eta tradizioak lotzen dituzten jarduerak bultzatzearekin. Arrauna, zalantzarik gabe, ADINBERRIrentzat funtsezkoak diren balioak sustatzen dituen kirola da, hala nola lankidetza, bizitza aktiboa edo komunitatea. Horregatik, iaz hasitako laguntzari jarraipena eman nahi diogu, eta, horrela, Pasaiarekin eraiki nahi dugun lotura erakutsi".