Adinberrik arrakastaz burutu du Silver is Gold jardunaldia, Gipuzkoako Silver Economy-aren lehen ekitaldia

2022 / 01 / 28

Urtarrilak 27an ‘Silver Is Gold’ Gipuzkoako I. Silver Economy ekitaldia antolatu genuen Gipuzkoako Ganberan. Ekitaldiaren helburua zen sektore soziosanitarioko profesionalekin, administrazioekin, ezagutza-eragileekin, enpresekin eta hirugarren sektoreko erakundeekin partekatzea Gipuzkoak ‘Silver Economy 'bultzatzeko estrategiaren hedapenean egin dituen aurrerapenak.

Ekitaldia Markel Olano Diputatu Nagusiak hasi zuen. Olanok nabarmendu zuen Gipuzkoak “erantzun positiboa eta berritzailea” ematen diola gizartearen zahartzeari Adinberri fundazioaren bidez.

Ondoren, teknologia berriek arretaren eta zainketen arloan izango duten aplikazioaren ikuspegi prospektiboa eman zen. Adinberri Adimen Aurreratuko Sistema plataformatik abiatuta egin da txosten hori. Bere ondorio nagusien artean, enpresek eta erakundeek aldaketa sozioekonomiko, demografiko eta teknologikoetara egokitzeko beharra nabarmentzen da.

Era berean, biztanleriaren zahartzea ekonomia indartzeko aukera ematen duen erronka gisa aurkeztu zen, eta adinekoen beharrei erantzungo dieten proiektu berriak sortzea ipini zuten helburutzat.

Horretarako, lau enpresa ekimenek parte hartu zuten topaketan, merkatuan balio proposamena egiten ari diren arrakasta kasu gisa. Aurkeztutako lau proiektuak honako hauek izan ziren:

  • ‘Resivoz’ (Caser Residencial, Vicomtech eta Resiplus) Ahots bidezko elkarrekintza erabiltzen du egoitza zentroetako informazio erregistroa optimizatzeko. Teknologia hori Resiplus merkaturatzen duen ADD enpresa informatikoaren bidez transferitu da merkatura.
  • ‘Ubikare-Naiha’ (Ubikare eta Mutua Madrileña). Erizaintza sistema adimenduna proposatzen dute, adimen artifizialaren bidez profesionalei babesa emateko eta erabaki onenak hartzen laguntzeko.
  • ‘Wattio-Zaintek’ (Wattio eta Eusko Jaurlaritzaren Beti ON telelaguntza zerbitzua): Bakarrik bizi diren adinekoak hobeto zaintzeko teknologia erabiltzen duen soluzio berritzaile bat aurkezten dute, pribatutasuna inbaditu gabe eta autonomia mantenduz.
  • Horretaz gainera, Kompai Robotics ekimen frantziarra ere aurkeztu dute, zeinak adinekoen zerbitzura diseinatzen eta aplikatzen baitu asistentzia robotika.

Lehenengo hiru proiektuek Adinberri laguntzen foru deialdiaren babesa dute.

Arrakasta-kasuak aurkeztu ondoren, sektore soziosanitarioak arreta ereduetan dituen erronkak eta erronka horiek eskaintzen dituzten aukerak nola aprobetxatu ere aztertu zen, Juan Carlos Alcaide adituaren hitzaldi baten bidez.

Ondoren, enpresa sistemari zuzendutako laguntza zerbitzu integrala aurkeztu zen. Zerbitzu horrek hainbat tresna, zerbitzu eta laguntza eskaintza ditu Adinberriren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta SPRIren eskutik.

Horretaz gainera, jardunaldian parte hartu zuen Frantziako Zilarrezko Ekonomiarako Silver Valley Klusterrak. Aitzindaria da Europan, eta erreferentea nazioartean. Adinberrik lankidetza hitzarmen bat sinatu berri du erakunde horrekin, jakintza trukatzeko, bi aldeetako ekimenen arteko sinergiak identifikatzeko, eta Frantziako merkatuan sartu nahi duten euskal merkatuko ekimenetarako aholkularitza eta orientazio plataforma bihurtzeko, baita Euskadira etorri nahi duten enpresa frantsesentzat ere.

Jabier Larrañaga, Ekonomia Sustapeneko eta Proiektu Estrategikoetako diputatuak amaitu zuen jardunaldia, eta adierazi zuen Zilarrezko Ekonomia oso kontuan hartu beharreko esparrua dela eraikitzen ari garen etorkizuneko Gipuzkoan. “Oinarri guztiak ipinita dauzkagu, gizartearen zahartzea erronka bilakatzeko eta Gipuzkoa erreferente bihurtzeko”. amaitu zuen.