Atzealdea ADINBERRIk 1.200 profesional baino gehiago bildu ditu nazioarteko foro batean, longebitate berria etorkizuneko aukera gisa lantzeko

2026 / 10 / 14

ADINBERRIk 1.200 profesional baino gehiago bildu ditu nazioarteko foro batean, longebitate berria etorkizuneko aukera gisa lantzeko

Bi egunez, urriaren 14an eta 15ean, Donostia egungo aldaketa sozial eta ekonomiko esanguratsuenetako baten epizentro bihurtu da: longebitatea. Kongresua eta azoka uztartzen dituen nazioarteko foro honetan, zientziak, teknologiak, prebentzioak, berrikuntzak, ekonomiak eta ekintzailetzak gero eta urte gehiago bizi den gizarte batean hobeto bizitzen laguntzeko egin dezaketen ekarpena aztertuko da

ADINBERRI Fundazioak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak Adinberri Longevity Forum nazioarteko foroa antolatu dute, Gipuzkoa longebitatearen arloan erreferente gisa kokatzeko helburuarekin. Horretarako, elkarrizketa gidatu nahi da, gero eta urte gehiago bizi garen gizarte batean hobeto bizitzea ahalbidetzeko. Bi eguneko topaketa urriaren 14an eta 15ean egingo da Donostiako Kursaalen, eta 1.200 profesional baino gehiago, 40 erakusketari eta nazioartean erreferente diren hizlariak bildu dira. Helburua longebitateari buruz eztabaidatzea da, egungo eta etorkizuneko erronka sozial eta ekonomiko handienetako bati buruz, hain zuzen ere.

Duela hiru urte antolatutako foroari jarraipena ematen dion ekimen honen bidez, Gipuzkoak bultzada berria ematen dio longebitatearen esparru zabalari, gero eta proiekzio handiagoa duen mundu mailako erronka baita. Gipuzkoako Foru Aldundiak, Adinberriren bidez, bederatzi urte baino gehiago daramatza erronka horri erantzun positiboa eta berritzailea emateko lanean. Horretarako, 700 eragile baino gehiago biltzen dituen lankidetza-ekosistema bat osatu du, eta berrikuntza da longebitatearen erronkari aurre egiteko erantzun aurreratu eta aitzindariak diseinatzeko oinarri nagusia. Erronka horretan aurrera egiteko, ezinbestekoa da industriaren, zentro teknologikoen, hezkuntza-sistemaren, hirugarren sektore sozialeko erakundeen, instituzioen, adineko pertsonen eta komunitatearen arteko lankidetza eta elkarreragina.

Adinberri Longevity Forum, gainera, Gipuzkoak gero eta urte gehiago bizi den gizarte baten ondorioei aurrea hartzeko garatzen ari den apustu estrategikoaren adierazpen ikusgarrienetako bat da. Lurraldeak eraldaketa hori ez du erronka demografiko gisa soilik hartzen, baizik eta ongizatea, berrikuntza, ezagutza, jarduera ekonomikoa eta pertsonek bizitza osoan zehar dituzten beharrei erantzuteko modu berriak sortzeko aukera gisa ere.

Longebitatearen esparruak eta zilarrezko ekonomiak aukera estrategikoa eskaintzen diote Gipuzkoari, bai adineko pertsonen bizi-kalitatea hobetzeko duten gaitasunagatik, bai berrikuntza, jarduera ekonomikoa eta enplegua sortzeko duten potentzialagatik. Lurraldean bizi-itxaropena 85 urtekoa da, eta silver economyak BPGaren % 5,5 baino gehiago ordezkatzen du eta 31.000 lanpostu baino gehiago sortzen ditu.

Adinberri Longevity Forumek Gipuzkoak zilarrezko ekonomiaren arloan duen potentziala sustatzen laguntzen du, produktu eta konponbide berriak ekarriko dituzten proiektuak sortuz. Helburua da adineko pertsonek zahartze aktiboagoa eta osasungarriagoa izatea, bizi-kalitate hobea izatea eta gero eta arreta pertsonalizatuagoa jasotzea; eta aldi berean, arlo horretan lanpostu berriak sortzea. Horretarako, bi egunez, zientziak, teknologiak, prebentzioak, berrikuntzak, ekonomiak eta ekintzailetzak gero eta urte gehiago bizi den gizarte batean urte horiek hobeto bizitzen laguntzeko egin dezaketen ekarpena aztertuko da.

Nazioarteko kongresua

Programa profesionala gaur, urriaren 14an, hasi da, zientzian eta teknologian arreta jarrita. Andrew Steele zientzialari eta idazle britainiarrak eman du lehen hitzaldia, Gehiago bizitzearen zientzia: biziza-luzeraren etorkizuna izenburupean. Ondoren, mahai-inguru bat egin da honako gai honi buruz: Luzaroago eta hobeto bizitzeko teknologia. Adimen artifiziala, datuak eta teknologia longebitatearen aroan.

Prebentzioa ere lehen jardunaldiko ardatz nagusietako bat da. Leocadio Rodríguez Mañasek, Madrilgo Osasun Zerbitzuko (SERMAS) kideak, hauskortasunaren prebentzioa aztertu du, ikuspegi integral batetik. Era berean, Maite Peña Zainketa eta Gizarte Politiketako foru diputatuak eta Maite Martínez Donostialdeko ESIko zuzendari-gerenteak Euskadiko arreta-eredu eta prebentzio-ikuspegi berriari buruz hitz egin dute.

Ondoren, Rakel San Sebastian Adinberriko zuzendariak arreta-eredu berriei buruzko mahai-inguru bat moderatu du. Aldaketa demografikoarekin lotutako gai nagusietako bat ere landu da: jasangarritasuna. Horretarako, Jonathan Cylus Osasunaren Mundu Erakundeko (OME Europa) eta London School of Economicseko osasun-ekonomialariak Sistemaren jasangarritasuna: longebitatearen dibidendua hitzaldia eskaini du. Jardunaldian, halaber, gizarte-eragina duten berrikuntza-politiken eredu berriak aztertuko dira, eta esperimentazio-guneen eta berrikuntzaren erosketa publikoaren inguruko esperientziak aurkeztuko dira.

Bihar, urriaren 15ean, osteguna, ekonomiari, ekintzailetzari eta gero eta urte gehiago bizi den biztanleriaren inguruan sortzen ari diren joerei begiratuko zaie. Jardunaldia Gurutz Linazasoro neurologo eta VIVEbiotech-en sortzailearen eta Eider Mendoza Gipuzkoako diputatu nagusiaren arteko elkarrizketarekin hasiko da, zientziaren, ongizate integralaren eta ekonomiaren inguruan. Pedro Ros SilverEconomy.com-eko ordezkariak aztertuko du nola ari den bizitza luzatzeak gure kontsumo-moduak eraldatzen eta merkatu eta aukera berriak sortzen. Bestalde, Iñaki Gabilondo kazetariak eta Javier García Cogorro Columbus Venture Partnerseko sortzaileak ongizatearen etorkizunaz eta gero eta gehiago bizi den gizarte bati eusteko erronkez hitz egingo dute.

Ekintzailetzak ere berezko tartea izango du, Mundi Ventures, Kuvu, Vermut eta Durcal enpresen esperientzien bidez. Bestalde, Karen Week, Lions Befrienders Service Association erakundeko kideak, longebitatearen eta berrikuntzaren inguruko nazioarteko ikuspegia eskainiko du, Asiako hego-ekialdetik. Basque Health Cluster, Basque Food Cluster, GAIA eta HABIC erakundeetako ordezkariek ere longebitateak zabaltzen dituen enpresa- eta teknologia-aukera berriak aztertuko dituzte.

Azoka eta Living Lab-a

Edizio honetako berrikuntza nagusietako bat topaketaren dimentsio praktikoa izango da. Hitzaldien eta mahai-inguruen programaz gain, 40 erakusketarik osatutako azoka antolatu da, longebitate berriari lotutako proiektuak, produktuak, teknologiak eta zerbitzuak ezagutzeko aukera emango duena. Living Lab-a foroaren gune nagusietako bat da: bertan, benetako konponbideak hurbilduko zaizkie parte-hartzaileei, eta horiek bertatik bertara probatzeko aukera izango dute. Eskaintza osatzeko, erakustaldiko tailerrak eta enpresak eta erakundeak harremanetan jartzeko bilerak egingo dira, ezagutza-trukea errazteko eta lankidetzarako aliantza eta aukera berriak sortzeko.

Foroa herritarrei irekiko zaie

Adinberri Longevity Forumeko bigarren egunean, urriaren 15ean, osteguna, arratsaldeko 15:30etik aurrera, herritarrei irekiko zaizkie ateak. Sarrera doakoa izango da, aurrez izena emanda, eta azoka bisitatzeko, Living Lab-a ezagutzeko eta osasuna, autonomia eta ongizatea mantenduz bizitza luzeagoaz gozatzeko gakoak modu praktiko eta dibulgatzailean ezagutarazteko prestatutako egitarauan parte hartzeko aukera emango du. Protagonista nagusietako bat Emilio Duró enpresaburu eta aholkularia izango da, Urte gehiago eta hobeto bizi: bizitza betea izateko esperientziak eta gakoak hitzaldiarekin.

Programak Diseinatu zure etorkizuna, planifikatu gaur saioa eta zahartze aktiboari buruzko mahai-inguru bat ere jasoko ditu. Elikadura, ariketa fisikoa, harreman sozialak eta ongizate kognitiboa izango dira beste elkarrizketa baten ardatzak. Horrez gain, Iñaxi Lasa 101 urteko emakumearen ibilbidea aitortuko da, zahartze aktiboaren adibide gisa, ariketa fisikoak haren eguneroko bizitzaren parte izaten jarraitzen baitu. Izen-emateak, egitarau osoa eta informazio gehiago: https://adinberrilongevityforum.com