ADINBERRIk «Merkatuan Prest» antolatu du, Silver Economya sustatzeko irtenbide berritzaileen kontzentrazioa, eskaintza eta eskaria lotzeko aukera emango duena
ADINBERI Fundazioa Gipuzkoako Foru Aldundiaren estrategia berritzailea gauzatzeaz arduratzen da, Etorkizuna Eraikiz esparruaren barruan, zahartze osasungarria bermatuko duen berrikuntza-ahalmena maximizatzeko. «Silver Economy Erronka» programaren jarduketa-planari jarraipena emanez, datorren ekainaren 16an «MERKATUAN PREST» topaketa antolatu du ADINBERRIk. Bertan, 27 euskal enpresa-ekimenek beren produktu eta zerbitzu berritzaileak aurkeztuko dituzte eskari publikoaren eta pribatuaren aurrean, adineko pertsonak beren etxean edota egoitzetan artatzeko eta zaintzeko eredu berriak sustatzeko helburuz.
Ekitaldiak bi zati izango ditu. Lehenengoan, enpresa bakoitzak zazpi minutu izango ditu bere eskaintza erosle potentzialen aurrean aurkezteko. Eskaintza horrek lau arlo izango ditu: etxea egokitzeko eta laguntza teknikoak emateko produktuak eta zerbitzuak, adinekoentzako irisgarritasun hobea lortzea xede dutenak; ekipamendu soziosanitarioa, sistema domotikoak eta argiztapen osasungarria; zainketa soziosanitarioari aplikatutako teknologiak; eta, azkenik, esku-hartze pertsonalizatuko zerbitzuak (jarduera fisikoa, elikadura, estimulazio kognitiboa eta nahi gabeko bakartasunari aurre egiteko harreman- eta gizarte-alderdiak).
MERKATUAN PREST topaketako bigarren zatiak networkinga du xede. Horretan, aldez aurretik hitzartutako banakako bilerak egingo dira produktu eta zerbitzuen hornitzaileen eta erakunde interesdunen artean. Bileretarako dagoen lekua mugatua denez, kafe-etenaldia eta koktela ere aprobetxatu ahal izango dira beste enpresa batzuekin harremanetan jartzeko. Era berean, Adinberri ibilbideetan ere bertatik bertara ezagutu ahal izango dira garatutako zerbitzu eta produktuak, MERKATUAN PREST bukatu eta ondorengo egunetan.
«Lehenengo aldia da Gipuzkoan horrelako ekitaldi bat antolatzen dena. MERKATUAN PRESTek aukera emango du dagoeneko merkatuan dauden hemengo berrikuntza-ekimenak identifikatzeko eta horiek adinekoen zerbitzuan dagoen eskariarekin lotzeko», azaldu dute ADINBERRItik. «Topaketa praktikoa izango da, zeinaren bidez lurraldeko ekimenak egun bakar batean kontzentratu eta eskariarekin elkarreragina eta entzute aktiboa bultzatuko baitira», gehitu dute.
Adinberrik 2019az geroztik gauzatzen duen «Silver Economy Erronka» programako ekintza-planaren parte da MERKATUAN PREST.
Informazio gehiago hemen: https://www.adinberri.eus/eu/merkatuan-prest-topaketa
MERKATUAN PREST-EKO FITXA TEKNIKOA
Eguna: Ekainak 16
Ordutegia: 09:00 – 14:00
Lekua: Arima hotela (Donostia)