Adinberri Silver Forumek Gipuzkoa erreferente gisa kokatuko du silver economy esparruan
Nazioarteko Foroa Euskadin egiten den horrelako lehenengo topaketa izango da, eta zahartzearen arloko etorkizuneko etxea aurkeztuko da bertan.
Silver Economy-ren Euskadiko lehen Nazioarteko Foroa azaroaren 8an eta 9an izango da, Donostiako Kursaal Kongresu Jauregian. Topaketan punta-puntako adituek parte hartuko dute, eta zahartzearen arloko berrikuntza interesgarriak aurkeztuko dira bertan, etorkizuneko etxea barne; horrela, Gipuzkoa "Zilarrezko Ekonomia" deitzen den esparruan erreferente gisa kokatuta geldituko da.
Adinberri Silver Forum-ek enpresen berrikuntzak eta konponbideak ikusarazi nahi ditu, eskariaren beharrak eskaintzarekin lotu nahi ditu eta joera eta negozio-eredu berrietan inspiratu nahi du formatu bikoitzeko bilgunearekin: alde batetik, kongresu bat egingo da, nazioarteko eta nazio mailako adituek parte hartuko dutena, eta, bestetik, azoka bat, esparru horretan gertatzen ari diren berrikuntza nagusiak ikusgai jarriko dituena.
Azoka, gainera, hilaren 9an arratsaldean jendearentzat irekita egongo da, eta bisitariek etorkizuneko etxea ikusi ahal izango dute bertan; Habic klusterrak egindako proiektua da, eta azokan aurkeztutako zahartzearen arloko ekimen berritzaileenak biltzen ditu.
Foro horretan parte hartuko duten adituen artean, Saila Rinne-ren ponentzia nabarmentzen da, Europako Batzordeko osasun digitalaren, ongizatearen eta zahartzearen unitateko arduradun gisa. Parte hartuko dute baita ere aditu hauek: Ad van Berlo, Holandako ingeniaria, Smart Homes eta e-Health delakoen esparruan esperientzia handia duena; Dov Sugarman, AgeTech arloko aditu ezaguna; Keren Etkin, gerontologoa eta ‘The AgeTech Revolution’ liburuaren egilea; eta Sarah Thomas, zahartzaroaren arloko berrikuntza estrategian aditua. Gainera, inguruko ekimen eta esperientziak ere aurkeztuko dira.
Azokari dagokionez, hainbat jarduera eremutako 40 erakusketari izango ditu, hala nola arreta eta zainketak, bizitza-luzerarako etxea eta ingurunea, zahartze aktiboa eta osasungarria eta finantza plangintza. Adinberri Silver Forumak, halaber, "living lab" bat egitea aurreikusten du, 30 demo tailer baino gehiagorekin, eta "one to one" bilerak antolatzea eskaintzaren eta eskariaren ordezkarien artean.
Azokan parte hartuko duten erakusketarien adibide gisa, horietako batzuk aipa daitezke. Adibidez, Euskaltelek adineko pertsonentzako teknologia eta telekomunikazio ekosistema bat aurkeztu du, erloju eta telefono adimendunek, tabletek eta sentsoreek osatua, eta zahartze aktibo eta osasungarria sustatzeko app mugikor bat duena. Alisysek, bestalde, enpresak osasunerako robotak eskaintzen ditu, osasun profesionalek laguntza zentroetan eta ospitaleetan erabil ditzaten, eta adineko pertsonek nork bere etxean bizitzen jarraitzeko behar duten laguntza izan dezaten.
Adinberri Silver Forum Adinberri Fundazioak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak antolatzen dute. Foru erakundeak "Silver Economy" n Gipuzkoaren potentziala bultzatzearen aldeko apustua egiten du Adinberrirekin batera; izan ere, Maite Peña Gizarte Politiketako diputatuaren hitzetan, "Adinberrik erantzun positiboa eta berritzailea ematen dio gizartearen zahartzeari, lankidetzarako ekosistema bat sortuz eta adinekoen zerbitzura egongo den jarduera ekonomiko berri bat bultzatuz".