ADINBERRI funtsezko eragile bihurtu da Silver Economyren bultzadan eta Gipuzkoako enpresa-prestakuntzan
ADINBERRI funtsezko eragile bihurtu da Silver Economyren bultzadan eta Gipuzkoako enpresa-prestakuntzan
Arlo horretako Trebakuntza eta Laguntza Programaren amaiera ospatu du. Prestakuntza pertsonalizatua izan da, 26 enpresak eta 30 profesionalek parte hartu dute, eta Gipuzkoako Bazkundearekin lankidetzan garatu da.
ADINBERRI, zahartzeari buruzko berrikuntzarako Gipuzkoako Foru Aldundiaren fundazioa, funtsezko eragile bihurtu da lurraldean Silver Economy-a, “aukera asko dituen eta bultzada erabakigarria ematen jarraitu behar zaion” merkatua, bultzatzeko. Rakel San Sebastian ADINBERRIko zuzendari nagusiak Silver Economyn Trebatzeko eta Laguntzeko Fundazioaren Programaren amaieran esan dituen hitzak dira. Programa, prestakuntza horretan lagundu duen Gipuzkoako Bazkundean izan da gaur.
San Sebastianek eskerrak eman dizkie parte hartu duten 26 enpresetako 30 profesionalei, “bizitza luzearen ekonomian aurrera egiteko erakutsi duten interesarengatik”, eta ziurtatu du ADINBERRIren asmoa Gipuzkoa eta Euskadi Silver Economyko erreferentziazko eskualde bihurtzeko lan egitea dela, ekosistemaren gaitasunak indartuz, merkatu horren beharrei erantzungo dien balio diferentzialeko proposamenerantz. Bere potentziala izugarria da, eta hala jasotzen dute Europako Batzordearen estimazioek. Aurreikuspenen arabera, 2025ean EBko BPGaren % 31,5 izango da, eta ekonomia horrekin lotutako 88 milioi enplegu inguru egongo dira, hau da, Europar Batasuneko enpleguen % 37,8.
ADINBERRIren Silver Economyko Trebakuntza eta Laguntza Programaren lehen edizioa arrakastatsua izan da, eta parte hartu duten enpresek 10etik 9ko balorazioa eman diote. Beraz, Fundazioak espero du jarraipena izango duela. Prestakuntza martxoan hasi zen, enpresa bakoitzaren autodiagnostikoarekin, eta, ondoren, sei ‘adhoc’ modulu arte eskaini zitzaizkien, haien balio-proposamena lehiakorra izan zedin. Programa pertsonalizatua da, eta Plataforma 50 aholkularitza-enpresaren eta Mondragon Unibertsitatearen laguntza izan du, besteak beste, 86 orduko prestakuntza emateko, laguntza pertsonalizatuko zerbitzua barne. Programa hori, zainketen arloan eta Silver Economyn merkatu profesionalizatua sortzera bideratutako Eusko Jaurlaritzaren ZainLab ekimenaren barruan dago.
Programaren amaierako saioan, enpresek beraien ondorioak eta epe labur eta ertainean dituzten erronkak eta desafioak aurkeztu dituzte. Hauek dira programan parte hartu duten enpresak: Ortopedia Sumisan, Erreka Care, Tekniker Fundazioa, CDE Enpresa Aholkulariak, Salto, Gipuzkoako DYA, Asmoz Fundazioa, Askora Plus, Bidea Elevación, Basque Destination, Babestu, Mikelan, Idazti, Sabelec, Gym Chess, Xenior Studio, NU Comunicación, Cognitiva Unidad de Memoria, Begi Bistan, Bihar Homecare, Adinsare, Solumobel, Loreka, Athlon eta Amma.
Ekosistemaren zerbitzura dauden tresnak
ADINBERRIk, bestalde, enpresa-ekosistemaren eskura dituen tresnak eta laster kaleratuko dituenak aurkeztu ditu. Ildo horretan, Berrikuntzarako Agenda Estrategiko berria (2024-2027) zehaztu du. Bertan, Silver Economyk erronka estrategikoetakoa izaten jarraitzen du, eta trebakuntzak garrantzi handiagoa hartzen du. Beste tresna batzuk hauek dira: zahartzean espezializatutako ezagutza integratzen duen eta oso ondo baloratuta dagoen AAS (Adimen Aurreratuko Sistema) tresna; berrikuntzaren erosketa publikoa; enpresa- eta gizarte-ekimen berriak bultzatzeko laguntzen deialdiak; baita ASF ADINBERRIk azaroan egin zuen Euskadiko Silver Economyren Nazioarteko Lehen Foroa bezalako Go to Market ekintzak.
Arlo honetan sartzen diren jarduerak, zerbitzuak eta teknologiak dituzten enpresen eta eragileen mobilizazioa nabarmena izan da, baina beharrezkoa da horretan sakontzen jarraitzea. Gipuzkoak oraindik bide garrantzitsua du arlo horretan egiteko, eta aurkitzeko eta sendotzeko aukera handiak ditu. Hori dela eta, ADINBERRIren Berrikuntza Agenda Estrategiko berria funtsezko tresna bihurtuko da merkatu hori indartzeko, eta bizitza luzearen balio-katearen ordezkari diren enpresa eta erakundeek, lurraldean Zahartzeari buruzko Berrikuntza Polo bat garatzeko eta hedatzeko espazio katalizatzailea eta berritzailea aurkituko dute etorkizuneko Adinberri Erreferentzia Zentroan eta Sprilur “La Herrera” eraikinean.
Zehazki, Berrikuntza Polo hori Pasaiako badiaren eraldaketa sozial eta ekonomikorako eta Gipuzkoa eta Euskadi nazioarteko erreferente gisa kokatzeko beharrezko palanka izango da.
Joaquin de los Reyes MAPFRE Españako negozio-garapeneko zuzendari eta aseguru-etxearen Generación Senior programaren arduradunak ere hartu du parte ekitaldian. Nabarmendu duenez, biztanleriaren zahartzea “gizartearen garaipen handia” da, haren garapenaren emaitza baita, baina, aldi berean, “denok aurre egin behar diogun erronka handi” gisa agertzen da. “Horretarako, erakunde publiko eta pribatuen arteko inplikazioa eta lankidetza behar dira, eta seniorrekin eta haien familiekin batera egin behar da lan, kolektiboaren benetako beharrei era erantzungo dieten balio-proposamenak abian jartzeko, haien bizi-kalitatea, lasaitasuna eta ongizatea hobetuko direla ziurtatuz”.
Bestalde, Javier Zubía Gipuzkoako Bazkundeko zuzendari nagusiak prestakuntza-plana bera balioetsi du. Bereziki, parte-hartzaile bakoitzaren beharretara egokitu delako, eta kasu guztietan Silver Economy-k Gipuzkoako enpresei eskaintzen dizkien aukerei balioa ematen saiatzen delako. Era berean, prestakuntza-modulu bakoitza eman duten profesionalen maila nabarmendu du, baita Gipuzkoako Bazkundeko taldearen barne-lana ere. Izan ere, profesionalei zuzendutako prestakuntza-programak antolatzen esperientzia handia duenez, prestakuntza-plan osoa antolatzeaz arduratu da, Adinberrirekin lankidetza bizian.
Ekitaldia, programaren ziurtagirien banaketarekin eta lunch batekin amaitu da.