Atzealdea ADINBERRIk doan eskaintzen du profesionaltasun ziurtagiri soziosanitarioa lortzeko gaikuntza-programa

2024 / 01 / 26

ADINBERRIk doan eskaintzen du profesionaltasun-ziurtagiri soziosanitarioa lortzeko gaikuntza-programa

Gaikuntza- eta orientazio-programa hau, Gipuzkoako etxeetan mendeko pertsonak zaintzen lan egiten duten profesionalentzat zabaldu da

ADINBERRIk eta Gipuzkoako Foru Aldundiak mendekotasuna duten pertsonei arreta soziosanitarioa emateko profesionaltasun-ziurtagiria lortzeko prozesua errazten duen gaikuntza- eta orientazio-programa jarri dute abian, Eusko Jaurlaritzaren Zainlab ekimenaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren Laguntza pertsonalerako prestazio ekonomikoaren (LPPE) esparruan.

% 100 diruz lagundutako programa hau, Gipuzkoako etxeetan adinekoak zaintzen lan egiten duten profesionalentzat da, eta laguntzaile pertsonal gisa jardun ahal izateko dagokion lanbide-kualifikazioa egiaztatzen duen ziurtagiri profesionala lortzeko behar den prestakuntza eskuratzea du helburu.

Edizio honetarako aurreikusitako zazpi taldeetatik hiruk Donostian hasi dute prestakuntza, eta irailera arte luzatuko da. Ikastaroa autoprestakuntzako eta taldeko gaikuntzako 480 ordu ditu Lanbide Ziurtagiriaren edukiekin, eta horrek aukera ematen du ziurtagiri hori lortzeko "EIEIren dispositiboan" sartzeko.

Aurreikuspenen arabera, datorren astean hasiko da prestakuntza Urola Kostako, Debagoienako, Debabarreneko eta Tolosaldeko hainbat zentrotan. Beraz, ikastaro honetan interesa dutenek informazioa eskatu eta izena eman dezakete 688 825 452 telefono-zenbakira deituta.

Gogoratu behar da Gipuzkoako etxeetan adinekoak zaintzen lan egiten duten profesionalek "Mendeko pertsonei arreta soziosanitarioa emateko" kualifikazio profesionala egiaztatu behar dutela, edo salbuespenezko gaikuntza izan behar dutela, familiak mendekotasuneko prestazio ekonomikoen onuradun izan daitezen (Laguntza pertsonalerako prestazio ekonomikoaren - LPPE).