ADINBERRIk bere balizko Zahartzeari buruzko Berrikuntza Poloa eta BAE-a aurkeztu ditu mugaz gaindiko topaketa batean

2024 / 11 / 12

ADINBERRIk bere balizko Zahartzeari buruzko Berrikuntza Poloa eta BAE-a aurkeztu ditu mugaz gaindiko topaketa batean

ADINBERRIk bere balizko Zahartzeari buruzko Berrikuntza Poloa (ADINBERRI Silver Bizitza) eta 2024-27 aldirako Berrikuntza Agenda Estrategikoa (BAE) aurkeztu ditu Gipuzkoako Ganberak hartu duen Silver Economy eta Osasunaren inguruko topaketa batean. Fundazioko zuzendari Rakel San Sebastianek azaldu ditu ADINBERRIren erronka eta desafio berriak eta, era berean, datozen urteetarako giltzarri izango diren proiektuak mahaigaineratu ditu.

Gipuzkoa, Baiona eta Nafarroako Merkataritza Ganberek osatzen duten Bihartean elkarteak, ABEN Euroeskualdearen (Akitania Berria-Euskadi-Nafarroa) laguntzarekin, antolaturiko ekitaldiak 80 lagun inguru batu ditu. Topaketaren helburua Silver Economy eta Osasun sektoreetan jarduten duten balio-kate osoko enpresa publiko zein pribatuak konektatzea izan da.

Rakel San Sebastianek ADINBERRIren Berrikuntza Agenda Estrategiko berriaren misioa eta ikuspegia zehaztu ditu eta, aldi berean, Zahartzeari buruzko Berrikuntza Polo bat sortzeko Fundazioak duen asmoa azaldu du. Hain zuzen ere, ADINBERRIk, ekosistemarekin batera, lan-saio batzuk egin berri ditu balizko trakzio-proiektu hau diseinatzeko eta definitzeko helburuarekin.

ADINBERRIko zuzendari nagusiak aurkezpen hau egin du ‘Euroeskualdeko lurraldeetan Silver Economy eta osasun sektorea sustatzeko estrategiak’ izenburupean egin den topaketaren lehen zatian. Nafarroako Gobernuko Plangintza, Osasun Estrategia eta Ikerketa Zerbitzuko zuzendari Elena Antoñanzasek eta Gerontopole Nouvelle-Aquitaineko Berrikuntza zuzendari Pierre Merigaudek ere bertan parte hartu dute.

Era berean, Silver Economy-rekin lotutako hainbat proiektu aurkeztu dira, esate baterako ADINBERRIk Eusko Jaurlaritzarekin lankidetzan bultzatutako teknologia arloko lehen Erosketa Publiko Berritzaileari erantzuna eman nahian sortu zen Telelaguntza Prediktiboaren egitasmoa. Aintzindaria den proiektu pilotu honen xehetasunak Ayesa eta Accexible enpresek eman dituzte.