Atzealdea ADINBERRI Longevity Forumek bizitza luze berria bultzatzeko nazioarteko erreferente nagusiak bilduko ditu Donostian
ADINBERRI Longevity Forumek bizitza luze berria bultzatzeko nazioarteko erreferente nagusiak bilduko ditu Donostian
Andrew Steele, Jonathan Cylus (OME) edo Karen Wee bezalako nazioarteko erreferenteek bizitza luzea osasuna, ekonomia, teknologia eta zaintza nola eraldatzen ari den aztertuko dute
Donostia, irailaren 10a. - Donostia bizitza luzearen berrikuntzaren nazioarteko mapan kokatuko da berriro ere. Datozen urriaren 14an eta 15ean, Kursaal Biltzar Jauregiak XXI. mendeko eraldaketa sozial handienetako baten aurrean erantzunak eztabaidatu, esperimentatu eta eraikitzeko profesionalak, enpresak, ikertzaileak, administrazio publikoak eta herritarrak biltzea helburu duen ADINBERRI Longevity Forum, Gipuzkoako Foru Aldundiaren ADINBERRI Fundazioak antolatutako bizitza luze berriari buruzko nazioarteko kongresu nagusia, hartuko du.
Bizitza luzea jada ez da etorkizuneko joera hutsa, osasuna, zaintza, ekonomia, enplegua, teknologia eta geure bizimodua birdefinitzen ari den errealitatea baizik. Testuinguru horretan, Gipuzkoak erronka hori gizarte- eta ekonomia-berrikuntzarako aukera bihurtu du ADINBERRIren bidez. ADINBERRI, pertsonengan zentratuta eta administrazioen, enpresen, unibertsitateen, ikerketa-zentroen eta gizarte-erakundeen arteko lankidetzan oinarrituta 2018tik zahartze osasungarriaren eredua garatzeko lanean ari den Foru Aldundiak bultzatutako fundazioa da. Gaur egun, ADINBERRIk sustatutako ekosistemak bizitza luzearen berrikuntzarekin konprometituta dauden 700 eragile baino gehiago biltzen ditu.
Eraldaketa demografikoak azaltzen du erronkaren tamaina. 2030ean, biztanleria aktiboaren % 40k baino gehiagok 55 urtetik gora izango ditu —ehuneko hori % 46ra iritsiko da Euskadin—, eta, bitartean, Silver Economy delakoa Espainiako BPGaren % 25 ingurukoa da jada, eta urteko % 5 inguruko hazkundea aurreikusten da. Erronka demografikoari erantzutea baino gehiago, helburua ongizatea, ezagutza, enplegua eta enpresa-aukera berriak sortzeko aukera baliatzea da.
Etorkizuna ikusteko, esperimentatzeko eta eraikitzeko kongresua
Bigarren edizio honen berritasun nagusia esperientzian oinarritutako formatua da. ADINBERRI Longevity Forum, bizitza luzeari buruz hitz egiten den espazio hutsa izateari utzi, eta bizitza luzea ikusi, esperimentatu eta horri buruz eztabaidatu daitekeen leku bihurtzen ari da.
Protagonista nagusia foroaren bihotz gisa pentsatutako Living Lab-a izango da. Esperimentazio irekiko espazio horretan enpresek, ikertzaileek eta erabiltzaileek soluzio errealekin elkarreragin ahal izango dute erakustaldien, murgiltze-esperientzien eta tailer praktikoen bidez, eta horiei esker zuzenean ezagutuko dituzte pertsonen bizi-kalitatea hobetzera bideratutako teknologiak eta arretarako eredu berriak. Horiei tailer erakusleak, one-to-one bilera profesionalak eta networking guneak gehituko zaizkie, lankidetza eta proiektu berrien sorrera bultzatzeko.
Living Lab-az gain, Kursaalek 40 erakunde erakusketari izango dituen azoka hartuko du. Bertan enpresek, startup-ek, zentro teknologikoek eta erakunde liderrek osasuna, zaintza, adimen artifiziala, prebentzioa, robotika, AgeTech edo Silver Economy arloetako soluziorik berritzaileenetako batzuk aurkeztuko dituzte.
Etorkizuna aurreikusteko nazioarteko erreferenteak
Bi jardunalditan zehar, kongresuak bizitza luzearen arloko nazioarteko aditu nagusietako batzuk bilduko ditu. Horien artean nabarmentzekoak dira Andrew Steele zientzialari britainiarra, Ageless liburuaren egilea eta zahartzearen zientziaren dibulgatzailerik eragingarrienetako bat; Jonathan Cylus, osasun-sistemetan eta osasun-politiketan espezializatutako ekonomialaria, Osasunaren Munduko Erakundearekin (OME) lotua; edo Karen Wee, Singapurretik, azkarren zahartzen ari den eta bizitza luzeari buruzko politika berrien munduko laborategi bihurtu den herrialdeetako batetik, datorren nazioarteko erreferentea.
Nazioarteko panelaz gain, foroak gure inguruneko zientzia, enpresa eta erakunde arloko pertsona nabarmenen parte-hartzea izango du. Horien artean daude Cristina Garmendia, Cotec Fundazioko presidentea eta Zientzia eta Berrikuntzako ministro ohia, berrikuntzan, ezagutza-transferentzian eta lehiakortasunean erreferentea; bizitza luze berriarekin datozen gizarte-aldaketa handiei buruzko hausnarketa eskainiko duen Iñaki Gabilondo, Espainiako kazetaririk ezagunenetako bat; edo bizitza luzearen ekonomiak erakundeentzat irekitzen dituen aukerak aztertuko dituen Pedro Ros, lidergoan eta enpresa-berrikuntzan aditua. Horiekin batera, nazioko eta nazioarteko beste espezialista batzuek, bizitza luzea ikuspegi osagarrietatik landuko duen diziplina anitzeko programa osatuko dute, kongresuaren izaera zeharkakoa eta berritzailea indartuz.
Foroa, bizitza luzea berrikuntzaren eta hazkundearen eragile gisa ikusten duen babesle-sare sendoan oinarritzen da. Konpromiso horren lehen lerroan Santalucía eta MasOrange (Diamond) daude. Azken horrek, gainera, izena emango dio Living Lab-ari, foroaren bihotza den esperientzia-espazioari. Babes horiei Evondos (Gold kategorian) eta Alcad, Carima, Tecnalia eta Ilunion/Ayesa (Silver) gehitzen zaizkie.
Hain sektore anitzetako konpainien presentziak (aseguruak, telekomunikazioak, banka, osasuna, teknologia edo gizarte-inklusioa) argi erakusten du zenbateraino bihurtu den enpresa-ehunarentzat zeharkako lehentasun bizitza luzearen ekonomia.
Herritar guztientzat irekitako arratsaldea
Berrikuntza gizarte osoari hurbiltzeko duen bokazioari jarraiki, ADINBERRI Longevity Forumek ateak irekiko dizkie herritarrei urriaren 15eko arratsaldean.
Aurretiaz izena emanda eta doan, bertaratutakoek erakusketa-gunetik ibili, Living Lab-a bisitatu, ongizatearekin lotutako soluzio berritzaileen ibilbide batean parte hartu, eta bizi-ohitura osasungarriak, zahartze aktiboa eta gizarte arloko parte-hartzea sustatzeko bereziki diseinatutako programan parte hartu ahal izango dute. Jardunaldia Emilio Duro dibulgatzaile ezagunaren hitzaldiarekin amaituko da. Gainera, jardunaldi horretan, Kutxabankek aintzatespena egingo die herritarrei.
Gipuzkoa, Europako erreferente bizitza luze berriaren berrikuntzan
Bigarren edizio honekin, ADINBERRI Fundazioak, Gipuzkoa/Euskadi bizitza luzearen berrikuntzako Europako polo nagusietako gisa kokatzeko apustua indartzen du.
Kongresu bat baino gehiago, ADINBERRI Longevity Forumek urte gehiago bizi den eta urte horiek autonomia, osasun eta ongizate handiagoarekin bizi nahi dituen gizarteari erantzuteko gai diren ideiak, aliantzak eta soluzioak sortzen diren lekua bihurtu nahi du.
Profesionalentzako izen-ematea zabalik dago oraindik, eta kongresuaren webgune ofizialaren bidez egin daiteke. Horrez gain, herritarrek dagoeneko doan erreserba dezakete urriaren 15eko arratsaldeko programazio berezirako beren tokia.
Informazio guztia hemen aurki dezakezue: https://adinberrilongevityforum.com/